argia.eus
INPRIMATU
Just do it
Juan Ramon Makuso 2008ko urtarrilaren 14a
Juan Ramon Makuso
Juan Ramon Makuso
Egin ezazu besterik gabe. Hori izan daiteke izenburuaren bat bateko itzulpena. Eta kirol marka baten lelo honek uste baino hobeto betetzen du XXI. mendeko gure gizartea. Gizarte honetan haustura ikaragarria dago eskolaren eta familiaren artean. Eskola eta kaleko giroaren artean. Berdin zaigu telebista aurrean gaudelarik Kenian gerta daitekeen sarraski bat ikustea eta ondoren arte erakusketa baten irudiak. Eta adibide hauek ongi betetzen dute arestian aipatutako leloa. Edonork egin dezake nahi duena: kotxe bat erosi, neskalaguna jipoitu, homosexual bat iraindu. Just do it.

Arestian aipatu dut gizartean ematen diren hainbat haustura. Bereziki, nabarmenena, gizartea eta eskolarena. Eskolak ezin du zuzendu, berregin, kalean gertatzen dena. Mundu birtual bat eraiki dugu ohartu gabe, eta birtualtasun horrek gainezka egin digu. Eta noski haustura horren aurrean egiten hari garena “pupuan trapua”rena da. Baina kaleak ilunak daude eta argiztatzen ditugu nabarmen. Bakarrik gaude baina zentro komertzialak asteburuetan gainezka daude. Ahaztu gabe gizarte kontsumo honen beste gailurretako bat: denbora pasarena. Denbora kontsumitu. Azken finean just do it.