«Loiolara iristeko, Batasunak Iparraldea alboan utzi zuen»

  • 1955, Laudio (Araba). EAJko kidea. Zuzenbidean Lizentziatua. Espainiako Kongresuko diputatua. Bosgarren aldiz, Kongresurako hautagaia da Araban. Kongresu honen izenean: Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide izana. Justiziaren jarduera motela dela esan ohi dugu herritarrok. Espainiako Estatuaren justiziaren eredua motela ezik, justizia honek botere politiko exekutiboan eragiten duela berretsi digu. Estatuko marko juridikoaren birmoldaketak eta Euskal Herriko burujabetasun prozesuak abiadura motela eta luzea ezagutuko dituztela ondorioztatu dugu, bera entzun ostean. Eskerrak politikari itxaropentsu iruditu zaigun.
Emilio Olabarria
Emilio Olabarria, EAJko Espainiako Kongresuko diputatuaAlex Larretxi

Espainiako Estatuaren justiziaren zokoak ondo ezagutzen dituzu. Zein da botere judizialari buruzko zure iritzia?


Kritikatu daitekeen guztia gutxi da. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) sinesgarritasuna erabat galdu du. Organo honen politizazioak (Francisco Hernando presidentea izaki) Kongresuko talde parlamentarioak –PPko sektore batzuk kezkatzen hasi dira– justiziaren administrazioa gobernatzeko beste sistema bat ezarri beharko dela pentsatzera eraman ditu.

Demagun PSOEk hauteskundeak irabazten dituela eta kontseilu berria izendatzen dela. Egoera aldatuko al da?


Bai, neurri batean. Ordea, Estatuko justiziaren administrazioak hiritarrengan eragindako kaltea konpontzea osoa zaila da honezkero. BJKNk Auzitegi Goreneko Areto guztietako magistratu guztiak –Zibil eta Penaleko presidenteak barne– izendatu ditu eta bere hurbilekoak dira, arras kontserbadoreak, baita erkidego autonomoetako Justizia Auzitegietako presidenteak izendatu ere. Hau da, EAEko Entzutegi Goreneko presidentea, Areto Zibil eta Penaleko presidente guztiak. Eta kargu horiek guztiak ez dira legealdiaren arabera berritzen.

Beraz...


Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) PSOEko Gobernuaren botere exekutiboaren kontraboterea bilakatu da. PPk justizia administrazioan helarazitako kontsignek justiziaren neutraltasuna desorekatu dute. BJKN, modu batez edo bestez, PPk kontrolatuta dago. Beharbada, baten bat nire aurka kereilatuko da berba hauengatik. Hori ez gertatzea espero dut, baina, agidanez, suerte kontua da. Ez dut eufemismoen bidez berba egin gura, ordea.

Bien bitartean, zer egin daiteke?


Kontseiluaren lege arautzailea aldatzeko konpromisoa hartu dugu talde parlamentario gehienek. Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu beharko da eta kontseilukideak izendatzeko sistema berria bilatu ere, kide hauen neutraltasun politikoa bermatu aldera.

Badago hori lortzea?


Kontseiluko kideen lan neutrala egiaztatzeko prozedura bakarra Kongresuan Justiziaren Batzordea sortzea da. Uneon utopikoa dirudi egoera aldatzeak, baina saiatu beharko dugu. Hartara, apur bat saihets genezake orain gertatzen ari dena, hau da, PP ez beste guztiaren aurkako erasoak gelditzea eta zuzenbidearen estatuaren porrotarekin amaitzea. Hala ere, zaila izango da. Kontseiluko kide hauek funtzioak, berez, bertan behera utziko dituzten arren, justizia administrazioaren batzorde iraunkorretan segituko dute jardunean.

Artean, ezker abertzaleak dioenez, EAJk ez du nahikoa egiten EHAKren edo ANVren legez kanporatzearen aurka.


Paradoxa ulertezina eta onartezina da. Duela zortzi urteko hauteskunde orokorretan ez zegoen legez kanpoko alderdirik. Ezker abertzaleak hauteskundeak boikotatu nahi izan zituen: “Alderdi abertzale batek ezin zuela parte hartu Espainiako instituzioetan” esan zuen, eta gainerako alderdi abertzaleei boikotatzeko eskatu zigun. Alderdi abertzale batek ezin zituela Espainiako Kongresua eta Senatua legitimatu esan zuen. Horra hor paradoxa baita ere: orduan, PPren eta PSOEren hitzetan, ezker abertzalea instituzioetan egotea oso onuragarria zen, instituzioetan bere parte-hartzeak erraztuko baitzuen bake eta normalizazio prozesua bideratzea, ezker abertzalea instituzionalizatzea... Orain alderantzizkoa da, antza. PSOEk eta PPk ezker abertzalea legez kanpo nahi dute. Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu nahi du eta bere aukera guztiak legez kanpo daude. Eta guri galdetzen digu ea zer egingo dugun eurek parte hartu ahal izateko? Beren buruari galde diezaiotela, ez guri. Ezker abertzaleak “zer aldatu da duela zortzi urtetik gaur egunera?” galderari erantzun beharko lioke.

