“Azkarateko auzapeza izateak satisfazio handiak eman dizkit. Zatitua zen herri bat elkartzea lortu dugu” erran digu Galantek. Auzapez karguan ziur, Kontseilu Nagusian segitzeko ere konfiantza osoa agertu digu. Konfiantzaz eta zuhurtziaz mintzatu zaigu.
Zazpi urte eman ditu Paueko Kontseilu Nagusian: “Hautetsi abertzale bakarra naiz, eta ardura handia sentitu dut mezuak ongi helarazteko. Euskal Herriko arazoak bortizkeriaren itzalpean ageri dira eta kontseilariek nire eskariei elkorrarena egin diete”.
Kontseilariak politikari profesionalak dira gehienak, berak ez du bere burua haien pare ikusten ordea: “Politika jokoa da, jukutria asko gordetzen du bere gibelean. Harreman goxoak ukan ditut kontseilariekin, baina kasu, edozein momentutan zaflakoa ukaiteko prest izan behar duzu. Zerbait ikasi dut, hala ere”.
“Euskal Herria gure indarra” da Euskal Herria Bai-ren (EH Bai) lema.
Iparralde osorako lema da hori. Nik Baigorriko Kantonamenduan “Euskal Herria gure indarra da eta zu eta ni haren pindarra” gehitzen dut. “Zu eta ni” horrek “ez dudala nik bakarrik eginen” erran nahi du. Zerbaiten egiteko besteak ere behar baitira aritu, eta elkarrekin. Pindarrak, berriz, Euskal Herririk gabe lurralde honetan bizi garenok arras gibelago egongo ginatekeela adierazi nahi du. Euskal kultura eta izaera bizirik da, gu –herritarrok– garen heinean. Euskal Herria indartzeak lagundu die herritarrei beren geroa zutik atxikitzen hemen. Inon baino gazte gehiago ari da laborantzan plantatzen, artisauak eta ofizialeak ere beste lekuetan baino gehiago ari dira. Horrek salbatzen gaitu herri eta jende bezala.
“Hegoaldeko dinamikak ABren zatiketa ekar dezake” adierazi zenuen hautetsi nagusi hautatua izan ondoren. Baita halaxe gertatu ere. Egun, zatiketaren ondoren sortu zen Batasuna EH Bai koalizioan dago.
Iparraldeko abertzaleen gehiengoa ABn dago. AB desagertuko balitz, egoera politikoa gaizkitu liteke. Batasunarekin eskuz esku goaz EH Bai-n, batzen gaituena aintzat hartzen jakin behar baita, baina diferentzia handiak ditugu. Bortizkeria afera dela-eta, gure aurkakoek Batasunak auzi honi buruz duen jarrera baliatzen dute eta horrek ez digu batere laguntzen.
Nola ikusten duzu zure burua hautetsi abertzale gisa?
Hautetsia naiz, xantza hori dut. Alta, desoreka handia atzematen dut hautetsien eta militanteen artean, joera guztietako militanteez ari naiz. Hautetsiena eta militanteena bi mundu dira. Militanteak beren buruari mintzo ikusten ditut. Ondo da hori, baina zenbaitetan besteei mintzatzen ere jakin behar da. Eta hori egiteko hitzak ondo hautatu behar dituzu, baita hitzak aldatu ere, beharrezkoa bada. Zure militante lagunek hori onartu behar dute eta ez da beti gertatzen. Zenbaitetan beste mintzamolde bat atzematen dute hautetsien hitzetan, eta “hau beste aldera pasa da” pentsatzen dute. Bilkuretan, batzuetan beldurrez mintzo naizela erraten diet.
Hiriburuko Alain Iriart auzapeza ez da ABren izenean aurkeztu. Hautuak harritu al zaitu?
Ez nau estonatu. Alain Iriart konfiantzazko laguna dut. Talde politikoek beren baitan ixteko joera izaten dute. Batzuetan taldearen izenean aritu ordez, ez da baztertu behar nor bere buruaren izenean aritzeko ideia. Gutxieneko libertatea behar da. Nik ez dut hautu hori egin, baina errespetatzen dut. Berak bere inguruko egoera politikoa aztertu du eta nola jokatu erabaki. Nahiago dut Alain Kontseiluko hautetsia izateko xantzarekin ikusi, ezen eta jarrera politiko tinko baten ordezkari eta xantzarik gabe. Hautatuak bagina gai askotan ari gintezke elkarrekin Kontseiluan.
2x2 errepide proiektua gelditu da. Nola bizi izan duzu gertatua?
Lasserre presidenteak duela bi urte proiektua ez zela eginen erran zigun hautetsiei, baita lerro bakarreko bidea izanen zela ere. Joko faltsuan aritu zen. LEIAk [2x2 errepidearen aurkako taldea] ez zuen sinetsi. Nik, bero-beroan, erabakia bozkatua izanen zen egunean sinetsiko nuela erran nion. Izugarri kexu ibili da nirekin. Berak mezu horrekin bi urtez iraun du, entseiatu da hautetsiak biltzen, baina hauteskundeak hurbildu ahala proiektua baztertu du, galtzeko beldur, naski.
Zer irakaspen atera duzu hortik?
Herritarren mezua eraman dut Kontseilu Nagusira, borrokatu egin behar zen eta borrokatu dut, nire burua engaiatua sentitu dut. Proiektua nola bukatu den ikusteak indar eman dit.
Laborantza Ganbara eratu da azken urteotan. Zer diozu proiektuaz?
