argia.eus
INPRIMATU
Aste Santua inoiz baino lehen dela eta jarriak
  • I

    Aurten sekula baino le(he)nago
    Aste Santuko astea,
    hori dela ta mugitu xamar
    hasi da aurten urtea
    bat izan dira, ordu txikitan
    parrandatik iristea,
    Urteza(ha)rreko arropa kendu
    ta mozorroa janztea.
2008ko otsailaren 19a
Julen Zelaieta
Julen Zelaieta, bertsolariaKarlos Corbella
 
 
II

Ikasle pila azterketetan
sarturik zela tarteko
inauteririk ez dute izan
azterketak prestatzeko
baina pentsatu ta kalabazak
aurten ez dira kalteko
haragi faltan, ederki datoz
garizuma ospatzeko.




III

Aste Santuak baldintzatzen du
Nafarroko txapelketa
ta normalean urte haseran
jartzen diogu arreta.
Aurten tamalez bide erdian
gelditu da prestaketa
bazetorrela ohartu orduko
gainean geneukan eta.

IV

Sansebastianek oroitarazi
zuten urtero moduan
txotx sasoiaren parekorikan
ez dagoela munduan.
Denboraldia bukatzen bada
Aste Santu inguruan
etzaigu asko gelditzen eta
joan beharko da orduan!




V

Urte osoko egutegian
aste hau da jaien parte,
hasi orduko, atsedentxo bat
nahiz ez den izango kalte
nola uztaila ta abuztua
dauden martxotik aparte
tarte handia geldituko da
udako oporrak arte.




VI

Kontuak kontu, azken duda bat,
plazaratu eta aio!
Jesus oroituz egiten dira
hiruzpalau meza saio:
gurutziltzatu, berriro piztu…
ongi… baina zer arraio
heriotzaren urteurrena
zergatik aldatzen zaio?


DOINUA: Txirritaren ijitoarenak