Pago loreak
Erantzita, neguan, azal bizitan, larrugorrituta, landare asko aritzen da lanean, jo eta jokatzeko lanetan. Urte zaharreko solstizioko egun motzenetan inork, neguaren zezeileko bihotzenean gutxi batzuk –aurtengoan hurritza, otsaileko eguzkia baino txoroago–, eta sasoi berriko soinekoaren probatan hasten direnean beste batzuk.
Ugalketa lotzeko, ondorengoak ekarriko dituzten haziak onduko dituzten fruituak haziko dituzten loreak ernaltzeko, arraren eta emearen arteko polenaren garraioa haizeak egiten dion landareak bi aukera ditu: hostaje-jantzia erantzita larrua bizirik deneko tartea loratzeko baliatu, edo hostotuta dagoenean adar buruaren muturraren puntaren puntako erpinean zabaldu lorea. Biak estrategia egokiak dira loreak haizeari eman behar dizkion polen aleak ahal bezainbeste hedatzeko. Lehenak ditu, ordea, zale gehien.
Neguan loreak zabaltzea kirtenkeria galanta dirudi, hotza eta izotzaren mende bailirateke. Balizko kalte horiek saihesteko, hurritzak (Corylus avellana) lorea neguaren hasieran ernaldu eta begi pinporta barruan babestuta jasotzen du, gero, udaberrian, hostoekin batera zabaltzeko. Beste batzuk, gehienek –haritz, intxaurrondo, pago, pinu, ler, xarma, astigar...–, izerdi berriarekin sasoi berrasian, neguaren hilbeila eta hiletetan hostoak erabat zabaldu aurreko tartetxo horixe hartzen dute loretarako. Begiak lehertu eta hostoak zabaltzerako, loreak helduta daude, eta haizeari polena eman eta eman ari dira. Geroxeagorako utziz gero hostoek polenaren garraioan enbarazu, loreen ernalketarako oztopo eta fruituak, haziak eta ondorengoak ematea eragotziko lukete. Sasoi berria hasia izango denez, ernaldutako lore horiek jelaren beldur gorde beharrik ez, eta sasoi horretako izoztetxoetatik babesteko nahikoa izango dira hazten ari diren hosto berriak berak.
Hostoz jantzita denean lan honetara ematen den landare bakanetakoa da gaztainondoa (Castanea sativa) eta lasai, eserita itxaron, sasoia heltzen denean dantzatuko dugu... haizearekin ufaka!