Ezker abertzalearen aukera legez kanpo egonda EAJk boto gehiago jasoko duela pentsatzen du zenbaitek.


Gogoeta hori zitala da. Gu Alderdien Legearen aurka borrokan ari gara: funts juridikoa ez duten sumario (18/98 sumarioa kasu) guztiak eta botere judizialaren gehiegikeriak salatzen ditugu etengabe. Egoera hau guri ondo datorkigula esatea ere. Arren!

Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin negoziatuko esaten ari da Zapatero.


Hauteskundeei begira egindako hitzak dira, logikoak eta normalak. Nik gauza bera esango nuke. Noski, hauteskundeen ostean, Zapaterok bukatu gabeko prozesua berrartuko duela itxaron dut. Edonola ere, ETAren izaera militarista dela medio oso zaila izango da ETArekin berarekin negoziatzea. Alde militarra behin eta berriz gailendu zaio alde politiko-intelektualari. Tesitura horretan oso zaila da negoziazioa une emankorrera eramatea. Demagun ETAren parean esertzen den Gobernuaren atzean Espainiako Ejertzitoa dagoela, ezinezkoa litzateke negoziatzea. Egoera ez da hori, noski. Ezker abertzalearen kasuan ordea, bai. ETA honen atzean dago. Dena den, ezker abertzalearen aurkako bide poliziala, errepresiboa eta legez kanporatzekoa ez da formula gatazka armatua gainditzeko. Demokraziaren aurkakoa izateaz gain, formula horrek ez du biolentziarekin bukatuko.

Marko juridiko-politikoa aldatzeko formularik ba al dago?


Autonomien sistema honen eredua agortuta dago. Autonomia estatutuek berea eman dute. Ahaleginak izan dira berritzeko, baina Madrilgo botere eta botere periferikoen arteko borrokan, botere zentrifugoa nagusitzen da, botere zentralista indartsuagoa da. Kataluniako Estatut berria edukiz hustu zuten. Onartu zena ere ez da betetzen ari. CiUk une honetan ez du PSOErekin kolaboratu nahi. ERC ari da kolaboratzen Kataluniako hirukoan dagoelako. Gure kasuan Estatutu berrirako proposamena ez zen tramitatzera ere iritsi, gainera, modu ilegalean utzi zuten legez kanpo. Ez dut autonomien erreformak izapideen bitartez gauzatzera iritsiko direnik uste. Ni ezkorra naiz. Espainiako Estatuaren arazoa betiko da, alderdi estatalek ez dute nazio-anitzaren auzia konponbidean jarriko beren kasa.

Orduan biderik ez dago.


Bidea Galeusca-ren bitartez lan egitea eta borrokatzea da. Estatuko periferiako botereak indartzea da irtenbidea, egunen batean botere hauek ezinbestekoak izan daitezen Estatuaren gobernagarritasuna bermatzeko. Estatuko instantziek beren gobernagarritasuna bermatzeko gure beharra izango dutenean, egungo marko juridiko-politikoa negoziatuko dute katalanekin, galiziarrekin eta euskaldunekin. Estatu nazioanitzera iristeko mailaz maila joan beharko da. Denborari denbora emanez eta pedagogia politikoa landuz. Alderdi estatalek Estatuko lurraldeak eta instituzioen egiturak hobeto funtzionatuko duten konbikzioa ez duten bitartean ez dago zer egin handirik.

Loiolako elkarrizketen edukiak izan dituzte gogoan EAJko Iñigo Urkulluk nahiz LABeko Rafa Diezek.


Bide hori berrartzearen beharra aipatu dute. Halere, EAJ bide alboan geratu zela gogorarazi nahi dut. Bide hori PSOEko Gobernuaren eta ETAren artekoa izan zen, bi aldeek borondate sendoa izan zuten horrela izan zedin. Une batez euforia bizi izan zen, bi aldeak, antza, prozesua ondo bukatuko zelakoan zeuden, puntu hurbilera iritsi bide ziren, biolentziaren amaiera antzematen hasi zen, elkarrizketek porrot egin zuten ordea. Egunen batean azalduko digute zergatik egin zuten porrot. Uneon eszenatoki txarrenean gaude berriz ere: ETAk hil nahian jarraitzen du eta Estatuak alderdi politikoak legez kanpo uzten. Justizia administrazioak zuzenbide penalak erabiltzen ditu errepresiorako mekanismo bezala. Zero puntura itzul gaitezke bide horretatik.

“Loiolara itzultzea edo Estatuak erreforma hits bat lantzea”. Bi aukera besterik ez daudela esan du Rafa Diezek.


