«Banpiroak, kanibalak? Horrelakoek isla dute gaur egungo gizartean eta politikan»
Zer da lehenengo oiloa, arrautza ala Black Sabbath? Azken hori beti dago presente zuen taldeetan…
Argi dago edozein rock talderentzat oso eragin garrantzitsua dela Black Sabbath. Gure kasuan hala izan da egin ditugun talde guztietan. Niretzat, Tommy Iommi
riff-aren erregeetako bat da. Kasu honetan Black Sabbath oiloa da.
Zer arrautza ematen ditu Vice Presidentesek, Neubatek ematen ez dituena?
Estilo zeharo ezberdinak dira. Vice Presidentes indarrean eta amorrazioan oinarritzen da gehienbat; eta Neubaten melodiak garrantzia oso handia dauka. Abestiak egiterakoan oso era ezberdinean bideratzen dugu talde bakoitzean prozesua. Vice Presidentesen ertzaren bila gabiltza uneoro, gure mugen bila, alegia.
Zer premia zeneukaten beste talde hau egiteko? Zer ematen dizue?
Hasieran gure asmoa estilo ezberdinekin probatzea zen… eta zarata asko egitea! Nolabaiteko terapia bezala jaio zen. Apurka-apurka urratsak ematen jarraitu dugu eta azkenean argitaratu dugun diskoan islatu da dena. Baina nik uste dut proiektu honek bere izaera esperimentala oraindik baduela, eta terapeutikoa izaten jarraitzen du guretzat!
Zeren gainekoak dira zuen hitzak, Gasteizen egindako droga atzemateei buruzkoak?
Denetarik aurki daiteke. Gehienak beldurrezko istorioak balira bezala idatzita daude, baina errealitatearekin lotuta daude. Banpiroak, kanibalak… horrelakoek badute isla gaur egungo gizartean eta politikan.
Lan hau Matasellos-ek kaleratzeaz gain, Labatelkuëyoren laguntza izan duzue…
Labatelkuëyori esker gure zigiluak, Matasellosek, behar duen azpiegitura legala lortu dugu. Azpiegitura horren bitartez diskoa leku anitzetan banatzea lortu dugu: denda handietan eta horrelakoetan. Eta Espainiako Estatuan ere banatuko dugu. Oso ondo portatu dira gurekin Labatelkuëyokoak, eskertu beharrean gaude.