Kenyan jirafak lasai zeuden baina herritarrak haserre

  • Kenyak iazko abenduaren 27ko hauteskundeen ondoren kaosean murgildua dirudi. Poliziaren eskuetan, bi hautagai nagusien jarraitzaileen arteko liskarretan edo tribuen arteko mendekuetan, mila herritar baino gehiago hil dira. Nola iritsi da horretara Afrikako paradisutzat saltzen zena?
Rapunye herriko emakumea
Rapunye herriko emakumea, KeniaAlessandra del Tufo
Zer gertatzen da Kenyan? Film, erreportaje eta dokumentaletatik saltzen zuen aurpegia –safariak, natura aberats eta salbaia, masaiak bezalako giza talde ikusgarriak...– errealitatea asko apaindurik lortzen zela ezaguna zen. Baina Kenyatik azken hilabeteotan iritsi direnak bezalako irudiak helduko zirenik ez zuen inork esperoko, ez eta justu orain urtebete Nairobira Munduko Gizarte Forora joan eta hango auzo txiroetako mixeria ikusi zutenek ere.

Iritsi ziren, ordea, abenduaren 27ko hauteskundeak, bermerik gabeko hauteskundeok irabazitzat eman zituen Mwai Kibaik, oposizioko Orange Democratic Movement-eko (ODM) Raila Odingak ez zituen onartu emaitzak, liskarrak hasi ziren, poliziaren jazarpena ere bai, oposizioko parlamentari bat hil zuten... eta herrialde osoa sutu zen. Kenyako gertakizun lazgarriak, oraindik baretu ez direnak, esplikatzeko aipatu izan dira tribuen arteko ezinikusiak, sentimenduok manipulatzen dituzten politikarien kalkulu zinikoak, agintarien ustelkeria... Beste batzuk Britainia Handiak bere inperialismoarekin utzitako heredentziaz oroitu dira asteotan.
John Lonsdalek ondo ezagutzen du Kenya. Cambridgeko Trinity College-n irakasle emeritua den honek beste artikulu askoz gain bi liburu dauzka argitaratuak honetaz: Unhappy Valley: conflict in Kenya and Africa (Zorigaiztoko Harana: gatazka Kenyan eta Afrikan) eta Mau-Mau and Nationhood (Mau-Mau eta naziotasuna). Open Democracy aldizkari elektronikoan berrikitan plazaratu du “Kenya: ethnicity, tribe and state” artikulua, beste gune aurrerakoi gehiagotan gero erreferentziatu dena. Historiak ez du esplikatzen gaur gertatzen dena, baina gaurkoa ezin ulertu da historiaren argirik gabe.

Lonsdalek gaur Kenya den estatuaren sorreraraino atzeratu du begirada. Herrialde honetan XIX. mendean ez zen estaturik. Herritar gehienak nekazaritzan edo abeltzaintzan ari ziren, ehizetik eta bilketatik bizi ziren gutxiengoak ahaztu gabe. Lonsdalen hitzetan, orduko Kenyan tribuak baino gehiago familia eta leinuak zeuden, eta aginte zentralik ere ez zegoen. Britainiarrek inportatu zuten bertara Estatua XIX. mende bukaeran, eta beren aldean oso ahulak ziren lider afrikarrak berenganatu zituzten.
Estatu kolonialak pixkanaka aberastasunaren araberako piramidean antolatu zituen herritarrak, lehen mosaiko anitzean era dispertsoan antolatuta zeudenak. Bi polo indartu ziren, bata “zuria” eta bestea “beltza” eta periferia marjinalizatu asko eragin.
Kolono zuriek berenganatu zituzten XX. mendean barrena Kenyako lur emankorrenen %20. Baina horietako zergekin Inperioa asetzen ez zutenez, gainerako %80an afrikarren nekazaritza sustatzen hasi ziren britainiarrak, kenyarren %20 diren kikuyu jendearen eskualdean, Nairobi ondoan. Afrikarrak kristautzera etorritako misiolarientzako ere eskualde hori zen erakargarriena, eta bertan kokatu ziren eskola gehienak. Kikuyuak lehenago hasi ziren modernotzen gainerako herritarrak baino.
Gainerako etnietakoak ere hasi ziren beren leku bila. Batzuetan misiolariek berek eman zieten halako tribu-nazio kontzientzia, Biblia zaharraren irakurketa lokalekin. Txirotasunetik ihesi, ekonomia berriaren bazter auzoetara jo zuten lan bila: trenbideetan, lurjabe zurien morrontzan edo soroetan, polizian, armadan, ganadu tratuan. Ugazabak eta agintariak etnien artean mesfidantza ereiten saiatu ziren.

