Misterio nobela baino gehiago da hau.
Norbaitek pentsa dezake misteriozko eleberri bat irakurtzera doala –badago hiltzaile bat, hilketa batzuk egiten dituena–, baina inor ez dadin nahastu esan nahiko nuke misterioak berak baino beste hainbat alderdik hartzen dutela garrantzia
Perfumea-n. Hain zuzen ere, gizakiari loturiko egoerak eta jarrerak: bakardadea, bazterketa, hipokresia, norberak besteen onespena lortzeko duen premia...
Zer azpimarratuko zenuke Süskind-en lan honetan?
Egileak zein maisuki lortzen duen irakurlea protagonistaren larruan sartzea. Iruditzen zait eleberriaren hasiera samarretik eta azken lerroraino irakurlea protagonistarekin oso estu lotuta sentituko dela, harekin bat eginik. Protagonistak badu bizitzan helburu tinko eta iraunkor bat, eta hori lortzera bideratuta egiten dituen ekintza guztietan berarekin nolabaiteko konplizitatea-edo sortzen digu, baita ekintzarik gaitzesgarrienak egiten dituenean ere.
Nolakoa izan da itzulpen lana?
Perfumea itzultzeko proposamena jaso nuenean, halako bertigo edo zorabioa sentitu nuen, ikusita zer erantzukizuneko lana zen; jakinik hau plazaratu ondoren ezingo nuela oharkabean igarotzeko perfumea neureganatu (kar, kar). Dena den, baiezkoa ematea erabaki nuen, eta ez naiz batere damutu. Plazer hutsa izan da niretzat lan hau itzultzea. Izan ditut hainbat zailtasun, jakina: deskribapenak usaimenaren bidez adierazteko, eta batez ere errealismo magikoko ukitua duten pasarteak islatzerakoan.