Estanis Etxaburu Etxerat-eko koordinatzaileaDani Blanco
Beste ama bat hiru senideekin batera, Teruelgo espetxera zihoan suhia bisitatzera. Betiereko egun ilun eta arriskutsu horietariko batek bere baitan hartu eta hainbat bihotz umezurtz utzi ditu. Zenbatgarren tortura? Zenbatgarren erailketa?
Komisaldegietako tresneriaren erabilpenak, milaka euskal herritarren oihuak dakartza. Tortura. Urte bukaera honetan, errepide luze eta madarikatuak gurutzatzera behartuak diren senideen munduan hamaseigarrenaren heriotza ezagutu da. Euskal hiztegietan “asaldatze” hitzak existitzen al du, bada? Bai, egon baita oraindik orain herri honetako agintari politikorik gertakizun hauek guztiak biolentziaren ondorio direla ukatzen duenik. Umiliagarria benetan, onartezina! Senidea etxetik eraman, egun luzetan torturatu, epailearen axolagabekeria begiz aurre pazientzia osoz bizi izan, espetxeratu, urrundu, isolatu, urte luzetan bakardadean murgilarazi... eta halaxe dutenari maitasuna eta elkartasuna eskaini nahian eginarazitako bide luze horiek hiltzen dituztenean, nolatan bada sufrimendu eta heriotza horiek biolentziaren ondorio direnik ukatu izana? Bai, Euskal Herrian banku makina batek edo egoitzaren fatxada batek eskubide gehiago ditu hainbat eta hainbat euskal herritarrek baino.
Biolentzia egin zaigu lege, eta lege atzerritarren inposizioak herri honi egiten dion eskaintza bakarra. Guzti horren ondorioetan barrena, urtea bukatzen eta berria abiatzen aurkitzen garelarik, balantzeen datu hotzak eta eskandalagarriak agertzen zaizkigu. Aurrera begira eta honekin guztiarekin behingoz bukatze aldera, azken-azkena zenbatgarrena izango ote darabilgun galdera da.
Donostiako Artzain Onaren katedraleko lurrin berezi eta sentikor pean, ohar bat herritarroi: badugu izan sinesmen eta indarrik nahiko egiten diguten guztia geldiarazteko; geurea geureganatzeko; etorkizuna irabazteko, alegia. Animo Lupi eta agurrik beroena Natiri eta gugandik eraman zaituzteten gainontzeko guztioi. Euskal hiztegietan “jarrera” hitza agertzen zaigu. Hitz hori aurre egiteko beharraren argitzat hartzen dugu. Guk jarrera hitzari “borroka” deitzen diogu. Beharraren beharra.