Mikel Zurbano EHUko irakasleaDani Blanco
Izan ere, hamarkada honetan gobernuek uko egin diote ekonomian egin izan duten ohiko esku-hartzeari. Honela bada, lan harremanak liberalizatuz enpresarientzat ahalmena handitu eta langileen eskubideak murriztu egin dira. Finantza merkatuen liberalizazio osoak, kapitalen higikortasun askeak eta lekualdaketek dumping sozial eta fiskala ekarri dute. Hori dela eta, zerga sistemak zeharkako zergen eta lanaren gaineko zamapetzearen oinarrien gaineko ereduetara jotzen ari dira gero eta gehiago.
Davosen duela aste gutxi eta Japoniako Zazpi Handien gailurrean berriki, egoeraren larritasunaz jabetu bide dira. Egindako bidearen ondoezak bistakoak direnean handi-mandien arteko ahots argienak abiapuntuan erratu egin zirela onartzera iritsi dira, alegia merkatuak autoregulatzen direla eta berez heltzen direla oreka egoerara baieztea zalantzan jartzen dute orain. Kontrolik gabeko eragile eta produktuak biderkatu egin dira finantza arloan batik bat eta horrek desegonkortasuna barreiatu du munduko ekonomiara. Subprime hipoteken inguruko gertakizunek finantza merkatuak zabortegiak bihurtu direla erakusten dute, ebaluaketa agentziek kalitate goreneko salkaritzat hartu dituzten arren. Honek finantza erakundeen arteko konfidantza eza zabaldu du eta hauxe da krisiaren bozgorailurik handiena.
Amerikako Estatu Batuetako (AEB) ekonomiaren eta dolarraren hegemonia bereak egin dituela esateko gero eta zantzu gehiago dago. II. Mundu Gerraren ekonomia ordenua bere lidergopean eraiki zenetik AEBak munduko gainerako herriei ezarritako ekonomi legeen gainetik egon dira. Nolanahi ere, gaur egun bezala beste garai batzuetan ere, kanpo eta barne defizit izugarriak metatu ditu erraldoi amerikarrak. NMFaren edo Munduko Bankuaren aldetik ez dute jaso gainerako herriek –garapen bidekoak batez ere– egoera arinagoetan egonagatik ere jaso izan duten erantzun gogorra. Izan ere, defizit horiek orain arte finantzatu ahal izan dira arazo handirik gabe dolarrak jaulkiz eta honen gaineko munduko konfiantza mantentzen zen bitartean. Baina egoera hau oso desegonkorra da eta oraingo finantza krisiak edo etorkizuneko beste larrialdi batek hankaz gora ipin lezake.
Jakina da AEBetako gaur egungo defizit bikoitz jasangaitz horren zio nagusia Ekialde Hurbilean azken urteetan indarrean ipinitako gerra makineria dena eta honi lotu behar zaio zergak jaisteko etengabeko soka eragin izana politika fiskal atzerakoienak bultzatuz –Europako paraje hauetan hain sutsuki kopiatzen direnak hain zuzen–. Bush presidentearen zorabioari gehitu behar zaio dolarrari lehiakide indartsua sortu zaiola euroaren kasuan eta yena ere bere lozorrotik atera berri dela. Kontestu honetan subprime hipotekek lehertarazi duten krisiak orain arteko AEBetako lidergoa are zalantzagarriagoa egiten du. Munduko gobernagarritasuna hankaz gora dagoen honetan Davoseko batzarrean lidergo ekonomiko berriaren premia mahai gainean ipini da lehendabizikoz.