Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak sortua da Bosgarren haria bilduma. Adituen eta zaletuen laguntzaz musikaren ikuspegi historiko-kritikoa eskaini nahi duten liburuz osatua dago. Irakurterrazak eta argazkiz apainduak argitaratzen dira eta egilearen iritziak azaltzen dituzte. Oraingoan, Elliott Murphy dugu protagonista. 1989tik Radio Euskadiko La Jungla Sonora saioa zuzentzen duen Joseba Martin da liburuaren egile. Berarentzat, Elliot Murphy ez da rock munduko ohiko pertsonaia: ez du disko askorik saltzen, ez da telebistan maiz agertzen eta bere musika ez da irrati-telebistetan asko entzuten. Baina Europan 150 bat kontzertu eskaintzen ditu urtero, eta milaka jarraitzaile biltzen ditu. Gainera, Bilbo du jotzeko leku kuttunenetakoa. Horregatik konposatu zituen Green river eta Bilbao Bo Diddley, adibidez.