"Behin ere ez naiz atzerritar izan Kuban"

  • Juan Astigarribia. Euskadiko Alderdi Komunistaren idazkaria 1936ko Gerra Zibilaren garaian; Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzan Herrilan sailburua. Haren seme da Carlos Astigarribia Zabalegi, gerrako haurra, Bilbon jaio, Panaman hazi eta gaur egun Habanan bizi dena. Katearen begia dugu Carlos. Haurtzaro-gaztaroak ez ezik, hainbat urte igaro zituen aitaren ondoan. Habanako etxean, santutegia da oraindik aita zenak erabili ohi zuen logela. Han dira oraindik haren liburuak. Han, haren arima. Haren zigarro bata bestearen ondoan erretakoek utzitako ke-laino itogarria besterik ez da falta. Lekuko da haren seme Carlos.
Carlos Astigarribia
Carlos AstigarribiaZaldi Ero

Zure jaiotzaz galdetzeko esan didate Habanako lagunek. Badela hor jakingarri zerbait.


Zure lagun horiek nire lagunak ere badira… 1934ko azaroak 16 zituen. Bilbon gara, Zorrozan. Emakume bat, Josefa Zabalegi, erditzeko zorian. Orduan, bi guardia zibil sartzen dira etxera. Juan Astigarribiaren atzetik dabiltza. Gizona ez dago han. Josefari heldu eta estu hartzen dute, senarra non den esan dezan. Andreak, ez dakiela, ez duela aztarnarik, baina, jakingo balu ere, ez liekeela esango, badakiela kartzelara eramango dutela; kartzelara, edo auskalo nora! Ez zen Juanitoren bila heltzen ziren estreinako aldia. Izan ere, gure amak –Josefa Zabalegi hark, alegia–, mitin batean ezagutu zuen Juanito, Donostiako ur-kontagailu fabrika batean. Gure aitak hainbat mitin egin ohi zituen, Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari zenez, eta ordurako emaztea ohituta zeukan kartzelara bisitan joaten. Kontuan hartu, gainera, gizona politika gorabeheragatik zuloan zeukan emakumeak gorriak ikusi beharrean zegoela; gaur egun ere hala da, baina nik esango nuke askoz ere latzago zela orduan.


Josefa Zabalegi erditu, eta zu jaio zinen.


Bai, baina zaude, zaude! Bi guardia zibil haiek ez zuten gure amaren logelatik irten nahi. Ezetz! Esateko non zen Juan Astigarribia! Sendagileak ere, handik aldegiteko, faborez. Bada, ez ziren irten! Gelan geratu ziren, paretari begira, gure ama erditu bitartean. Horrela jaio nintzen: amaren amorrazio guztia sabelean bildurik, eta “benemeritaren” zaintzapean.


Juan Astigarribia zenuen aita, esan duzu. Euskadiko komunisten idazkaria…


Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzan Herrilanetako sailburua izan zena. Gure aita donostiarra zen. Mutil koxkorretan hil zitzaion ama eta, orduan, aita (Gregorio), hartu Juan eta Ferrolera (Galizia) joan zen lanera. Bazan ontziolan hasi zen. Han berriz ezkondu eta familia gehiago izan zuen. Gure aita itsasoan hasiko zen lanean hamasei urte bete zituenean. Lehenengo, txo hasi zen, eta gero gerrako itsas armadan egin zuen soldadutza. Itsasontzian, alde batetik bestera ibili zen eta kontua da 1925ean Irunen zela, Zapirain anaiekin batera, Marxen Kapitala irakurtzen, eta Euskal Herria alderik alde korritzen, proselitismo lanetan. 1934an atzera Euskadira itzuli zen, baina ezkutuan, klandestino. Euskadiko Alderdi Komunistaren idazkari izendatu zuten. Gutxi ziren, baina onak, nonbait. Dolores Ibarruri, Jesus Larrañaga edota gure aita bera dira adibide.


