argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Hamaika bitxilore
Jakoba Errekondo 2008ko martxoaren 12a
Bitxiloreak
Bitxiloreak
Landare jendearen artean, natura osoan bezala, akabera oro hasiera kate baten atari da. Etengabeko berrikuntza eta gaztetzea dira iraupenaren, bizitzaren eta etorkizunaren kako. Neguaren amaia ospakizun, zezeileko hilbeila aipatzen nuen. Aurtengo neguari ez al zaio agurra arinegi kantatzen ari? Ahoa neurri ari da jendea udaberriaren alde. Nire begiz, azkartxo. Argi ibiltzen al garela, alegia.

Biharko egunez eguzkia ikusi baino artaldean otsoa hobea dela dio esaerak. Udaberriaren seinaletik baino, negu xelebre baten arrasto gehiago aditzen dut, bada neuk, bisurteko egunean. Eguneroko ez, baina ia biz behineko Orian barrena, beheko erriotik goiko errekarainoko joan-etorrian, negu arrunta batean pare bat edo hiru hilabetetan, bata bestearen atzetik loratzen diren landareak gaur ikusi ditut, lilidi batean. Udazkenaren amaian lorerik eman ezinik ibiliak eta lorea hemendik atzera, hilabetera ere eman beharko luketenak. Hau da hau lorearen emana! Ahaztutako baten bat gora behera, mimosa, muxika, forsitia, udarea, sagarra, elor beltza, magnolia, sahatsa, udaberri lorea, gerezi-erramua, gerezia, erramua, haritza, hurritza, irasagarra, irasagar japoniarra, pinu beltza, zumea, ote zuria, aran japoniarra, gogortxua, zumarra, ainarra, txilarra, erratz-txilarra, haltza, bioleta usainduna, makala, lizarra, kamelia, errododendroa, ilarra, aza, arbia, ilena, txikori-belarra, larrosa, girtangorria, zolda-belarra, hirusta gorria, jasmina, uztao edo migarratz txikia eta ilarrondokoa. Negu xelebrea, bai.

Hartu petxu! Hanka-hutsik oin baten pean hamaika bitxilore hartzeko adina jantzi den arte udaberria ez dela iritsi, dio beste esaera batek.