Edorta Mataukok euskaratu du Stefan Zweig idazle austriarraren Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan nobela. Bizitza erabat antolatu eta konbentzionalera ohituta dagoen 42 urteko emakume batek egun oso batez bizitzeko sentituko duen irrika da liburuaren oinarria. Montecarlora joan eta han, 24 urte inguruko gaztea ezagutu du. Jokalari amorratua da gaztea, eta daukan diru guztia galdu ondoren bere buruaz beste egiteko prest dago. Emakumeak hori eragozteko beharrezkoa dena egitea deliberatu du. Gaztea jokorik gabeko bizitza normalera itzultzea da bere helburua. Baina jokalariaren irrika handiegia da.