«Jarraitzaile gaztetxo asko izatea da bizirik jarraitzen dugunaren seinale onena»
Une iraunkor hunkigarriengatik ez balitz, Su Ta Garrek ez luke jarraituko?
Seguruenik ez. Hori oso garrantzitsua da, ondo pasatzea. Hori eta zaleak edukitzea. Bi faktore horiek ezinbestekoak dira.
DVD hau egiteko azken urtean anonimotasun gabe ibili zarete, beti kamerarekin?
Ez pentsa. Kamera hori guk aldean eraman dugu, eta nahi izan dugunean besterik ez dugu piztu. Hasieran ez zegoen pentsatuta kontzertuez gain bestelako irudirik kaleratzea, baina polita zela iruditu zitzaigun. Lan handia izan da aukeraketa egitea.
DVDaren helburuetako bat izan da zuen beste alderdiak erakustea? Nola lan egiten duzuen eta nolakoak zareten ikusgai jarri duzue.
Bai, estudioko irudien helburua izan da nola grabatzen dugun erakustea. Eta badira gauza asko normalean ikusten ez direnak. Furgonetan, parrandan… Gure entzuleei dedikatu nahi izan diogu, beraiek ere apur bat protagonista egiteko. Entzuleekin gero eta konexio bereziagoa daukagu; eta guk ere gero eta gehiago estimatzen dugu egiten duguna. Hori transmititu egiten da.
2006 urte berezia izan zen Su Ta Garrentzat. Zuek bakarrik aurrera egitea erabaki zenuten. Balantzea egingo zenukete?
Pozik gaude. Egia esanda, ia ez gara gelditu eta ez dugu denborarik hartu atzera begiratu eta hausnarketa egiteko. Uneoro hurrengo proiektuari begira gabiltza, ahalik eta gehien ematen.
Harrigarria da zenbat gaztetxok jarraitzen zaituzten. Hori da zailena, eta aldi berean bizirauteko berme onena…
Bai, guretzat ikaragarria da. Adin guztietako entzuleak ditugu eta asko oso gazteak dira. Oso berezia da herri batera jotzera joan eta jakitea han daudenak ezin direla beste herri batzuetara zu ikustera joan. Haiek ematen dutena itzela da. Seguruenik hori bizirik gaudenaren seinale da. Egia esanda, urte hauetan guztietan ez gara inoiz gelditu eta diskoak kaleratzen jarraitu dugu.