Azaldu ezazu gaur egungo panorama.
Ezagutzaren gizartea deritzan honetan, era guztietako gizarte taldeek, gizarte mugimenduek, agintari politikoek eta ekonomikoek baliatzen dituzte kulturgileen –intelektualen– zerbitzu sinbolikoak euren diskurtsoak eta ekintzak legitimatzeko. Baina dagoeneko ezin da sinetsi zientziak, teknikak, ekonomiak edo politikak salbatu ahal gaituztenik, ezta haien barruan dagoenik mundu gizatiarrago eta arrazionalagoaren bidean abiaraziko gaituen indarrik ere. Modu paradoxikoan, gure garaian ezagutzaren mugak ikusi ditu gizakiak.
Eta zein da zure ustez intelektualaren zeregina?
Intelektualaren posizioaren koordenatuak –hezkuntza, gizarte jatorria, metaturiko kultur kapitala, esparru intelektualean duen kokapen objektiboa eta horri dagozkion izen ona eta botere maila–, funtsezkoak izan ohi dira haren komunikazio ekintzaren ezaugarriak ulertzeko. Mass medien eta kultura merkatuaren logikapean diharduten guneen inguruan definitzen dira gure garaian, esklusioz eta inklusioz, kategoria eta tradizio intelektual berriak.
Zer etorkizun aurreikusten diozu intelektualari?
Aro guztietan gertatu den bezala, etengabe, kulturgileak euren rolak berreraikitzeko bestelako agertoki instituzionalak atzematen ari dira gaur egun ere. Ildo horretatik, politikaren eta kulturaren artean kokaturiko gizarte mugimendu garaikideak jarduera intelektualaren gune egokiak izan daitezke. Areago, gizarte mugimendu berriek emantzipazioari lotutako tradizio intelektualak berriz asmatzeko espazio ezin hobea eskaini dezakete.