Abertzaleok iraun beharra daukagu, baina bortizkeriaren itzalak ditugu gainean. Abertzaleen eta ELBko laborarien lorpena da Ganbara. Haatik, erakundea ilegala dela dio Estatuak. Ezin sinetsia da. Goi-mailako erakundeek errana dute ilegala dela eta ateak ixten zaizkigu, ateak prefetaren esku baitira. Irautea erran dut oixtian, Ganbararen funtzionamendua herriaren sostenguari esker bizi baita. Laborariek beharrezkoa dute Ganbara. Herritarrek –Hegoaldeko kide abertzaleen laguntzaz– diruztatu dute hiru urtez eta emendatuz doa. Ganbarak iraun behar du politikoki onartua izan dadin. Kontseiluko hautetsien aurrean hori erraten dudalarik, hautetsiek legez kanpo dagoela argudiatzen dute, Ganbaren gibelean hau dagoela hori dagoela –bortizkeriaren arazoarekin nahasten dute– diote, garbiki ez dute deus erraten. Funtsean Ganbara ez da aintzat hartzen ordea.
ELBren eta FDSEAren (Departamenduetako Nekazari Ustiatzaileen Sindikatuen Federakuntza) arteko harremanak ere ez dira goxoak.
Alta, laborariek ELB izan dadin inoiz baino arrazoi gehiago erakutsi dute beren egin moldetan. Bi sindikatu hauen laborantza moten artean, hemengo laborantza zer den, zertan den eta zertarako izan behar duen bide egokia erakutsi du ELBk bere hastapenetik. Arazoa da FDSEAk dirua duela, baita lagunak boterean ere.
ELBk antolatutako Lurrama azoka arrakastatsuaren ondoren FDSEAk Baserria izenekoa iragarri du.
Ez dakite bertzerik egiten. ELBk Lurramarekin bertze behin bere lanean kausitu duela ohartu dira, eta haiek ere frogatu nahi dute kapable direla antzeko zerbaiten egiteko. Eta dirua gastatuko dute harritzekoa. Finean, jende gehiago bildu dezaketela erakusteko. Dena ez da zatiketa alabaina, Ossau-Irati sor-markaren araudia lortzeko laborantzan ari diren laborariek bat egin dute, emeki-emeki bi aldeak elkarreratu dira eskualde honetan. Laborariak elkartzea baitezpadakoa da.
Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu da halaber. Zer diozu honetaz?
Max Brisson da EEPko arduradun nagusia eta espantu pixka bat egiten dut aferan: “Nik salbatuko dut euskara” erran ohi du. Brisson jaunak diru kopuruaz goiti beheiti ari da sarri. Nik, hizkuntza ez dela salbatzen diru laguntzen kopuruaren arabera, euskal hiztunen kopuruari begiratu behar zaiola –pario hori irabazi behar dugula– eta azterketek atzerapena erakusten dutela, erraten diot. Diru laguntzarekin euskararen hiltzoria pixka bat baino ez ote den urruntzen pentsatzen baitut.
Anartean euskara ez da ofiziala.
Ofizialtasuna eskatzea ongi da, baina ez dut sobera sinesten Paristik etor daitekeenaz. Euskararen beharra tokian tokiko auzapezei eta herri elkargoei helarazi behar zaie fermuki. Zeren eta EEPko diruaren %9 herriek pagatzen dute eta horren arabera heldu da Estatuaren eta Erregioaren laguntza. Paueko Kontseilu Nagusiak ere herrien elkargoaren engaiamenduaren arabera emanen duela sosa erraten du. Ez badute eskaera sentitzen ez dute sosa ematen. Tokiko eskaerek irekiko dute ofizialtasunaren bidea, baina jendea bildu, konbentzitu eta engaiatu behar da, guztion afera izan behar du.
Departamenduaren afera nola eraman duzu Kontseilu Nagusian?
Departamenduari buruzko informazio eskasa da Biarnon. Biarnesek nonbait sentitu behar dute guk euskaldunok gure departamendua aldarrikatzen dugularik, beraientzat ere mintzo garela, hots, Euskal Departamendua sortzen bada beraiek ere beren departamendua izanen dutela. Hala izanik, PS Biarnon gehiengoa litzateke, halere, harrituta egoten naiz alderdi sozialistak ez baitu deus egiten horren alde. Beste gaietan sozialistek jukutriak erabiltzen dituzte.
Botere politikoaren eragina sentitzen hasten den erakunde batean aritu zara. Zein da zure ondorioa edota lorpena?
Botere guneetan aise da lerratzea, herriaren nahietatik aldentzea. Alta, herritarren eskubideak borrokaren bidez lortu ahal direla ikasi dut. LEIAren mezu eramailea izan naiz eta berau helaraztea erdietsi dut. Proiektu-txostenean parte hartu nuen, eta proiektua geldiarazten lagundu dut. Denborak arrazoia eman dit. Aldiz, Batera plataformaren eskaerak Kontseilu Nagusian horren gutxi entzuteak kezkatu nau. Jendeak usu galdatu dit horretaz, gehiago egin zitekeela pentsatu dut.
Baterak 32.000 sinadura bildu ditu, baina ez da nahikoa afera mugiarazteko.
Ageri denez Euskal Herria ez da entzuna Biarnon ezta Paueko Kontseilu Nagusian ere. Sinatzaile kopuru horrek jendearen arrangura erakutsi du, baina eskaerari bizkarra eman zaio. Lasserre presidenteak “eskaera ilegala dela, ez dela bere egitekoa” dio, prefetak hori erraten duelako. Aferari ihes egiten dio elkarrizketa landu ordez. Euskal Herriaren ukatzea da zinez, eta nik diot, jarrera batzuek ere hazten dutela bortizkeria nonbait. Bortizkeria zinez gelditu nahi bada, zenbaitetan jakin behar da bortizkeria erabili gabe ari diren herriko ekimenei erantzuten.