Historian gertatutakoak ahaztea ez zela komeni pentsatzen zuen Eva Forestek, eta ahanzturaren kontrako borroka egin zuen bere idazlan orotan. Ahalegin horren erakusgarri dugu Es y no es un cuento, Hiru argitaletxeak kaleratu berri duen liburua. 1985ean Punto y Hora aldizkarian plazaratu ziren lanak dira ia guztiak. Eva Forestek liburu honetan kontatu dituen gertaeretan halabeharrez protagonista izan zirenei buruzko gogoeta egiten da: Jose Miguel Beñaran Argala, Mikel Zabalza edo Joseba Arregi, besteak beste. Baita haien borrero izandakoen aipamena ere. Fantasian oinarritutako ipuinak dira, baina garaiko errealitatetik asko dute, adibidez PSOEren agintaldian indarrean jarritako legeei buruzkoak edo GALen terrorismoaren ingurukoak.