argia.eus
INPRIMATU
Lupiañez
Joxemari Ostolaza 2021eko ekainaren 30
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Eguneroko ogibidean nekez izan dezaket aukera askatasunez mintzatzeko, merkatuak aukeratzen baitizkit harremanak. Geroz eta gogorragoa zait lana eta askatasuna batera bizitzen. Bortxatua izan den emakumearen antzera, hala iritzita nago, inoiz torturatua izan denak ezingo du hura ahantzi. Bortxatzaileek ezin omen dute sendatu. Gizarteak ezin ditu jasan eta zikiratze formulen egokiera eztabaidatzen da publikoki. Edonor da gauza iritzia emateko. Gorka Lupiañezen deskribapenen latzak ez du biderik egin jendartean. Ez zuten ospitalizatu behar izan urgentziz. Ez da Igor Portu lesakarraren kasua. Hala ere, txiki-txiki egin izanak publikoa egin du ohikoa dena. Euskal militanteak torturatzen dituzte. Eta Espainia demokrata dela sinetsita bizi nahi dutenen eremutan, egia honek deserotasuna sortzen du. Bertsio ofiziala dute kondoi. Torturatzaileak funtzionario. Eta batzuetan, behar bada, erotu ere egiten dira eta desmasiak egin. Eszedentzia beharko lukete, gogorra baita beren ofizioa. Izan ere, hauek gaizkiari aurre egiten profesionalak dira eta ez eriak. Eta zinismo intelektualak horrela egiten du bide luze eta zabala, isiltasuna ibilgailu eta abiadura handiz. Milaka dira joan urtetan torturatutako euskal militanteak, ahanzturaren ona bizi ezingo dutenak.