argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Altxor preziatuak
  • Erretratua. Gipuzkoa Donostia Kutxa Bilduma.
    Photomuseum (Zarautz, Gipuzkoa).
    Urtarrilaren 15etik martxoaren 16ra.
    Sarrera: 6 euro (ostiraletan doan)

    Photomuseum, Zarauzko Argazki eta Zinema Museoa, altxor kutxa bihurtu da. Erretratua izeneko erakusketa ikusi besterik ez dago museoak eskuratu duen bildumaren garrantziaz jabetzeko. XIX. mendeko eta XX. mende hasierako argazki-bilduma ederra jaso du Photomuseumek Gipuzkoa Donostia Kutxaren eskutik.
Lore Agirrezabal 2008ko otsailaren 13a
Sarah Bernhardt
Sarah Bernhardt-en argazki koloretsuaSarah Bernhardt-en argazki koloretsua
Delgaray familiak osatutakoa da eta milioika euroko balioa du. Guztira, berrehun argazki baino gehiagok osatzen dute bilduma osoa, baina, hasteko, horren zati batekin osatu dute lehenengo erakusketa hau.

Ez da nolanahikoa. Argazkilaritzaren historiako izenik ezagunenak biltzen ditu. Niepce de St. Victor, Nadar, Disderi, Carjat, Bertall, Pierre Petit eta Salomon bezalako argazkilari handiek garai haietako aktore, idazle, politikari, pentsalari eta beste hainbati ateratako erretratu originalak ikus daitezke bertan: Victor Hugo idazlea, Baudelaire poeta, Napoleon III., Jules Verne idazlea, Sarah Bernhardt aktorea…
 
Photomuseumeko horma zuriak ikuslea beste garai batzuetara eramango duten leiho txikiz bete dira erakusketarekin. Argazkilaritzaren lehen urratsak kolorerik gabeak, arkaikoak eta oso estatikoak irudika ditzakegu, baina erretratu horiek ikusi besterik ez dago, garai haiek ere koloretsuak eta bizi-biziak zirela ohartzeko. Horren adibide dira koloreztatutako erretratuak, biluziak, modako argazkiak, aktore ospetsuen erretratuak…

Teknikari dagokionez, argazki zale erromantikoenen gozamenerako, prozesu desberdinak erabiliz ateratako erretratuak ikus daitezke: dagerrotipoak, beira negatiboen bidez egindakoak, heliograbatuak, pelikula malguekin ateratakoak…

Museoko lehen solairuan ikus daiteke hori guztia, baina merezi du igogailua hartu edo eskailerak igo eta, goitik behera, solairuz solairu, argazkilaritzaren eta zinemaren lehen urratsak eman ziren garaietara bidaiatzea. Gure arbasoek irudiari mugimendua emateko sortu zituzten tresnak, zein baino zein bitxiagoak, jaso ditu Phomotomuseumek Kutxaren eskutik. Museoak 15 urteotan osatutako fondoa are gehiago aberastu du Delgaray familiaren bildumak.