Utikan idazle tristeak

  • Herrikoia zeukan P. Z.-k, Gasteizko Plaza Berrian zegoen liburudenda ttikia, eta Mertxe, eta Mario, eta Xabi, eta… liburuak maite zituzten lagunak, konplizeak. Baina tamalez itxi egin zuten, itxiarazi, eta Baztertxo taberna zabaldu zuten gero… Akabo bertan egiten ziren ekitaldi eta liburu aurkezpen gogoangarriak –Maribi ere laster joango zen Axular liburudendarekin batera–.
Patxi Zubizarreta
Patxi Zubizarreta idazleaZaldi Ero
Jakintza liburudenda geratu zitzaion P. Z.-ri, eta Maite, eta Bego, baina megadendak nagusitu ziren gero, Elkar, Casa del Libro edo Boulevard merkatalgune tzarreko Abac, hain inpertsonal, hain hain... Eta P. Z. halako iragan minarekin zebilen, hotzikara batek etengabe zeharkatuko balu bezala. Aldi berriak zetozen. Eta hotsa zabaldu zenean Gasteiz hirigunean geratzen ziren zinema bakanak –Guridi eta Florida– apartamentuak egiteko itxiko zituztela, hotzikara zorabioa bilakatu zitzaion. Aurrerantzean non babestuko zen?

P. Z. noragabetuago ibiltzen hasi zen eta alde zaharreko katedral zaharraren ingurutik igarotzen zenean, zorabioa goragalea bilakatzen zitzaion. Gogoan zuen eraikin xarmagarriari buruzko liburu bat enkargatu ziotela Arabako Aldunditik, liburua mimatu egin zuela eta halaxe argitaratu zela Pamielaren eskutik. Baina liburu hura apenas egon zen liburudendetako erakusleihoetan. Aldundian, kulturan EA zegoela argitaratu zen, baina berehala PP heldu zen, eta akabo liburua: bazirudien aurrekoak egindako guztia garbitu beharra zegoela, guztia katedrala salbu. Kultur Etxean ere lehenago hamaika ekitaldi egin ziren –kasik gehiegi–, baina PPren etorrerarekin batera amaitu ziren denak. Eta tamala izan zen: PPko Oyarzabalek adierazi zuen bere alderdia nazionalistak baino gehiago saiatuko zela euskararen alde, eta P. Z.-k, xalo samar artean, sinetsi nahi izan zuen –sinetsi nahi edo (orain atzera etorri da EA eta berriro ere euskarazko ekitaldiak itzuli dira Kultur Etxera. Nola deitu behar zaio horri: kultur politika, kultura politizatua, menpekotasun kulturala…?). Eta P. Z.-ri goragalea ongieza bilakatzen zitzaion jakiten zuelarik katedraleko fundaziotik Pablo Coelho, Boris Izaguirre, Mercedes Milá edo Rosa Villacastin bezalakoak gonbidatu zituztela hitzaldiak eskaintzera.

Noragabetu eta mingulin, P. Z. egun batez Eltziegon agertu zen. Ardoak gero eta gehiago berotzen zion barrena, denbora gutxirako bazen ere bihozberritu egiten zuen. Baina heldu da Frank Ghery-ren eraikuntza titaniozkora eta, Kixote haize erroten aurrean bezain ezindu, goragalea bihotzondokoa bilakatu zaio goardiak sarrera debekatu dionean. Bertan ostatua izan ezean, bisita programatu bat izan ezean, ez ardo ondurik ez pattar indarberritzailerik. Eta are gehiago goibelduko zen, baina hara non une hartantxe auto ofizial bat irten zen, eta handik gutxira, oinez, orduko diputatu Rabanera, EArekin zein PPrekin kulturan lardaxkan betikotu den funtzionario batekin eta, azkenik, Ken Follet musugorriarekin! Funtzionarioak P. Z.-ri ezikusia egingo ziokeen, baina hain zegoen hurbil, eta Rabanera beti izan da hain jendearekikoa, azkenean elkarren aurkezpenak egin behar izan zituzten. Funtzionarioak orduan oroitu zuen P. Z.-k liburu bat egin zuela katedral zaharrari buruz. Eta hori esan eta Ken Folleten begi berez dirdaitsuetan txinpartak ateratzea, dena bat izan zen. “Deituidazu!”, agindu zion aurkezpen txartela ematearekin batera, eta begirakune kasik mistikoa titanioari zerion mahats helduaren koloreari josi zion. “Ez ahaztu!”.

Epifania baten gisara, titanioak zeruaren gorrizta eta gero iluna islatzen zituela, P. Z. ez zerurako ez lurrerako geratu zen. Zinez ikusiko al zituen pertsona haiek, idazle jainkotuak benetan hitz egin al zion? Txartela, baina, eskuetan zeukan, eta begi arranpaloekin begiratzen zion. Hurrengo batean deitu ere egin zion, eta idazleak lehenbailehen Galesera joateko agindu zion, eta ez ahazteko liburua eramatea. Dena tximistaren pare gertatu zen: bat-batean Galesko landetxe zoragarri batean zegoen, Ken Follet Eltziegoko ardoarekin ari zen beraren alde topa egiten, eta denen artean –batik bat besteek– idatziko zuten best-sellerraren alde. Eta P. Z.-ri ez zitzaion kostatu bere zalantzak uxatzea: idazle handiarentzat lan egingo zuen, giro onean eta diru sari ederrarekin, eta harrezkero nora joan, han erakutsiko zuen maisuaren irri firfira bera. Zoriontsu zen. Akabo aldi ilun eta hertsi hura. Aldi berriak zetozen.

