argia.eus
INPRIMATU
Inflazioa kontrolagarria da
Juan Mari Arregi 2008ko urtarrilaren 22a
Inflazioa %4,2koa izan da 2007an Hego Euskal Herrian eta %2,6koa Ipar Euskal Herrian. Espainiako eta Frantziako Estatuetan kopuru berekoak izan dira, hurrenez hurren. Diotenez, petrolioaren igoerak eta elikagaien garestitzeak sortu dute inflazioaren gorakada nabarmen hori. Frantziako Estatuan, Europa osoan bezala, petrolioa igo egin da, baina inflazioak ez du hainbesteko igoera jasan. Zeri dagokio bi lurraldeen arteko aldeak (%4,2 eta %2,6)? Gobernuek badakite non dagoen benetako arrazoia. Ez dago soldatetan. Espekulazioan, ia monopolio erregimenean ezarritako prezioetan eta banaketa kate handien ekintzetan dago. Premiazko produktuen prezio igoera espekulazioaren ondorio da, ez baitator bat lehengaien igoera errealarekin. Zergatik igo da ogiaren prezioa %20 zerealaren igoerak produktua 2 edo 4 zentimo garestituko bazukeen? Ostalaritzan, zergatik igo dira prezioak %10 Kontsumo Prezioaren Indizea %4,2 igo bada?

Honek guztiak erakusten du inflazioa kontrolagarria dela. Horretarako espekulatzaileei, ekintza ia monopolistikoak garatzen dituztenei eta banaketa kate handiei aurre egiteko borondate politikoa izan behar dute administrazioek. Merkatu askatasuna argudiatzen da beti arazoari aurre ez egiteko, baina gobernu kapitalista eta neoliberalenek, Madriletik hasi eta Amerikako Estatu Batuetaraino, ez dute zalantzarik egin eta merkatuan esku hartu dute banku eta elektrika handiek zuten beharraren aurrean. Orduan, beraien interesak ziren salbatu beharrekoak. Famili ekonomiek merezi dute merkatuan esku hartzea horretarako garaia heltzen denean. Baina noski, batzuen eta besteen interesak guztiz ezberdinak dira.