Mau-Mau gerrilla beldurgarri hura

Kikuyu jendeak –gaur ere kenyarren ia laurdena– giro horretan hartu zuen etnia izatearen kontzientzia. 1945etik aurrera Rift haraneko goialdeetan baserri handietako ugazabak soroak mekanizatzen hasi zirenean, urte batzuk lehenago bertara eramandako langile kikuyuei bizibaldintza okerragoak ezarri zizkieten. Hauek saiatu ziren beren sorlekuetan berriro nekazaritzan hasten, baina ez zuten lortu, eta Nairobi inguruko txabolategietara jo behar izan zuten, nola edo hala bizimodua ateratzera.
Kikuyu txiroon egoerak zerikusi gutxi zeukan ordurako lurjabe kontserbadoreagoak bihurtuak ziren beste kikuyu batzuenarekin. Hauen artekoa zen Jomo Kenyatta, beranduago independentziaren ondorengo Kenya kudeatuko zuena, eta deserrotutako txiro haiek aldiz, kopuru handitan egin zuten borroka Mau-Mau gerrillaren lerroetan britainiarren kontra.

Mau-Mau gerrillak aipamen bat merezi du, behin eta berriro azaltzen da-eta Kenyako bizitzan. 1952 eta 1960 artean gerrilla hau borrokatu zen ingelesen kontra, eta garai hartan Europa osoak izan zuen bere berri, britainiarren desinformazioaren galbahetik pasata noski. Desmasia guztiak, kanibalismoa barne, egozten zitzaizkion Mau-Mau famatuak urte horietan 600 militar ingeles edo beltz hil zituen. Aldiz, hauek 10.500 gerrillari hil zituzten, 30.000 zauritu eta beste 100.000 susmagarri preso hartu kontzentrazio eremuetan. Zibilen artean, 1.800 afrikarren heriotza dago dokumentatuta, baina beste 50.000 gehiago hil zirela uste da.
Kenyako ekintzaileen kontra trebatu zen Frank Kitson militar gaztea –oraindik bizi da–, gero jeneral bihurtuta Ipar Irlandan IRAren kontrako kontraintsurgentzia antolatu zuena, eta Espainian batzuek ezaguna dutena. Kenyako estatu independientea ere Mau-Mau zanpatuz sortu zen, eta urte luzez gerrilla honen historia tabu izan da bertan. Bizi diren gerrillari beteranoen izenean ari diren abokatuek sustatuta, asteotako batean izatekoa da Londresen gobernu britainiarraren kontrako epaiketa, Kenyan egindako txikizioen kalte-ordainak eskatzeko.

Lonsdaleren analisira itzulita, independentziaz geroztik Estatua bihurtu zaie kenyarrei gizarte mailetan gora egiteko bide ia bakar. Jomo Kenyatta presidentearekin estreina eta hura hildakoan Daniel Arap Moi, herritarren ezinegona baretzeko lurrak banatzen aritu ziren, horretan ere etniekin jokatuz, izan masaiei lagunduz edo kikuyuei edo kalenjin-ei. Presidentetara Daniel Arap Moi iritsi zenerako zer banatua asko zegoen urrituta. Populazioa asko handitzen ari zen, eta aldiz lehorteak gertatu ziren, eta gero eta lur txarragoak zeuden banatzeko.

2002an Mwai Kibaki iritsi zenerako, maniobratzeko tarte estuagoa zeukan. Jakina denez, 2007ko abenduko hauteskundeak bermerik gabe egin izanak eta horien emaitza ilunak lehertu ditu harresiak. Kenyan duela mende erdiko borroka giro krudela berpiztu da, nagusiki kikuyu eta kalenjin jendeen artean, baina etnia gehiagoren artean ere bai.

John Lonsdale ez da ausartu etorkizuna iragartzera. Alde batetik etnien arteko haserreak urrutiegi joan dira, eta bestetol Estatuak ez du bere buruaren erreforman asmatzen. Eta “bere burua eraldatzeko adinako tresnarik ez daukan Estatuak, irauteko adinakorik ere ez dauka”. Edozein erakunderentzako balio duen epaia. Kenyakoa espejismoa zen: hemendik aurrera safariak kario pagatuko dira.

Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


Bizilagunekin plataforma munduko futbol kopa Donostian jokatzearen aurka: “Ez dugu gure aurkako golik ospatuko!”

Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude