A.C / Argazki Press
Tortura kasuen inguruko datu zaparrada uholde bihurtu da Euskal Herrian: ehunka atxiloturen testigantza lazgarriak, ehunka salaketa judizial, dozenaka epai tortura frogatzen dutenak, nazioarteko erakundeen salaketak eta gomendioak (Amnesty Internationak, Torturaren Aurreikuspenerako Batzordea, NBEaren aholkuak...), torturatzaile gisa zigortutako Guardia Zibil eta polizia indultatuak...
Gura adina argi polizi sotoetako iluntasunean ikusi gura duenarentzat. Baina datu anabasa, ahanztura eta konplizitatea tratu txarrak babestu edo ezikusiarena egin gura duenarentzat. Eta Espainiako agintariengan bi eratako jarrerak ikus daitezke, batzuek argi eta garbi babesten baitute tortura eta beste batzuek, moralki babestu ez arren, ez dute inoiz benetako indarrik izan egoerari aurre egiteko. Hemerotekak aztertuz gero, bi jarrera hauen arrastoak samur topa daitezke Espainiako botereguneetan azken 30 urteetan txandakatu diren bi tradizio politiko handietan, bai eskuinean (PP) eta bai ezkerrean (PSOE).
Espainiako prentsa izan liteke bi jarrera horien isla garbia. GAL aferarekin El Mundo-k astindu zuen garai batean Felipe Gonzalez, baina gerora inoiz ez du izan kazetari ikerketa zorrotzik egiteko tortura salaketen inguruan. Igor Porturen kasuan El Pais erakusten ari den jarrera ere esanguratsua da: Porturen txosten medikua eta Barne Ministerioaren arteko azalpenaren artean argi-ilunak zirela adierazi zuen hilaren 7an; 8an erabateko sinesgarritasuna eman zien Alfredo Perez Rubalcabaren berbei; eta 14an berriz ere torturen inguruko zalantzak aireratzen dituen artikulu luzea idatzi du bertako kazetari izarretakoa den Jose Luis Barberia. Besteak beste, erreportajean emandako datuetan, ETArekin lotutako atxiloketen artean, azken legealdi honetan 147 tortura salaketa artxibatu ditu Espainiako justiziak.
Azken bi urteetan izan dira Espainian tortura eta tratu txarrei mugak jartzeko ekimen batzuk. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak protokolo zehatz batzuk jarri ditu indarrean, Eusko Legebiltzarrak inkomunikazioaren amaiera eskatu du, Baltasar Garzonek eta beste epaile batzuek atxilotuen komisaldegiko egonaldiak kameraz grabatzeko agindu dute; pisuzko zenbait kazetarien artikuluak (El Pais-eko Soledad Gallego-Diaz...) Baina torturak bere basatienean jarraitzen du, besteak beste, Portu, Sarasola edo Lupiañezen kasuak erakusten duten moduan.
Torturaren legez kanpoko erabilera onartzen duenak, berau azalera ez dadin bideak ondo baino hobeto jorratuak ditu Espainian. Onartzen ez duenak ez du Guardia Zibilak ordezkatzen duenari aurre egiteko nahiko gogo eta indarrik.
Jarrera onartezinak dira biak, baina Espainian ulergarria izan daiteke Guardia Zibilaren aurrean gordetzearena. Eta Euskal Herrian? Hori askoz txarrago ulertzen da hemen, besteak beste azken 30 urteetan populazioaren zati handi batek ezagutu –eta askok nozitu– duelako oso gertutik bere kideen jarduera berezia.
Ertzaintzak ere bildu ditu tortura eta tratu txarren salaketak bere baitan eta bere sorreratik Herrizaingoan EAJk agindu badu ere, ezin liteke esan EAJ torturarekin ados dagoenik, aurkako bere jarrera argi erakutsi baitu sarritan, zalantzarik ez izateko moduan. Baina, beste kontu bat da, Espainiako segurtasun esparruaren kudeatzaile den neurrian, segurtasun hori kudeatzeko moldeen parte ere badela neurri batean, eta horrek sarritan egoera zail eta kontrajarrian jartzen duela.
Gaur gaurkoz, eta areago biolentzia ziklo berri honetan, Espainian konponbide gaitzeko gaia da torturarena, baina euskal gizartetik eta, bereziki, autonomiaren erakundeetatik askoz presio handiagoa egin gabe maila guztietan, are eta zailagoa izango da. Eusko Jaurlaritzatik, Eusko Legebiltzarretik, diputazioetatik, udaletxeetatik... Askoz gehiago egin liteke, eremu guztietan gainera, kontzientziazioan, kasuen ezagutaratzean, babes humanoan, salaketarenean, judizialean... Askoz gehiago.