1936an, Herrilan sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirrek…


Batasun nazionaleko gobernua zen. Francoren kontrako indar politiko guztiek parte hartu zuten han. Lehendakariak Bilboren defentsa antolatzeko agindua eman zion gure aitari, Aznar eta Leizaolarekin batera. Bilbo 1937ko ekainaren 19an erori zen, baina ordurako Euskal Herriko haur asko, milaka haur, erbestera bidean ziren. Arreba eta biok Moskura bidean jarri gintuzten, Bilbo erori baino sei egun lehenago, ekainaren 13an. Egoera larria zen. Santurtzitik irten eta Leningradora iritsi ginen, Le Havretik igaro ondoren. Taldearen arduradun Bizente Delgado genuen. Neska bat ere bazen, haur txikienak zaintzen zituena, ernea, iharra, adore handikoa. “La Pericacho” esaten zioten… Ni ez nindoan bakarrik. Nirekin zen arreba, Rosa, ni baino urtebete zaharragoa... Berak hiru urte eta erdi zituen! Hala ere, Rosa izan zen nire zaintzailea Moskuko Omniskoye haurtzaindegian. Haurrak ginen artean, baina irudipen horixe daukat, alegia, Rosak zaintzen ninduela, berak ematen zizkidala nik behar nituenak: jostailuak, janaria eta beste. Dena dela, han zen beti “La Pericacho”, benetan gu zaintzen gintuena. Asko kantatzen genuela ere gogoratzen naiz.

El roble y la ceiba liburuan irakurri dudanez, laster elkartu zineten familia osoa.


1939an, gurasoak Frantziara igaro zirenean. Eskatu egin gintuzten, haiekin nahi gintuztela. Parisen eta Marsellan bizi izan ginen. Hantxe izan nuen lehenengo bizikleta, eta argazki bat ere gorderik dut oraindik garai hartakoa, bizikletari helduta. Hantxe egin nituen lehenengo lagunak. Europako egoera okerrera ari zen, ordea, eta gurasoek Amerika honetara etortzea erabaki zuten. Frantzian bulego bat ireki zuten Espainiatik ihes egindako errefuxiatuak beste herrialde batzuetara bidaltzeko. Horrelaxe irten ginen handik, 1940an. Hor ere bada kontatzekorik. Marsellatik Dominikar Errepublikara bidean jarri ginen frantziar ontzi batean. Commisaire Rammel zuen izena. Panama Hiria jo eta gurasoek bertan geratzea erabaki zuten. Itsasontziak gu Panaman utzi eta, itzulian zela, hondoratu egin zuten alemanek!


Hori duk eta!... Eta zer bizimodu Panaman?


Umeoi zegokigunez, eskolara. Ordurako zazpi urte zituen Rosak, eta nik berriz, bost. Oraindik gogoratzen naiz zer uniforme janzten genuen eskola publikorako, kaki koloreko prakak, alkandora zuria, gorbata beltza. Gainerakoan, jolas! Oso zaletu nintzen futbol eta beisbolera. Jokatu ere egin nuen bietan. Orain ez dut jokatzen, baina itsua naiz, bien zale amorratua. Kirol zale porrokatua naiz, izan ere. Panaman ginela, hirugarren umea izan zuten gure gurasoek: Enrike. Iritsi ginenean Arnulfo Arias zen presidente, hauteskundeak irabazi berria. Urte batzuk geroago Panamak izan duen lehen presidente emakumezkoaren senarra izan zen Arias hura. Bigarren Mundu Gerra garaian, Japon gerrara sartu zenean, japoniarrek herrialdean zuten merkataritza guztia haiei kendu eta panamarren esku jarri zuen.


Zertan zen Astigarribia Zabalegi familia garai hartan?


Arrebak Lehen Hezkuntza bukatu eta Merkataritza ikasi zuen aurrena eta Ekonomia ondoren, Panamako Unibertsitatean. Hantxe ezkondu zen, unibertsitateko irakasle batekin, eta hantxe bizi da oraindik. Ez diote gerrako haurra denik aitortzen, legeak eskatzen dituen betebehar zenbait betetzen ez dituelako. Hori ere bada! Enrikek Fisika eta Kimika ikasi zituen AEBetan, Berkeleyn, eta han bizi da. Niri dagokidanez, batxilergoa egin nuen lehenengo, eta gero berriz, Kimika eta Biologia arrebak ikasitako unibertsitate berean. Panama zementu fabrikan lan egin nuen zortzi urtez, harik eta aitak Kubara etortzeko asmoa agertu zidan arte. Denera, hogeita bi urte egin nituen Panaman.

Aitari jarraika heldu zinen, beraz, Kubara.


Ez nuen loturarik, ez nengoen ezkonduta, eta Kubara aitarekin! Panaman geratu ziren ama eta. Ni Panaman hazi nintzen, bertako nintzen, eta lagunak zeharo harritu zitzaizkidan bertako pasaportea egin behar izan nuenean herrialdetik irteteko. Espainiak ez zidan berehalakoan emango! Hemezortzi urte nituela, soldadutzara joateko deia jaso nuen, Espainiaren deia, eta jakina, ni ez nintzen azaldu… 1962ko martxoaren 23an heldu ginen Kubara, eta segituan hasi ginen lanean. Aita Filosofia irakasle hasi zen Habanako Unibertsitatean. Ni, Martires de Artemisa izeneko zementu lantegian, laborategi arduradun. Urrian, krisia, eta gu fabrikan itxita, gatazka konpondu zen arte. Handik bi urtera, lanera bulego nagusira joan nendin eskatu zidaten, Kalitate kontrola zuzentzeko; saileko buru. 1970ean labeetako teknologo lanean jarri ninduten eta huraxe egin nuen 1995ean erretretan sartu nintzen arte. Hogeita hamahiru urtez lan egin eta gero, 61 urte nituenean.


