Horrela ageri da Espainiako osasun-guneen azken estatistikan. Bertan Espainiako Estatu osoko 752 ospitaleren datuak daude –296 publiko eta 456 pribatu–, 2005. urteari dagozkionak.
Urte horretan 72 milioi inguru kanpo-kontsulta artatu ziren ospitale horietan –2001. urtean baino ia zazpi milioi kontsulta gehiago, %11ko gorakada–-. 24 milioi baino gehiago larrialdietan egin ziren, eta horietan, gaixoen %11 ingresatuta geratu ziren.
Bestetik, lau milioi ebakuntza kirurgiko baino gehiago egin ziren ospitaleotan. %88,9 aurrez programatutakoak ziren. Jarduera kirurgikoa bere osotasunean hartuta, ebakuntzen %51,8 ospitalizazio eta guzti egin zen. Kirurgia handi anbulatorioak hartu zituen kasuen %23,7, eta azkenik, %24,4a ebakuntza kirurgiko txikiagoak izan ziren, modu anbulatorioan eginak horiek ere. Horrela, bada, ebakuntzen ia erdia ospitaleratu gabe egin ziren.
Jarduera kirurgikoak aurrerapauso nabarmena egin du azken urteotan. Datu ofizialek denbora tarte handiak behar dituzte informazioa bildu, prozesatu eta konparazio egokiak egiteko. Beraz, esku artean ditugun datuek 2005. eta 2001. urteko egoerak elkarrekin alderatzeko modua ematen digute. Ikus daitekeenez, eboluzioa positiboa izan da.
Lau urteko tarte horretan ebakuntza kirurgikoek gora egin dute, 2005. urtean 2001ean baino 459.413 operazio gehiago eginda –%12,2ko gorakada–. Igoerarik nabarmenena kirurgia handi anbulatorioaren eremuan gertatu zen, sail horren portzentajea %18,6tik %23,7ra igo baitzen. Eremu obstetrikoan ere gora egin du jarduera kirurgikoak azken lau urteotan: 2005. urtean erditze kopurua 2001ean baino %14 handiagoa izan zen, eta horietatik %25,2 zesarea bidezkoak izan ziren. Ospitale publikoetan zentro pribatuetan baino haur gutxiago munduratu ziren teknika horrekin.