Espainiako Estatuaren justiziaren zokoak ondo ezagutzen dituzu. Zein da botere judizialari buruzko zure iritzia?
Kritikatu daitekeen guztia gutxi da. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) sinesgarritasuna erabat galdu du. Organo honen politizazioak (Francisco Hernando presidentea izaki) Kongresuko talde parlamentarioak –PPko sektore batzuk kezkatzen hasi dira– justiziaren administrazioa gobernatzeko beste sistema bat ezarri beharko dela pentsatzera eraman ditu.
Demagun PSOEk hauteskundeak irabazten dituela eta kontseilu berria izendatzen dela. Egoera aldatuko al da?
Bai, neurri batean. Ordea, Estatuko justiziaren administrazioak hiritarrengan eragindako kaltea konpontzea osoa zaila da honezkero. BJKNk Auzitegi Goreneko Areto guztietako magistratu guztiak –Zibil eta Penaleko presidenteak barne– izendatu ditu eta bere hurbilekoak dira, arras kontserbadoreak, baita erkidego autonomoetako Justizia Auzitegietako presidenteak izendatu ere. Hau da, EAEko Entzutegi Goreneko presidentea, Areto Zibil eta Penaleko presidente guztiak. Eta kargu horiek guztiak ez dira legealdiaren arabera berritzen.
Beraz...
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) PSOEko Gobernuaren botere exekutiboaren kontraboterea bilakatu da. PPk justizia administrazioan helarazitako kontsignek justiziaren neutraltasuna desorekatu dute. BJKN, modu batez edo bestez, PPk kontrolatuta dago. Beharbada, baten bat nire aurka kereilatuko da berba hauengatik. Hori ez gertatzea espero dut, baina, agidanez, suerte kontua da. Ez dut eufemismoen bidez berba egin gura, ordea.
Bien bitartean, zer egin daiteke?
Kontseiluaren lege arautzailea aldatzeko konpromisoa hartu dugu talde parlamentario gehienek. Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu beharko da eta kontseilukideak izendatzeko sistema berria bilatu ere, kide hauen neutraltasun politikoa bermatu aldera.
Badago hori lortzea?
Kontseiluko kideen lan neutrala egiaztatzeko prozedura bakarra Kongresuan Justiziaren Batzordea sortzea da. Uneon utopikoa dirudi egoera aldatzeak, baina saiatu beharko dugu. Hartara, apur bat saihets genezake orain gertatzen ari dena, hau da, PP ez beste guztiaren aurkako erasoak gelditzea eta zuzenbidearen estatuaren porrotarekin amaitzea. Hala ere, zaila izango da. Kontseiluko kide hauek funtzioak, berez, bertan behera utziko dituzten arren, justizia administrazioaren batzorde iraunkorretan segituko dute jardunean.
Artean, ezker abertzaleak dioenez, EAJk ez du nahikoa egiten EHAKren edo ANVren legez kanporatzearen aurka.
Paradoxa ulertezina eta onartezina da. Duela zortzi urteko hauteskunde orokorretan ez zegoen legez kanpoko alderdirik. Ezker abertzaleak hauteskundeak boikotatu nahi izan zituen: “Alderdi abertzale batek ezin zuela parte hartu Espainiako instituzioetan” esan zuen, eta gainerako alderdi abertzaleei boikotatzeko eskatu zigun. Alderdi abertzale batek ezin zituela Espainiako Kongresua eta Senatua legitimatu esan zuen. Horra hor paradoxa baita ere: orduan, PPren eta PSOEren hitzetan, ezker abertzalea instituzioetan egotea oso onuragarria zen, instituzioetan bere parte-hartzeak erraztuko baitzuen bake eta normalizazio prozesua bideratzea, ezker abertzalea instituzionalizatzea... Orain alderantzizkoa da, antza. PSOEk eta PPk ezker abertzalea legez kanpo nahi dute. Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu nahi du eta bere aukera guztiak legez kanpo daude. Eta guri galdetzen digu ea zer egingo dugun eurek parte hartu ahal izateko? Beren buruari galde diezaiotela, ez guri. Ezker abertzaleak “zer aldatu da duela zortzi urtetik gaur egunera?” galderari erantzun beharko lioke.
Ezker abertzalearen aukera legez kanpo egonda EAJk boto gehiago jasoko duela pentsatzen du zenbaitek.
Gogoeta hori zitala da. Gu Alderdien Legearen aurka borrokan ari gara: funts juridikoa ez duten sumario (18/98 sumarioa kasu) guztiak eta botere judizialaren gehiegikeriak salatzen ditugu etengabe. Egoera hau guri ondo datorkigula esatea ere. Arren!
Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin negoziatuko esaten ari da Zapatero.
Hauteskundeei begira egindako hitzak dira, logikoak eta normalak. Nik gauza bera esango nuke. Noski, hauteskundeen ostean, Zapaterok bukatu gabeko prozesua berrartuko duela itxaron dut. Edonola ere, ETAren izaera militarista dela medio oso zaila izango da ETArekin berarekin negoziatzea. Alde militarra behin eta berriz gailendu zaio alde politiko-intelektualari. Tesitura horretan oso zaila da negoziazioa une emankorrera eramatea. Demagun ETAren parean esertzen den Gobernuaren atzean Espainiako Ejertzitoa dagoela, ezinezkoa litzateke negoziatzea. Egoera ez da hori, noski. Ezker abertzalearen kasuan ordea, bai. ETA honen atzean dago. Dena den, ezker abertzalearen aurkako bide poliziala, errepresiboa eta legez kanporatzekoa ez da formula gatazka armatua gainditzeko. Demokraziaren aurkakoa izateaz gain, formula horrek ez du biolentziarekin bukatuko.