Elkarrizketa baino lehen, zuen aitaren gela erakutsi didazu. Ke-laino itogarriaz mintzatu zatzaizkit, haren liburuak erakutsi dizkidazu… Dolores Ibarruri, Luis Michelena, Jesus Galindez, Julio Caro Baroja eta besterenak…


1973an eman zidaten etxe hau, emaztearekin nintzela. Aita gurekin bizitzera ekarri nuen, Kubara joan eta gero zein bere etxean bizi izanak ginen-eta. Handik bost urtera sartu zen aita erretretan, 1978an, 77 urte zituela. 1980an, berriz, Franco osteko Euskal Gobernuak biziarteko pentsioa eman zion. Lehenengo Jaurlaritza hartako bizirik irauten zuten bi sailburuetako bat zen Juanito. Orduan, Donostiara joan eta Zorroagako zahar etxean bizi izan zen, ondo. 88 urte zituela hil zen. Ama, lau urte lehenago, Panaman. Bien hilobiak bisitatu ditut, jakina. Aitarena, Euskal Herrira egin nuen lan-bidaia bat baliatuz ikusi nuen, 1994an.


Euskal Herrian jaioa, Frantziako erbestean haurretan bizia, Panaman hazia, bizimodua eta familia Kuban egina…


Angolan ere izana…

Kubak Angolarekin duen harremana bitarte?


Bai. Hantxe igaro nuen 1983a. Beste zenbait kubatarrekin batera joan nintzen Angolara, Lobitoko zementu lantegian laborategi-buru lanean. Eta, sinetsi gero, huraxe izan da bizi honetan izan dudan esperientziarik gogorrena: gaizki baino okerrago eraman nuen familiatik aparte egotea. Orduantxe jabetu nintzen zer hutsune zekarren distantzia horrek, eta nolakoak ikusi behar izan zituzten gure gurasoek, elkarrengandik urrun egon behar izan zuten garaian. Gainerakoan, behin ere ez nuen ikusi angolarra baino jende apal eta errespetu handiagokorik. Benetan diotsut.


Euskal Herrian ere izana zara…


Eskutitza, oharra edo dena delako idazkia idazten ari nintzen heldu zarenean. Zuri emateko, Euskal Herriari diodan atxikimendua agertzeko asmotan.


Zer diozu bertan?


Ez dizut orain osorik irakurriko, ala?


Paragraforen batzuk, besterik ez bada ere. Patxadaz irakurriko dut etxean…


Horra, bada, pasarteren batzuk: “Behin ere ez dut ahaztuko Euskal Herriko agintariek gonbit eginik herri hartan izan naizen bi aldietan jaso dudan maitasuna. Lehenengo aldiz, 2006ko urrian, lehen Eusko Jaurlaritzaren 70. urteurrenaren ospakizunetan. Hiru euskal lurraldeak ezagutzeko zoriona izan nuen, haren naturaren ederraz gozatu nintzen, eta gizarte eta industria-garapenaz jabetu. Ospakizun egunean, Gernikan egin zen ekitaldian izan nintzen, eta oraingo lehendakari Ibarretxe ezagutu nuen, bai eta aurreko biak ere, Garaikoetxea eta Ardanza. Ekitaldi ederra izan zen, izugarria. (…) Urte bereko abenduan joan nintzen bigarren aldiz, Eusko Jaurlaritzak gonbidaturik. Donostian kale bati gure aitaren izena eman zioten, eta Nestor Basterretxeak monumentua egin zion. Eskultorearen lana ikusi eta gure aitak bizi honetako egite guztietan erakutsi zuen bertikaltasunaz jabetzeko moduan gara. Dena dela, ez nuen ekitaldi honetara joaterik izan, bihotzekoak eman zidalako: emozio larregi denbora gutxian!”.


Hori ere bai?


Bai, hori ere bai. “Basurtuko ospitalera eraman ninduten berehalaxe, zorionez. Are eta zorion handiagoa, Ibañez de Maeztu doktorea zen zaintzako kardiologoa. (…) Kataterismoa egin zidaten, eta ebakuntza. Esker oneko natzaie denei, bateko eta besteko sendagileei, ospitaleko zuzendariari, eta erizainei. Ezin hobeto zaindu ninduten. (…) Gaur egun, primeran nago osasunez”.


