EHU-ko Euskara Institutuak erabilpenerako gramatika eta hiztegia sarean jartzeko proiektua aurkeztu du. Proiektuaren kudeatzaileek adierazi dutenez, ekimena originala da, Interneten ez baitago holako egitasmorik beste hizkuntzetan. Gramatika horrek hizkuntzaren entziklopedia izan nahi du, gaiak ohikoa ez den moduan landuko dituzte eta gramatiketan ageri ez direnak ere sartuko dituzte. Gramatikaren informazioa gurutzatua egongo da proiektuaren beste atalarekin, Egungo Euskal Hiztegiarekin. Hiztegiak egungo prosako erabilera arruntean ageri diren hitzak, hitz teknikoak, gramatika hitzak eta historiako informazio osagarria jasoko ditu.