argia.eus
INPRIMATU
Andres Urrutia
“Euskararekin ez dugu arkeologia egin behar, biologia baino”
  • Andres Urrutiaren egunak 24 ordu baino gehiago dauzkala iruditzen bazaizu, oker zaude. Lo ere egiten omen du. “Lo ondo egitea baita beste gauza guztietan ondo aritzeko bide eraginkorrena”.
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30a
Andres Urrutia
Andres Urrutia Euskaltzaindiako buruaIñigo Azkona

Zure ikasleek, nola esan... oso... zorrotza zarela diote.


Irakaslea pentsatzen erakusteko dago. Jende askok uste du mundua ikasgelan bukatzen dela eta berez konpontzen dela. Ez! Jendeak jakin egin behar du ikasgelatik aparte badagoela mundu bat eta mundu horretan igeri egin beharko duela.

Igeri erakutsi partez, liburu artean ito gaituzte asko eta asko!


Unibertsitatean teorizazio larregi eta “praktika” gutxiegi dago. Hala ere, jendeak hasi behar du pentsatzen praktika ez dela osoa, teoria ere beharrezkoa dela, eta biak uztartzean dagoela gakoa.

Oso ondo geratu zaizu....


Esaten badizute “hemen duzu harria eta hasi pikatzen”, matrailuarekin ez daukazu zereginik, pikatxoiarekin hasi behar duzu. Mentalitateak egon behar du gaituta, beste guztiak tresnak baino ez dira.

Zurea bai harrikada! Notarioa eta euskalduna?!


Jurista euskaldunak bi buztaneko txakurrak gara, ala? Egin dezagun deabruaren abokatuaren lana. Euskararekin ez dugu arkeologia egin behar, biologia baino. Euskara bizirik dago.

Notarioekin ez arkeologiarik, ez biologiarik… Kobratzen duzuena ikusita!


Ez dut nire lanbidea aberastearen ikuspegitik ikusten, zerbitzuaren ikuspegitik baizik. Profesional ona izateko, notarioa da gizartera egokitu behar dena, ez alderantziz.

Horrek ez al du Euskaltzaindiarentzako balio? Teknologia berriekin, adibidez...


Horretan, akademiak edo asmatzen du edo etorkizun beltza dauka. Ezin diogu gure buruari arau-emaile izena jarri, baldin eta teknologia berrietan gu ere sartuta ez baldin bagaude.

Dena ez dela ohorezkoa, burua, osoa, eta urgazlea, konpai!


Hierarkia horrek bere premia eta nahitaezkotasuna baldin badu gobernurako beharrezkoa delako da. Baina horrek ez du parte hartzea kentzen. Hori hala, euskaltzain urgazleak gehiago inplikatu behar genituzke, ez izendatu eta ahaztu.

Txillardegi zer da, ohorezkoaren buru osoaren urgazlea?


Txillardegizale amorratua naiz, eta beti errespetatuko dut hark hartutako erabakia. Miresten dut horregatik. Txillardegi afera honen gainetik dago.

Euskaltzaindia ere oso goian ez ote dabilen. Kalean, behintzat...


Euskaltzaindia geroz eta presenteago egon beharko litzateke kalean. Hala ere, kalean ibiltzen gara. Pentsa, batzuetan sarrera hitzaldietan prozesioak ere egiten ditugu!