«EAJk politika zentralistak babesten ditu, EAk ez»

  • Legazpi, Telleriarte auzokoa; 1967 (Gipuzkoa). Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua. EAko Batzorde Nazionalaren kidea da: gizarte eragile eta sindikatuekiko harremanen arduraduna.
    Eusko legebiltzarkidea da. Alderdi honen izenean Espainiako Kongresurako hautagai nagusia Gipuzkoan: “Kanpainan gaude eta PPk nahiz PSOEk herri honen egoera txarra baliatzen dute botoak biltzeko. Egoera normalizatuan bizitzeko eskubidea daukagu euskal herritarrok”, esan digu.
    Mendian ibiltzea du gustuko. Alabaina, ondo bidez, diputatua izanez gero, Madril izanen du ibiltoki.
Nekane Altzelai
Nekane Altzelai EAko Batzorde Nazionalaren kideaJunkal Amores
Joseba Azkarraga, Esther Larrañaga, Inaxio Oliveri eta Begoña Lasagabaster kideek (EA) Espainiako Kongresuan bete zuten aulkian esertzeko prest dago Nekane Altzelai. Ilusioz hartu du betekizuna: “Izendapenak orain arteko lana ongi egin dudala berretsi dit, alderdiak emandako konfiantzari arduraz ekin nahi diot”. Eusko Legebiltzarrean defendatu ohi duen lema eraman nahi du Espainiako Kongresura: “Parlamentariok Gobernuaren politikaren kontrola bermatu behar dugu”.

18/98 auzia tarteko, alderdi abertzaleak ez zarete gauza izan testu bateratu bat onartzeko Eusko Legebiltzarrean.


Ez da izango saiakerak egin ez zirelako. Alderdi bakoitzak bere erantzukizuna du noski. Historia pixka bat egitea komeni da hala ere. Duela bi aste, EHAKko legebiltzarkideek legez kanporatzearen aurkako proposamen bat aurkeztu zuten. Hirukoak eta Aralarrek testuari oniritzia eman nahi izan genion, baina ez zuten proposamena eztabaidatzea onartu. Ilegalizazioaren aurkako gure jarrera ez zuten aintzat hartu nahi izan.

Astebetera, berriz, 18/98 auzian gertatuaren aurkako proposamena planteatu zuten EHAK-ko ordezkariek. Hirukoak zuzenketa bat egin eta zuzenketa ahalbidetzen duen testu bateratua osatzea proposatu zuen, aurreko egunetan gertatu zena ekidin aldera. EHAK-k testu originala aurkeztu zuen eta hirukoak eta Aralarrek bakoitzak berea. Aurreko astean ez zuten gure bozka nahi, orduan aldiz bai. Baina guk gure zuzenketak erretiratzeko baldintzarekin: “Gure testuaren alde bozkatu behar duzue” esan ziguten. “Testua hobetu daiteke, hobe denon ikuspegiak bateratzea” esan genien. Bada, ez zuten nahi. Hirukoak Aralarrekin testua adostu zuen, baina Ezker Abertzaleak taldeak ez.

Hauteskunde garaia izanda, kutsu partidista sumatu du batek baino gehiagok.


Noski, kutsu partidista agerikoa da. Baina biktimaren jarrera hartu dutenak ari dira alderdikeriatan. Lehenik, EHAKri ez zaizkio gure esanak sinesgarriak iruditu, gero ez dituzte gure zuzenketak onartu izan eta hauteskundeei begira biktimen rola hartu dute. Jarrera zilegia da, baina gertatua beren joeraren ondorioa da. Hirukoaren aldetik ez da alderdikeriarik izan. Lau alderdik eztabaidetan bat egin dute. Haiek ez. Zein ari da alderdikeriatan?

Hauteskunde orokorrak heldu dira eta ANV nahiz EHAK ilegalizatuta daude.


Alderdien Legearen aurka gure jarrera garbia da, ezaguna. Bazterkeriak ez du ezer konpontzen. Herritar orok funtsezko eskubidea dauka bere ideiak ordezkatzen dituen alderdi bati bozka emateko. Ez EHAK-k ez ANVk ezin dute aurkeztu eta euren aldeko botoek ez dute ordezkaririk izango. Guk edonola ere, herri honetako parte baten ordezkariak bezala aitortzen ditugu.

Nola bizi izan duzu ezker abertzaleak deitutako azken greba orokorra?


