«Euskara fonetikoki aberatsagoa da, baina guk nahiago dugu gaztelaniaz abestea; eta ez da gehiago saltzeko»
Rock-and-rolla desagertzear dago? Taldeek sofistikaziora jotzen dute?
Betiko rocka hor egongo da beti. Baina askok diote rocka egiten dutela eta emaitza entzunda ez nuke esango hori rocka soilik denik. Bestalde, ona da estiloak nahastea eta aberastea, baina guk nahiago dugu eskema tipikoa: soloak, duoak eta abar.
Jarraitzaile asko dituzue Hernanin? Berriaren Matraka gehigarriko Erokrazia zerrendan aurrenak zaudete, jendearen botoei esker…
Bai, egia da. Lagun asko ditugu eta jarraitzaileak ere bai. Baina, agian, lehenak egotearen arrazoia da gure webgunean Erokraziarako lotura daukagula. Horri batu beharko zaio, gaztelaniaz abesten dugunez, badagoela jendea
Matraka irakurri gabe bozkatzera sartzen dena.
"Garagardoarekin dutxatu eta nahi dudan guztia edaten dut. Eta lurrean dauden loreak ere erretzen ditut…". Rock-and-Rollak hain bizitza mota golfoa darama berarekin?
Gauez ibiltzea, alkohola edatea, erretzea, kalamua… gazte askoren bizitzan daude, eta baita gurean ere. Ez gara golfo bakarrak. Gure kasuan rocka gure salbazioa da, gure bidea.
Askotan justifikatu beharra daukazue gaztelaniaz abestea aukeratu izana?
Beno, askotan galdetzen digute ea zergatik ez dugun euskaraz abesten. Seguruenik ingelesez abestuko bagenu, ez ziguten ezer esango. Guk oso argi daukagu hemengoak garela eta guk euskaraz hitz egiten dugu, baina gehien gustatzen zaizkigun taldeak rock urbanoa deritzona egiten dutenak dira. Gainera, euskara fonetikoki aberatsagoa da, baina guk nahiago dugu gaztelaniaz abestea; eta ez da gehiago saltzeko.
"Umeak ginenean beste zerbaitekin amets egiten genuen, amestea delitua ez zenean…". Dagoeneko amets egitea ere delitu bihurtu da?
Neurri batean bai. Normalean ez dugu salaketa edo politika daukaten hitzik idazten, baina halabeharrez euskaldunak gara eta hori da bizi duguna.