«Disko bat egiteko ez dago inoren zain egon beharrik, ezta dirutza ordaindu beharrik ere»
"Botak eta tiranteak, sexua eta biolentzia…". Azkenean egia izango ote da skinhead-ak eta biolentzia loturik daudela? Eta sexua?
Neurri batean badago lotuta: futbola, talde moduan defendatzea… skinheada ez da geldi geratzekoa. Baina doako biolentzia ez: biolentzia erabili behar da horretarako arrazoiak badaude. Hala ere, egia da batzuek burua zeroan moztuta daramatelako beste batzuk baino gehiago direla pentsatzen dutela. Horiek nazka ematen dute. Eta sexua ba, uzten digutena egiten dugu. Hitz horiek taldeak egin zuen bigarren abestikoak dira.
"Langileriaren alde, heriotza arte borrokan…". Kooperatiba eta fabrika asko daudelako daude hainbeste skinhead Arrasaten?
Ez dut uste, jendea oso gazte hasten da saltsa honetan, ikastolan daudenean. Gehienbat musikarengatik eta musikak izan duen eraginarenagatik dela uste dut. RIPek hasi zuen bide hori. Garaiak asko aldatu dira, baina funtsean gu ere langile soilak gara eta gure eskubideen alde borrokan gabiltza.
Denbora dezente egin duzue kontzerturik eman gabe.
Bai, diskoaren prozesua poliki joan da. Abestiak egiteko gelditu ginen eta gero grabatzeari ekin genion, baina taldekideok lan ordutegi oso desberdinak dauzkagu. Horren erdian, gainera, gure taldekide Sala buru-belarri sartu zen Arrasateko taldeen bilduma bat prestatzen eta grabatzen.
Disko honen inguruko lan guztiak zuek egin dituzue…
Bai, hala egin nahi genuen. Geure burua gai ikusi genuen disko bat egiteko. Ez dago inoren zain egon behar ezta grabatzeko dirutza bat ordaindu behar ere. Modu honetan diskoa gureagoa dela uste dugu.
Abestiren batean The Clashen eraginak antzeman ditut.
Baliteke. Egia esanda, bostok The Clashen jarraitzaile amorratuak gara. Musika oso gustuko dugu, eta gainera jarrera berezia eta esateko asko zuen taldea izan zen. Ez dugu txartzat hartuko.