Martxoaren 3an 32 urte bete dira Gasteizen Espainiako Estatuko poliziak bost langile hil zituenetik. Sarraski hura gertatu zenean Manuel Fraga Iribarne zen Gobernuko ministroa, eta beraz, baita poliziaren arduraduna ere. Operazio poliziala elizan batzarra egiten ari zen langile talde bakezale baten aurka izan zen. Langileak eta hainbat herritar lan eta gizarte aldarrikapenen alde egiten ari ziren greba orokorraren barneko ekintza zen batzar hura. Hildakoez gain, zaurituak eta atxilotuak ere izan ziren. Orduz geroztik, euren senide eta lagunek Estatu terrorismoaren biktima izendatzeko borrokan dihardute, baina alferrik izan da. Ikerketa zehatz batez gain, hilketaren inguruko erantzukizun politikoak eskatzen dituzte. Lakuako eta Espainiako Gobernua, ordea, isilik egon dira urte askoan.
Gasteizko Parlamentuak Espainiako hiru ministro ohi deklaratzera deitu zituen azkenean: Fraga, Martin Villa eta Alfonso Osorio. Garai haietako Sindikatu Harremanen Arloko ministroa eta Lehendakaritza Saileko ministroa ziren azken horiek, hurrenez hurren. Ez daude horretara behartuak, ordea. Fragak (Alianza Popularreko sortzaile eta PPko egungo lehendakariak), erantzukizuna saihestu du eta jada iragarri du ez dela epaitegian agertuko. Une hartan Alemanian zegoela argudiatzen du, bidaia batean. Egun horietan tiro egiteko agindu zuen Ministerioko titularra izateari utzi ziola, alegia. Ziniko eta lotsagabe halakoa! Ez dugu zertan harritu, 32 urteren ondoren ez baitute sarraskia gaitzetsi eta euren biktima eta senideei ez diete barkamenik eskatu. Badira askoz erantzukizun gutxiagogatik legez kanpo utzitako alderdi abertzaleak eta kartzelaratutako ehunka euskaldun.