argia.eus
INPRIMATU
Zilegitasuna eman eta kendu
  • Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Hezkuntza Sailetako arduradunak batera agertu dira hedabideetara Bake Hezkuntza Plan baten berri emateko. Handinahia da plana, itxura guztien arabera, eta era askotako neurri eta jardunak barnebiltzen ditu. Baina, itxarotekoa zenez, berehala piztu da eztabaida eta delako Planaz mesfidati ageri dira bat baino gehiago.
Txoli Mateos 2008ko urtarrilaren 22a
Txoli Mateos
Txoli Mateos EHUko soziologia irakasleaIñigo Azkona
Agian gizartea ez dago guztiz jabeturik hezkuntzak gazteen balio-sisteman izan dezakeen eraginaz. Oro har, gizakion arteko elkarbizitza sustatzeko tresna dugu, eta hori betetze aldera abiapuntu bikoitza du: bata, gizaki guztiok garela eskubide batzuen jabe, eta, bestea, giza duintasunaren kontrakoa dela indarkeria erabiltzea. Oinarri-oinarrizko sinesmen horiek zinez barneratuko balituzte gure gazteek, asko gutxituko litzateke, adibidez, emakumeen aurkako tratu txarren kopurua.

Hala ere, leku gutxi betetzen du gure umeen eta gaztetxoen heziketa arautuan gogoeta moral sistematikoak. Paradoxikoa da hau, inondik inora, eskola, berez, moralaren erresuma delako. Baina balio moral, politiko edota zibiko gehienak irakaslearen sentiberatasunaren arabera igortzen dira. Duda barik, gero eta ahalegin gehiago egiten dira haurrek, eduki zientifikoez gain, bestelako gaiei buruz irizpideak har ditzaten. Ni ziur naiz, adibidez, eskola-umeek askoz ardura ekologiko handiagoa dutela egun orain urte batzuk baino.

Horrekin guztiarekin adierazi gura dut ez dela hutsalkeria, ezta gutxiago ere, gure eskoletan herritar peto-petoak egiteko neurri sistematikoak abian jartzea, gizarte batek herritar arduratsuak behar dituelako. Azken batez, gizartean bizitzeak gainerako herritarrekin konpromisoak hartzeko prestutasuna ekarri behar du, eta horretarako, oinarrizkoa da bestea zure kidetzat hartzea, besteari eskubideak aitortzea.

Baina… gaiaren labaintasuna dela medio, esan du Giza Eskubideen Zuzendariak, eztabaida antzua sortu da gizartean. Minduta, nonbait. Hain zuzen ere, nik esango nuke gai hau labainkorra baino, mingarria dela. Giza eskubideen heziketa hizpide hartuta, zer dela eta itxaron daiteke iritzi trukaketa lasai bat gizarte honetako herritar asko bigarren mailako herritar sentitzen direnean? Atxiloketak, torturak eta ilegalizazio mehatxuak direnean eguneroko ogia, edozein gizarte-mugimendutan lan egiteak kartzelarako txartela dakarrenean, botoa ematea ere eskuratu ezineko pribilegio bihurtu denean, nork espero lezake era erraz batean sortzea lanerako topaleku egokia (sic)?

Bestenaz ere, benetan pentsatu du gure arduradunen batek Bake Hezkuntza Planak, dena delakoa izanda, terrorismoari zilegitasuna (sic) kenduko diola? Xede hori zuela adierazi zuen agintari autonomiko batek. Harrigarria, benetan. Onuragarriagoa litzateke aztertzea zergatik izan litekeen hura zilegia gazte askoren begietara! Zentzu horretan, ez zait bat ere gustatzen Planak egiten omen duen nahasketa: ez da berdina –eta ez da sinesmen kontua, egia soziologiko hutsa baino– jatorri politikoa duen indarkeria eta giza harremanak indarkerian oinarrituta egotea. Ezin dira maila berean jarri, ezin dira era berean artatu. Lehenak, behintzat, Hezkuntza Plan bat baino zerbait gehiago behar du.

Ez da hau garai ona lirikarako, esaten zuen aspaldiko kanta batek. Eta ez dut irudikatu ere egiten nola sor litekeen elkar lanerako topaleku egokirik. Eta, hala ere, sortu beharra dago. Ez dut dudarik.