argia.eus
INPRIMATU
Haurrentzako poemaz betetako urtebetea
  • Ruben Ruiz ::Sekretuak belarrira

    Aizkorri

    orrialdeak ::48

    prezioa ::6.50€

Pilar Iparragirre 2011ko urriaren 05
Lanbidez maisua dugu Ruben Ruiz gasteiztarra eta esan daiteke ikasle dauzkan edo izan dituen haurren adinekoei zuzendu ohi dizkiela idazten dituen liburu guztiak. Aizkorri argitaletxearen eskutik plazaratu duen azkena ere etxeko txikienen artean poesia zaletasuna pizteko asmotan burutu du. Sei urtetik aurrerako neska-mutikoak izan ditu gogoan Sekretuak belarrira poema bilduma osatzerakoan. Urteko hilabete guztiak agertzen dira, hilabete bakoitzean hiru poema. Urtarrilean, ardiari, kazkabarrari eta gorostiari eskainitako lerroak aurkituko ditu irakurleak. Otsailean berriz, zikoinari, behe-lainoari eta ezkiari jarriak. Martxoan ostruka, ortzadarra eta bonsaia izan ditu gai Ruben Ruizek. Apirilean kukua, tximista eta gereziondoa. Maiatzean loroa, galarra eta haize jostuna. Ekainean maskorra, eklipsea eta palmondoa. Uztailean tximinoa, ipurtargia eta zumarra. Abuztuan balea, oskorria eta sahatsa. Irailean otsoa, lurrikara eta makala. Urrian antzara, musua eta haritza. Azaroan usoa, artista eta nekosta. Eta abenduan izokina, txinparta eta pinua. Sekretuak belarrira liburuko poema guztiak Elena Odriozolaren marrazki adierazgarriz apainduta daude.
«Uste dut haurrek jolas bat aurkituko dutela poemotan»

Zer du azpimarragarri lan honek?


Estruktura aldetik esan dezakedana hauxe da: bertan jasotzen direla urteak dituen hamabi hilabeteak. Hilabete bakoitzeko hiru poesia agertzen dira. Aurrenekoa zuhaitzen bati eskainia da; bigarrena, animaliaren bati, eta hirugarrena, natur fenomenoren bati. Luze joko luke den-denak agertzea, baina zuhaitzetan bada ezkia, gorostia, pinua, bonsaia eta bestelakorik; animalietan berriz, ardia, zikoina edo balea besteak beste; eta natur fenomenoetan, kazkabarra, tximista edo eklipsea azaltzen dira.

Nola osatu zenuen lana?


Hasieran, modu inkontzientean. Ohartu gabe hasi nintzen hitzekin jolasten. Akaso inguruak-edo bultzatua ekin nion proiektuari. Baztan aldean nengoen, Elizondon, hango eskola batean maisu nintzen hau idazten hasi nintzenean. Eta konturatu gabe poema guztiek naturaren norabidea hartu zuten. Gero pentsatu nuen hilabete bakoitzean halakoren bat egokitzea, eta horrela osatu nuen bilduma.

Nola kokatu dituzu poemak?


Saiatu naiz naturari kasu egiten. Esate baterako kukuak, noiz egingo du kuku? Apirila aldean. Bada, kukuaren poema hantxe dago kokatua. Izokina noiz bueltatuko da sortu zen lekura? Abenduan. Bada hantxe kokatu dut berari eskainitako poema. Horrela denak. Nolanahi ere, poemon oinarria errima da, eta uste dut haurrek irakurtzerakoan jolas bat aurkituko dutela poemotan, errimek lagunduta. Bestalde, metrikan oso laburrera jo dut, trinkotasuna eta edertasuna bilatu nahian.