Apur bat urduritu zen, hala ere, liburua amaitu eta gaztelaniazko aurkezpenaren eguna hurbiltzean. Gasteizera Ken Folletekin itzuli, eta bere maisuarekin otordu eta otoruntza guztietan ibili zen, irri firfira ahoan. Haren eskultura inauguratu zuten, hitzaldira aurreko idazleen saio guztietara baino askoz ere ikusle gehiago joan ziren, eta Dato kaleraino luzatu zen sinadurazaleen ilara: bai, ederra zen bere hitzak, bere hitzaldia maisuaren ahotan entzutea. Portalon jatetxe bikaina beraientzat bakarrik zabaldu zuten eta petit comitén dastatu zituzten hango jaki deliziosoak.

Biharamunean Eltziegora
itzuli ziren eta oraingoan P. Z.-k ate guztiak izan zituen zabalik. Sartu bezain laster hamaiketakoa eskaini zieten –jatekoak zerrendatzeak luze, oso luze joko luke– eta idazlearen jaiotza urteko ardoa zabaldu zuten, hots, 1949koa. Eta topa egin zuten, eta norbaitek esan zuelarik Noah Gordon-ek Kataluniako mahasti eta upelategietan oinarritutako nobela argitaratu berria zuela, “Kabroia!” atera zitzaion galestarrari. P. Z.-k ere, gero eta hiztunago, gaineratu zuen Woody Allenek azken filma errodatzeko Bartzelona aukeratu zuela, eta EAJko agintariren batek esan egin zuen zenbat zerotakoa zen hiriak luzatutako eskupekoa, eta azti ibili beharra zutela hurrengoa Gasteizen egin zezan. Baina orduan PSE-EEko agintari batek hartu zuen hitza eta, ezker begia Folleti kliskatuz, sekretua jakinarazi zuen: “Hurrengo best-sellerraren kokalekua Iruña-Veleia izango da, hemen, Araban!”. EAJkoak listua irentsi zuen, baina ordurako Ken Folletek kopa altxatua zuen eta nobela berriaren alde topaka zebilen. P. Z. pozarren zegoen, txispaturik ere bai eta EB-IUko zinegotzi bati entzun zion eskulturarenak hautsak harrotu zituela, bai, baina dena aurretik prestatua zegoela kultureta jendearen haserrea desbideratzeko eta nobelari berari buruzko eztabaida ekiditeko.

Azken batean sortzaile jendez inguratua zegoelakoan, P. Z. harropozturik joan zen komunera, eta are gehiago poztu zen zereginak egin bitartean argi automatikoa itzali ez zelako. Gorroto zuen txiza egin bitartean komuneko argia itzaltzea. Gero, aurpegia freskatu bitartean, ispiluak islatzen zuen bere irri firfirari erreparatu zion. Argi zuen beste zenbait urtetarako lan faltan ez zela egongo. “Ze tristeak idazle tristeak”, pentsatu zuen bere artean. Eta pentsatzen jarraitu zuen harrezkero partyetara sarriago joan beharra zeukala, Britainia Handira bueltan Xabi Alonsorengana ere inguratzea komeni zitzaiola, futbol girotxoak on egingo ziola inondik ere, eta, finean, maisuarentzako hurrengo nobela idatzi eta gero, han eta hemen agertu eta harreman mediatikoren bat izan eta gero, bere aldetik idazten jarraituko zuela. In english, of course. Ispiluaren aurrean, Amaierarik gabeko mundua liburuaren kontrazaleko argazkian Folletek erakusten duen postura bera itxuratu zuen. Irri firfira algara bilakatu zitzaion. P. Z. pozak zoratzen zegoen.

Azkenak
Yamili Chan Dzul.Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Jesús Rodríguez
Etxegabetzeen aurrean, irabazteko antolatu

Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]


Arabako musika kolektiboak
Guk geuk, geure erara

Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]


Teknologia
Bilakaera kontzientea

Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.

Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Iruzurgile ala matxino?

Judea, K.o II. mendea. Erromatar probintziako giro nahasi betean, Gadalias eta Saulosen kontrako epaiketa egin zuten, iruzurra eta zerga-saihestea leporatuta. Epaiketaren berri grekeraz idatzitako 133 lerroko papiro batean jaso zuten (argazkian). Dokumentu nabateoa zela... [+]


DeepSeek, geopolitikaren lubaki berria

Silicon Valleyko enpresa teknologiko handienei zaplazteko ederra eman die DeepSeek-ek. Adimen Artifizialeko chatbot txinatar merke eta berriak zalantzan jarri du AEBen nagusitasuna arlo horretan, eta erakutsi du ez dela milaka milioi diru behar modelo aurreratu eta efizienteak... [+]


Roberto Valencia, kazetaria El Salvadorren:
“Bukele diktadorea da, baina milaka pertsonaren bizimodua askoz hobea da egun duela hiru urte baino”

Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra... [+]


Eguneraketa berriak daude