argia.eus
INPRIMATU
Artaldetik ihesi jarriak
  • I

    Hiri bat hiri bat da,
    karakter bat, bera.
    –Ta kanpo-eder ez bada?
    –... ederra galdera!
    Ba, jarri Guggenheim bat!
    Ber-jantzi hobera.
    “Nortasun marka” bat da
    izateko era.
    Izateko, ez da aski
    izatea bera.
2008ko otsailaren 11
Maialen Lujanbio
Maialen Lujanbio, bertsolariaKarlos Corbella
II

Guggenheim, Sagardo-etxe,
Romanikoko arku,
Interpretatze-zentru:
sorgin, gazta, barku...
Herri bakoitzak nahi du
gai bat beretartu,
auzoengandik bereiz,
NORtasun bat hartu
...ta harekin zer egin?
museoan sartu!


III

Hiriaren kasua
pertsonaratzeko
adibide bat: kultur
merkatu latzeko
zenbat sortzaile, denak
elkarren antzeko.
Ta horra paradoxa
aurrekoz-atzeko:
desberdindu beharra...
homologatzeko.

IV

Homologatzaile da
modaren aingura:
denok modako baina
original gura.
Original bai, baina
ohiko modura.
Originalegia
ja arriskutsu da...
Non da “desberdin” eta
“arraroa”ren muga?


V

Desberdinaren bila
giza-inertzia,
balantza guztiz alde
batera jeitsia.
Ta jendeen ihesi lez
joeren gezia:
berezi izatea
arrunt denez ia,
arrunta izatea
da orain berezia.


VI

Zer den zer jakiteko
ja puntu zailean...
Garaion Off ahotsak
tonu garailean
dio, zehar irri bat
dula matrailean:
“Bereiz zaitez (neurrian),
NOR izan (sailean)”.
Tatuatu Guggenheim bat
ipur-masailean!


Doinua
: “Adio luzaideko”.