Guk ez genuen grebaren aldeko jarrera hartu, egokia ez zelako. Hurrengo larunbatean aldiz, kontzentrazio bat egin genuen ilegalizazioaren aurka. Gu ere kalera atera ginen, ezker abertzalearen ilegalizazioaren aurka aritu gara, baina gure modura.


LABek Joseba Azkarraga sailburuari gobernadore zibilaren gisa aritzea leporatu zion.


Greba guztietan gorabeherak daude. Greba eskubidea errespetatu behar da, baina greba egiten ez dugunon eskubideak ere errespetatu behar dira eta hainbat kasutan ez da horrela izaten. Hori ere esan behar da. Niri ez zaizkit batere orekatuak iruditu Azkarragari ezker abertzaleak egin dizkion kritikak. Azkarragak greba ez zela komunikatua izan esan zuen, baina berak ez zuen greba ilegalizatu. Azkarragak ez zuen inongo neurririk hartu greba egin zutenen aurka edo egin ez zedin. Horren froga da greba egin zela, eta grebalarien aurkako auzirik ez dela zabaldu. Ez dut ulertu LABen kritika hori, neurrigabea izan da.


Gipuzkoako zerrendaburua zara Espainiako Kongresurako. Zein dira EAren ardatzak kanpainan?


Erabakitzeko eskubidearen alde zentratuko dugu gure kanpaina. Aldi berean baina, Estatuak hainbat eskuduntza izan baditu, kasurako Gipuzkoan, eta horiek aldarrikatzen saiatuko gara. Bi eremuak ezberdinak dira baina biak landu behar ditugu. Gobernuari bere erantzukizunak bete ditzala eskatzen ari gara. Estatuak inbertsioan, ikerkuntzan eta lan baldintzetan dituen erantzukizunak bete ditzala.

Espainiako Estatuaren marko juridiko-politikoa aldatzea posible ikusten duzu datorren legealdian?


Kongresuko azken agerraldian Zapaterok esan zuen Estatuko autonomien erreformak egiteko garaia bukatu dela, lan hori burututzat eman zuen bere Gobernuak. Baina iniziatiba ez da Estatuarena ez alderdi estatalena. Eusko Jaurlaritzako hirukoak zentzu horretan egin zuen Estatutu Berrirako proposamena. Beraiek nahi dutena esanda, baita ezetza berriz ere emanda, guk gure proposamenak aurkezten segituko dugu. EAEko gehiengoaren aurka egiteko dituzten argudioak azaldu beharko dituzte behin eta berriz.


Arazoak berean segituko du.


Bai, ez dute onartzen euskal herritarrok subjektu politikoa izatea. PPren jarrera ezaguna da, argi eta garbi: ez du onartzen Euskal Herria subjektu politiko bezala, ezta aitortu ere. PSOEk aldiz era sibilinoez “elkarrekin bizi gara eta elkarrekin erabakiko dugu” esaten du. Lema hori bada ere, ez dute Euskal Herria onartzen subjektu politiko bezala. Berauek argitu behar dute jarrera hori, erabakitzeko eskubidea norbanakoari dagokion oinarrizko printzipioa da eta demokrata den orori dagokio onartzea. Onartzen ez duten bitartean justifikatu beharko dute eskubideen murrizketa hori. Baina berriz diot, iniziatiba ez da beraiena Euskal Herriko herritarrena baizik. Nik ez dut Espainiako inorekin zertan erabaki behar, nire etorkizuna neuk erabaki behar dut.


EAJko Emilio Olabarriak “marko juridiko-politikoaren irtenbidea Estatuko periferiako botereak indartzea dela” dio.


Ondo. Baina periferiako botereen jarrera zertan datzan azaldu beharko digu lehenik eta behin. Emilio Olabarriak esan beharko digu zergatik EAJk eman dion babesa GAL babestu zuen Gobernuari. Zergatik eman zioten babesa Euskal Herria subjektu bezala onartzen ez zuen Aznarren Gobernuari? Aurrekontuak onartzen dituzte Zapateroren Gobernuarekin. EA ez da akordio horietan inoiz sartu izan. Guk ez dugu zentralismo mota horrekin bat egin, Euskal Herriaren interesak beste modu batez defendatu nahi ditugulako. EAJk politika zentralista horiek babestu ditu, guk ez.


PPrekin akordioetara iristeko prest dagoela esan du EAJk. EA zertarako dago prest?