Carlos, esadazu: Kuba.


Kuba? Zer esango dizut, bada? Berrogeita bost urte baino gehiago egin ditut bertan. Familia osatu dut. Maitatu dut eta maitatu naute. Hemen izan ditudan liskar eta haserreak beste inon ere berdin-berdin izango nituen. Behin ere ez naiz atzerritar izan bertan. Pozik eta gogo onez saiatu naiz hemen egokitu zaizkidan lantegi guztietan. Gaur egun, 74 urteon zama ere bai bizkarrean eta familia zoriontsu izan dadin besterik ez daukat gogoan. Egunero saiatzen naiz bizitzaz gozatzen, horretan saiatuko naiz ahal dudan arte: eguzkia, hondartza, dominoa, kirolak, ilobak ikusteko bidaiak egin, diruaren kezkarik ez izatea, diren eta ez diren kirol guztiak ikusi telebistaz… Nik esango nuke ez naizela alferrik bizi izan.
Nortasun agiria
Carlos Astigarribia Zabalegi (Bilbo, 1934). Lehenengo Eusko Jaurlaritzako Herrilan sailburu Juan Astigarribiaren eta Josefa Zabalegiren semea. Gerrako haurra. 1936an irten zen SESBra, Rosa arrebarekin batera. 1939an Frantzian elkartu zen atzera familia osoa. Panaman ziren 1940an. Ikasketak egin eta kimikari jardun zuen zortzi urtez zementu lantegi batean. Hogeita bi urte iragan zituen Carlosek Panaman. 1962an Kubara joan zen, aitarekin batera. Martires de Artemisa zementu fabrikan hasi zen, laborategi-buru. Kubatarra egin zuen lehenengo emazte; bi seme izan zituzten, bata Miamin bizi da, bestea Vedadon (Habana). Lanean ari eta Industria-ingeniaritza ikasi zuen. Bigarrenez ezkondu eta alaba izan zuten, Miamin bizi dena gaur egun. 1994an izan zen lehenengo aldiz Euskal Herrian, lanera joanik. Orduantxe bisitatu zuen aitaren hilobia Donostian. Herrialde miresgarria iritzi dio Euskal Herriari, baina ez du Kubatik aldegiteko asmorik. Zoriontsu da bertan.
Txolarreak
Ondo, lasai bizi da Carlos Astigarribia Zabalegi Kuban. Kezka handirik ez. Horretan aitaren ezpal berekoa dugu semea. Aitari ere, adin handia iritsi, galdera egin eta erantzun omen zuen: "Horrela doa nire bizitza: batetik, hemen ikusten ditudan arazoak; bestetik, gizateriaren patua. Eta txolarreekiko ditudan harremanak, oso tripazainak dira-eta".
Espainiar pasaportea
"1990 inguruan, Espainiako Gobernuak hiritartasuna aukeran eman zion arrazoi bat edo beste tarteko hari uko egin behar izan ziotenei. Berehala hasi nintzen betebeharrekoak betetzen eta, 1994an, espainiar pasaporteaz jabetu nintzen. Horrek hainbat onura ekarri dit. Abantailak. Pentsioa dugu, bat, baina ez da bakarra. Bidaiak egiteko erraztasunak eta beste. Emaztea eta biok, adibidez, bidaia bat baino gehiago eginda gaude Imsersoaren bidez".
Zeru-lainoak
"‘Espainia osoan zerua lainorik gabe dago’. Horixe zen jeneral faxistek adostutako seinalea Errepublikaren kontrako altxamenduari ekiteko, Ceutako irratitik igorri zutena. Errealitateari aurrez aurre begiratzeari uko egin ziotenak beste inor ez zuen harritu altxamenduak, denbora zen-eta konplota prestatzen ari zirela. Uztailaren 17ko ilunabarrean matxinadari buruzko lehen berriak iritsi ziren Madrilera, Ceutako herriko etxetik telefonoz bidalitakoak. Gauean, Marokoko tropak Errepublikaren kontra altxatu zirelako albistea heldu zen. Biharamunean, uztailak 18, penintsulako probintzietako soldadu-taldeak altxatu ziren. Sanjurjo, altxamendu zuzendu behar zuena, hegazkin istripuan hil zen, Portugaldik Espainiara zihoanean. Ondorioz, Franco jarri zen matxinatuen buru". (Carlos Astigarribiak idatzitako pasarteak)

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude