argia.eus
INPRIMATU
Prezioen behatokia
Juan Mari Arregi 2008ko otsailaren 19a
Elikadura izan da azken hilabeteotan Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) igoarazi duen arrazoi nagusietakoa. Igoera horiek, zalapartatsuak askotan, jatorrizko prezioen hazkundearekin azaldu ziren. Orain, ordea, aurkakoa gertatzen ari da: premiazko elikagai askoren prezioak jaitsi egin dira soroan, baina kontsumitzaileak ez du horren isla ikusi dendetan. Jatorrian kiloko 1,38 euro balio zuen oilaskoa, adibidez, kiloko 0,82 eurotara jaitsi da azken asteetan. Kontsumitzaileak ez du halakorik ikusi dendan. Gauza bera gertatu da arrautza eta esnearekin, baina kontsumitzaileak ez dira ohartu oraindik.

Datu horiek lehengo astean argitaratu ziren, EHNE nekazari sindikatuak Gasteizen eginiko mobilizazioarekin batera. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion ekoizpen kostuak murriztu, ekoizlearen lana modu egokian ordaindu eta bitartekarien gehiegikeria saihestuz kontsumorako bidezkoak diren prezioak ezarri ahal izateko moduko nekazaritza politika. Nekazariek kobratzen dituzten prezio baxuak kontsumo prezioaren oso azpitik daude, azken hori espekulazioak, bitartekariek eta azalera handiek beraiek puzten baitute. Egoera horren aurrean, nekazari sindikatuak proposatu zuen ekoizpen kate osoan, kortatik mahaira, prezioen jarraipena egin eta egoera irregularrak eta espekulatzaileak zigortuko lituzkeen Prezioen Behatokia sortzeko. Era berean, administrazioari bitartekaririk gabeko merkaturatze zirkuitu txikiak bultzatzeko eskatu zion. Behatokia eta eskatutako merkaturatze sistema hori elikadura kate osora zabaldu beharko lirateke. Ekoizlearen eta kontsumitzailearen onurarako.