Espainiako Gobernuari gure babesa emateak prezioa dauka: erabakitzeko eskubidea eta gizarte eredu sozialagoa bermatzea dira gure baldintzak. PPk eta PSOEk ez dute gure babesa jasoko. Ez gatoz bat Estatuko politikan EAJk hartu ohi duen jarrerarekin.

Hauteskundearen biharamunean Zapaterok eginen duenaren zain gaude. Zuk zer espero duzu?


Zapaterok Aznarrek hasitako estrategia kopiatu du nolabait: Aznarren garaian su-etena egon zen eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak ETArekin bildu ziren. Porrotaren ondoren, Alderdien Legea onartu eta bake prozesuari muzin egin zioten. Orain, berdin, Zapaterok ETAren su-etena izan du eta ezker abertzalearen ilegalizazioa etorri da. Zapaterok mimetikoki PPren estrategia bera erabili du, baina era sibilinoz. Hitz leunagoak baina Aznarren estrategia bezain gogorra.


Zer espero dezakegu, orduan?


Zapateroren gauza batek harritu nau. Hauteskunde kanpainaren aurretik adituekin agertu da. Programa osatzen lagundu dioten adituen artean ez dago gatazkaren konponbiderako aditu bat bera ere, gatazka politikoen ebazpenetan aditu den inor ez. Antza, bere programan garrantzia gutxi du euskal auziak. Eta hori larria da.

(...)


Gatazkari eta hauteskundeei begira Patxi Lopezen eta Rodriguez Ibarraren testu bateratua onartu du PSOEk: “Hemen inork ez du inorekin hitz egingo ETAk indarkeria betiko uzten ez duen bitartean” adierazi dute. Bada, Burgostik behera salduko dute mezu hori, baina Euskal Herrian bizi garenok badakigu alderdien eta eragileen arteko elkarrizketa dela bidea. Esanak esan, hauteskundeen ondoren bere jarrera aldatzea espero dut. Bestela konponbiderik ez dago. Programan diotena ez da sinesgarria.

Ibarretxeren bide orria hasiko da garatzen hauteskundeen ostean. Batzuek diote EAEko hauteskundeak aurreratuak izango direla, eta ezker abertzalea itota, Ibarretxe berriz ere garaile aterako dela.


Ez da erraza hauteskundeen ondorengo egoeraz hitz egitea. Guk, PSOEk irabaziz gero, Eusko Jaurlaritzak egin duen Estatutu Berrirako proposamena Zapaterok aintzat hartzea eta negoziatzea espero dugu, bide orriari nolabaiteko jarraipena ematea. Horrela balitz ez lirateke hauteskundeak aurreratu beharko, baina, hauteskunde kanpaina honetan dauden kontrako jarrerak ikusita, egoera aste batetik bestera aldatzea zaila dirudi. Kanpainan “ez dugu hori egingo, ezta horretaz eta horrekin hitz egingo” bezalakoak esaten dira. Hain esaldi biribilak entzunda zaila dirudi Jaurlaritzak proposatu duen bide orria aintzat hartuko dutenik. Baina politikan dena da posible eta egoerak beste norabide bat hartuko duen esperantza daukat. Pentsatu nahi dut, hauteskundeak pasata, PSOEk ez duela Burgostik beherako bozen beharrik izango, eta legealdi berrian beste saio bat egingo duela. Espero dut halaber EAEko hauteskundeak aurreratu behar ez izatea.


Ezker abertzalea zelai politikotik kanpo izango da, hala ere.


Egoera hori balitz oso gaizki izango garen seinalea da. Baina, honako hau ere esan beharra dago: ezker abertzaleak biktimaren rola jokatzen du. Su-etena izan zen bitartean PSOErekin eta EAJrekin negoziatu zuen. Beste batzuek alderdi guztien mahaia osatzea aldarrikatu genuen, zenbat eta parte-hartze zabalagoa izan bake eta normalizazio prozesuak atxikimendu gehiago izango zuelako. Guk hala ere, hiruko horri lanean utzi genion. Gauzak ez ziren ondo atera eta biktimak bezala agertu dira orain. Beraiek egon zirenean gu ez ginen. Prozesuak berme edota arrakasta handiagoa izango luke denok izan bagina, ezta? Bake eta normalizazio prozesuak aurrera egiteko atxikimendu zabalagoa beharko du.

Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude