argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Edaten dugunarekin kontuz
  • Gaur egun osasunaren inguruko kezka ugari dauzkagu: txantxarra, hezur-masaren galera, garuneko isuria, diabetesa, dementzia, minbizia, loditasuna eta beste hainbat, norberaren sexuaren, adinaren, lanbidearen eta beste faktore batzuen arabera. Harrigarria badirudi ere, osasun arazo horiek lotura dute edaten dugunarekin.
Jabier Agirre 2008ko urtarrilaren 28a
Holandako Unilever Health Institute delakoaren laguntzaz –Unilever etxea da Lipton izeneko tearen jabea–, aditu talde batek gida interesgarria argitaratu du zer edan jakiteko. Eduki kaloriko altua duten edarien kontsumoa murrizteko helburua zuten, ezer gutxi ekartzen baitiote horrelako edariek osasunari, kaltea ez bada.

- Ura. Edari gustukoenen artean aurreneko postuan dago. Ez kaloriarik, ezta arriskurik ere, mesedea besterik ez. Baina aditu taldea kezkatuta agertu zen ur botilatuarekin, batez ere zenbait elikagaiz aberastua dagoen botilako urarekin. Zer esango lukete adituek Coca Cola edo Pepsi bezalako enpresa erraldoiek merkaturatu nahi dituzten soda bitaminadun horiei buruz?

- Kaloria likido gozoak. Batez ere freskagarri eta fruta-edari azukretuetatik hartzen ditugu. 1970etik aurrera ikaragarri ugaritu dira horrelako edariak, eta arazo ugari egotzi dizkiete adituek: gehienetan kaloria hutsak izatea, batzuek hortzetako esmaltea hondatzea eta kola-freskagarriak emakumeengan aldakako hezur-masa galerarekin erlazioa izatea.

- Kafea, tea eta kafeina. Neurriz hartuta ez dira arazo iturria, eta babesle ere izan daitezke –diabetesaz, koloneko minbiziaz eta Parkinsonaz babesteko gai direla esan dute–, baina kafeinak zertxobait handitzen du odol-presioa, eta kafe espresak kolesterol mailak igotzen ditu. Haurdun dauden emakumeei kafearekin kontuz ibiltzea gomendatzen zaie; ez dituzte 300 miligramo baino gehiago hartu behar egunean.

- Alkohola. “Pixka bat ezer ez baino hobea izan daiteke, baina asko pixka bat baino okerragoa da, zalantzarik gabe”. Infartu eta garuneko tronbosiek epe luzera eragindako heriotza-tasa baxuagoarekin lotu izan dute ikertzaileek kontsumo neurritsua: anoa bat egunean emakumeengan, eta bi gizonezkoengan. Baina alkohol kontsumo altua pronostiko txarreko hainbat minbizirekin, gibeleko zirrosiarekin, hipertentsioarekin eta bestelako gaitz batzuekin lotuta dago.