Marko juridiko-politikoa aldatzeko formularik ba al dago?
Autonomien sistema honen eredua agortuta dago. Autonomia estatutuek berea eman dute. Ahaleginak izan dira berritzeko, baina Madrilgo botere eta botere periferikoen arteko borrokan, botere zentrifugoa nagusitzen da, botere zentralista indartsuagoa da. Kataluniako Estatut berria edukiz hustu zuten. Onartu zena ere ez da betetzen ari. CiUk une honetan ez du PSOErekin kolaboratu nahi. ERC ari da kolaboratzen Kataluniako hirukoan dagoelako. Gure kasuan Estatutu berrirako proposamena ez zen tramitatzera ere iritsi, gainera, modu ilegalean utzi zuten legez kanpo. Ez dut autonomien erreformak izapideen bitartez gauzatzera iritsiko direnik uste. Ni ezkorra naiz. Espainiako Estatuaren arazoa betiko da, alderdi estatalek ez dute nazio-anitzaren auzia konponbidean jarriko beren kasa.
Orduan biderik ez dago.
Bidea Galeusca-ren bitartez lan egitea eta borrokatzea da. Estatuko periferiako botereak indartzea da irtenbidea, egunen batean botere hauek ezinbestekoak izan daitezen Estatuaren gobernagarritasuna bermatzeko. Estatuko instantziek beren gobernagarritasuna bermatzeko gure beharra izango dutenean, egungo marko juridiko-politikoa negoziatuko dute katalanekin, galiziarrekin eta euskaldunekin. Estatu nazioanitzera iristeko mailaz maila joan beharko da. Denborari denbora emanez eta pedagogia politikoa landuz. Alderdi estatalek Estatuko lurraldeak eta instituzioen egiturak hobeto funtzionatuko duten konbikzioa ez duten bitartean ez dago zer egin handirik.
Loiolako elkarrizketen edukiak izan dituzte gogoan EAJko Iñigo Urkulluk nahiz LABeko Rafa Diezek.
Bide hori berrartzearen beharra aipatu dute. Halere, EAJ bide alboan geratu zela gogorarazi nahi dut. Bide hori PSOEko Gobernuaren eta ETAren artekoa izan zen, bi aldeek borondate sendoa izan zuten horrela izan zedin. Une batez euforia bizi izan zen, bi aldeak, antza, prozesua ondo bukatuko zelakoan zeuden, puntu hurbilera iritsi bide ziren, biolentziaren amaiera antzematen hasi zen, elkarrizketek porrot egin zuten ordea. Egunen batean azalduko digute zergatik egin zuten porrot. Uneon eszenatoki txarrenean gaude berriz ere: ETAk hil nahian jarraitzen du eta Estatuak alderdi politikoak legez kanpo uzten. Justizia administrazioak zuzenbide penalak erabiltzen ditu errepresiorako mekanismo bezala. Zero puntura itzul gaitezke bide horretatik.
“Loiolara itzultzea edo Estatuak erreforma hits bat lantzea”. Bi aukera besterik ez daudela esan du Rafa Diezek.
Ados nago, baina zehazpen batekin. Ezker abertzalearen gehiengo soziologikoak biolentziarekin bukatu nahi du negoziazio arrazoigarrian aritzeko, hau da, negoziazio positibista gauzatzeko. Alabaina, ezker abertzalea ez da gauza ETAren menpekotasunetik askatzeko, ETAren inpronta militarrak aurrekontsentsura iristea zailtzen du. Areago, negoziazioaren bestaldean PPk eta PSOEk jarrera kontrajarriak izanda. Ezker abertzaleak ez badu ETAren tutoretza gainetik kentzen nik ez dut aterabiderik ikusten.
Hauteskundeen ostean bake eta normalizaziorako bide orria urratzen hasiko da Ibarretxe lehendakaria. Itxaropenik bai?
Bai. Lehendakaria proposamen politikoak egiteko legitimitatea duen bakarra delako. Auzia ez da ETAren eta Espainiako Estatuaren artekoa, Euskal Herriko eta Estatuko ordezkari instituzionalen artekoa baizik. Gaur egun Eusko Jaurlaritza ez da Euskal Herri osoaren ordezkaria, jakina, bere ekimena prozesu luze honetako hasiera bezala ulertu behar da. Bien bitartean, EAJ erabat konprometituta dago lehendakariaren bide orriarekin. Bide hori bide bakarra baita, pragmatikoa eta posibilista. Alderdi estatalek adimen apurra balute saiatu beharko lukete bide hori lantzen eta negoziatzen. Negoziazioaren bidea da politikan aritzeko bide onuragarri bakarra. Gainera, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiek ez dute beren ordezkaritza usurpatzen utziko, ez ETAren aldetik ez ezker abertzalearen aldetik. Gu gara herri honetako gehiengoa –lurraldetasunari dagokionez, berriz diot, oraingoz mugatua– eta Ibarretxe lehendakariak autogobernuaren bidean aurrera egiteko egin duen eskaintza legezko eta bideragarri bakarra da. Ñabardura bat amaitzeko: Loiolan amaitu zen negoziazioa bideratzeko, Batasunak, errealista izanda, Ipar Euskal Herria albo batean utzi zuen. Gainerako abertzale guztiok egin behar izan dugun bezala.