argia.eus
INPRIMATU
Herriko bozak
Joxemari Ostolaza 2008ko otsailaren 11
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Ate joka, ateak zabalik dauzkagunentzat ez da ezusterik izan. Urtetan herrigintzan elkarrekin gabiltzanok ez dugu arazorik izan gure zerrenda osatzeko. Ez dakit hau ona ala txarra den, dakidana da ezagutzen gaituzten herritarrentzat argia dela, nor garen eta zer nolako balioak defendatzen ditugun adierazteko ez dugula publizitate gizenik behar, gure urtetako jardunak hor direla alegia. Beste zerrendak, eskuindarrenak bereziki izan dituzte lanak jendea biltzen eta egituratzen. Gaitz esanez bete dituzte bazterrak beren arteko haserreak direla medio. Izan ere, Poulou jaun feudalak lanak izan ditu kanpotik bere morroiak kontrolatzen eta bere aginpidetara ekartzen. Inongo lotsarik gabe abertzaleak terroristatzat tratatu dituenak, orain harro agertzen zaigu bere morroien zerrendan holako bi badituela iragarriz. Jada, abertzale izatea ere normala zaio. Frantses nazionalistek behar gaituztela esan nahiko du honek, pastizaren krematzat bada ere. Aukeratutako abertzale bi horiek ez ditugu ezagutzen gure inguruan, sobra ere klandestinoak ditugu aberrigintzan. Hala ere, pozten gaitu orain artean deabru madarikatutzat gintuztenek gure beharra eduki izana. Ongi goazenaren seinale da.