Castillo Suarez, idazlea
Batzuetan, mundua autolaguntza liburuetakoa bezalakoa izatea nahiko luke. Liburua irakurri, eta arrangura guztiak norberak sortutakoak direla sinetsi; edota guztiz kontrakoa ondorioztatu, eta gainerakoak sailkatzeko bila ari zen etiketa guztiak aurkitu, eta errua haiei bota. Maite ditu autolaguntza liburuetako definizioak eta sailkapenak.
Nagusi toxikoak. Azkenaldian han eta hemen aipatzen dituzte. Liburuek diotenez, hiru motatako nagusi toxiko daude; hona: nartzisista, meritu guztiak beretako nahi dituena, eta, beraz, itzala eman diezaioketenak suntsiarazten saiatzen dena; psikopata, itxuraz atsegina dena, baina egiazki zitala dena, batik bat ahulenekin; eta paranoidea, mesfidatia dena, eta bere menpe daudenen ekimen guztiak modu negatiboan hartzen dituena, eta etengabe fiskalizatzen ari dena haien lana.
Toxikoak. Berdin da nagusiak ala menpekoak izan. Berdin da ideiak lapurtzen dizkioten ala bera den lapurra. Batzuetan pertsona kaltegarriez inguratuta daudela sentitzen du, eta, besteetan, berriz, norbera dela suntsitzailea, eta, aldi berean, suntsikorra. Kalte egin diona bezain toxikoa sentitzen da bera ere; inkontrolatu bat, finean.