Ados nago, baina zehazpen batekin. Ezker abertzalearen gehiengo soziologikoak biolentziarekin bukatu nahi du negoziazio arrazoigarrian aritzeko, hau da, negoziazio positibista gauzatzeko. Alabaina, ezker abertzalea ez da gauza ETAren menpekotasunetik askatzeko, ETAren inpronta militarrak aurrekontsentsura iristea zailtzen du. Areago, negoziazioaren bestaldean PPk eta PSOEk jarrera kontrajarriak izanda. Ezker abertzaleak ez badu ETAren tutoretza gainetik kentzen nik ez dut aterabiderik ikusten.

Hauteskundeen ostean bake eta normalizaziorako bide orria urratzen hasiko da Ibarretxe lehendakaria. Itxaropenik bai?


Bai. Lehendakaria proposamen politikoak egiteko legitimitatea duen bakarra delako. Auzia ez da ETAren eta Espainiako Estatuaren artekoa, Euskal Herriko eta Estatuko ordezkari instituzionalen artekoa baizik. Gaur egun Eusko Jaurlaritza ez da Euskal Herri osoaren ordezkaria, jakina, bere ekimena prozesu luze honetako hasiera bezala ulertu behar da. Bien bitartean, EAJ erabat konprometituta dago lehendakariaren bide orriarekin. Bide hori bide bakarra baita, pragmatikoa eta posibilista. Alderdi estatalek adimen apurra balute saiatu beharko lukete bide hori lantzen eta negoziatzen. Negoziazioaren bidea da politikan aritzeko bide onuragarri bakarra. Gainera, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiek ez dute beren ordezkaritza usurpatzen utziko, ez ETAren aldetik ez ezker abertzalearen aldetik. Gu gara herri honetako gehiengoa –lurraldetasunari dagokionez, berriz diot, oraingoz mugatua– eta Ibarretxe lehendakariak autogobernuaren bidean aurrera egiteko egin duen eskaintza legezko eta bideragarri bakarra da. Ñabardura bat amaitzeko: Loiolan amaitu zen negoziazioa bideratzeko, Batasunak, errealista izanda, Ipar Euskal Herria albo batean utzi zuen. Gainerako abertzale guztiok egin behar izan dugun bezala.
Hego Euskal Herriko lurraldetasunaz
Nafarroaz: "Hegoaldeko autonomia bakarra eratzea herritarrek erabaki beharko dute. Ordenamendu juridikoak ez du bide hori galarazten. Haatik, UPNk bide hori oztopatzeko eta Nafarroa Euskal Herritik aldentzeko ondo baino hobeto baliatu du ETAren jarduera bortitza. UPNk euskaltasunak berezko osagai bortitza duela sinetsarazi dio nafar gizarteari, baita gizartea desegonkortzen duen faktorea dela sinetsarazi ere. Egoera alda daiteke. ETAren biolentziaren desagerpenak jarrera erreakzionarioenak indargabetu litzake. Halaber, NaBai-ren bilakabideak gizartea aldatzen lagunduko duela itxaron dut. Bi aldaketa hauek dinamizatuko dituzte beste alderdien jarrerak, PSNrenak, bereziki. Bere exekutiboa sektore espainolistaren esku dago orain, baina azken kongresuan galtzaile atera zen sektorea beste klabe batean dago. Nafarroa eta EAE ez dira berehala batuko, bistan da. PSN, eta gizartea oro har, oraindik heldugabeak baitira. Prozesua luzea izango da, baina etorkizun hurbilean kolaborazioa landu liteke".

Arabaz: "Foruko ahaldun nagusia EAJkoa da berriz ere (Xabier Agirre) eta gobernu berria aurrekoa baino askoz hobeto gobernatzen ari da. PPko aurreko gobernuak nefastuak izan ziren, gobernurik eza nabaria izan zen. PPk berak bere diputatu batzuen aurkako zentsura mozioak onartu zituen, egoera eutsiezina bihurtu zitzaion-eta. Araba iragan urteetan Gipuzkoatik eta Bizkaitik aldenduz joan zen, Arabako PSEn izandako barne gorabeherak medio, eta batez ere PPk euskalduntasunaren aurkako klientelismoa sorrarazi zuelako. PPk diferentea agerrarazi nahi duen arren, Araba ez da beste lurraldeen ezberdina. Arabako soziologia ez da Bizkaikoaren eta Gipuzkoakoaren horren diferentea. PPk Euskadirekiko arabarren kidetasuna lausotu nahi izan zuen, PSEko sektore bat modu maltzurrez bere aldera eramanez. EAJ, EA eta Aralar elkartzeak gobernagarritasuna bermatu du, eta hiru alderdiok proiektu nazionala bizkortu eta euskal kidetasuna sendotu dezakete. PP gobernuan saiatu zen arren, euskal izaera eta sentimendua ez da gutxitu Araban".

Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude