argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Isatsari tiraka
  • Isatsa, buztanaz gain, beheak garbitzeko erratza ere bada, baita gisatsa ere (Cytisus commutatus). Isuskia ere deitzen zaio, eta hortik Isuskitza ezagunak eta Isusti ezezaguna. Azken hau Huesca eta Monzon artean, Ainsa aldameneko bazkaleku gisa aipatua da 551. urtean, Asango monastegiari egindako emaitza bat jasotzen duen kartan.
Jakoba Errekondo 2008ko urtarrilaren 15
Cytisus scoparius.
Cytisus scopariusCytisus scoparius.
Toponimian sarri azaltzeak ez gaitu inolaz ere harritu behar, makina bat lanetarako gai izan baita isatsa. Dolarean, erratzaren tankera berean, garbitasunerako eta iragazkitzarako. Labeetan ere bere adarrak eskuera beti, bai erregai gisa bai ogia sartu aurretik errautsak garbitzeko. Gereta eta erromarak egiteko gaia. Zeta harrak hazteko etxolak josteko. Adar gazteak urtatuz edo ur-hantatuz irukin zuntza ken dakioke, soka eta kordak bezala oihal oihes edo zarpailak egiteko gaia. Ilar, indaba eta antzekoen zarba eta pardatarako, barrika-uztaitarako... Erretako adarren sutautsa edonorako ongarri potasadun ederra da. Suaz mintzo, tximini edo kebide, horma eta sabaietako kedarrak garbitzeko. Langintza honetan erabili izan den isats adar floka edo mortxakari “praileburu” deitu izan zaio. Oterik ez denean ordezko ona da luarra eta luatza egiteko, egun konposta edota simaurra diegunak egiteko, baita horien oin den ganaduaren ohe edo azpitarako ere. Hain gai ona, ez bazen sortu egin behar eta erein ere egin izan da, otea bera bezalaxe, baita bazkatarako ere.

Kantauri itsasoko ertzean beste inon ez bezala berezkoa da isats hau. Isatsen artekoa den beste bat bada hegoaldean, Mediterraneoari begira bizi dena, Cytisus scoparius. Izenak berak eskobatartzen du. Biak karaitzetik ihesi bizi dira, luberri eta lurrazala gordin kendutako sailetan are ezponda eguteratan, berriz, ezpain miazka nabarmen. Ezpainetatik bazka, isatsak han duen genêt izenetik datorren génestade gaitza deskribatzen dute albaitariek Frantzian, isatsetik asko jaten duten ardiek pixa odoltsua egin eta apetitua galtzen omen dute, guk maskuriko katarroa deitzen duguna, alegia.

Nagusi zakurra eta zakur nagusia bezala, esku-eskuan hurrean izateak bat egiten omen du, eta maiz sendagai ere izan dugu isatsa. Egun inondik ere ez erabiltzeko diote jakitunek, baldin eta, adibidez, bihotzaren giharraren eroankortasun elektrikoa asaldatu nahi ez baduzu, behinipin.