«Nafarroan sekulako probintziakeria dago»

  • Tutera, 1966. Aita iruindarra eta ama tuterarra ditu. Amaren ama berriz, katalana. Zortzi urte bete arte Bartzelonan bizi izan zen. Itzultzailea da Nafarroako Gobernuan. Historian doktore eta nazionalismoetan aditua: Mater Vasconia. Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos eta Una historia de las lenguas y los nacionalismos liburuen egilea. Mundu akademikotik aparte dabil, bakarti. Gu, nafarrok (Alberdania) karrikaratu du orain berrian: saiakera laburra bezain iradokigarria. Pentsalaria bezala ekarria izaki, berarekin ukaniko solasaldiak pentsarazteko parada berretsi digu.
Xabier Zabaltza
Xabier Zabaltza itzultzaileaJosu Santesteban
Pentsamenduaren garai ahulean bizi omen gara. Hartara, osasungarria da solas sendoak urratzea: “Gure ziurtasun eza erradikalkerian ezkutatzen da askotan. Gero eta ez-seguruagoak izan gero eta ‘erradikalagoak’ izaten gara maiz. Oso jarrera edipikoa da. Nazionalismoetan ere ageri da hori. Konfiantza gehiago behar dugu gure baitan” diosku Xabier Zabaltzak.

Euskal Herria eta Espainia hizpide ari gara, Nafarroa bitarteko: “Zer diferentzia da hipermerkatuetara joaten den espainol eta euskal nazionalisten artean? Kontsumismoaren erresuma da nagusi gurean, horretan ez dago diferentziarik. Beti ari gara bandera gora eta behera, hizkuntza gora eta behera –gehienetan erdaraz–, baina ez gara funtsezkoaz –etxebizitzaz, elikagaiez, erregaiez...– eztabaidatzeko gai. Horrek gure arteko ‘gatazka’ azalekoa dela ageri du. Kontua da ekonomikoki oso ondo bizi garela, eta niretzat gatazka are mingarriagoa da, penagarria” azaldu digu Gu, nafarrok saiakeraren egileak.

Historiaren bilakabidean orainak du munta, alta bada, geroa ere ageri da solasean: “Gero eta herritar gehiago dira guraso nafarrak ez dituztenak. Horiek, oro har, irrikaz daude gure gizartean sartzeko, baina ez euskara ikasteko, guk adina kontsumitzeko baizik. Nazionalismoek ez diote etorkinen aferari erantzuten ordea, ez Espainiakoak ez euskal nazionalismoak. Eta arazoa zinez serioa da”.

Nafarroan euskara normaltasunez onartarazteko erdibidea bilatu behar dela dio, muturreko joerak baztertu eta kontsentsua hobetsi: “Ez naiz oraingo egoerarekin konformatzen, Nafarroa integratua nahi dut. Euskalduna edo espainola izatea hain inportantea ez den Nafarroa nahi dut”.

Zergatik Gu, nafarrok liburua?


Nahiko aspertuta nago Nafarroako panoramaz. 30 urte eman dugu nork bere mintzaldia botatzen –gure buruari euskaldunak edo espainolak garela errepikatzen– ondokoak dioena aintzat hartu gabe. Nafarrok garenaz sintesia egiten saiatu naiz liburuan.

Liburuaren tesia berriz, zein izan liteke?


Nafarroan bi komunitate sortzeko arriskua dagoela iruditzen zait, arriskua dela diot, sortu litekeela, ez badaudela. Batzuendako Nafarroa ez da inportanteena, Espainia baizik, eta besteendako ere ez, inportanteena Euskal Herria delako. Hortaz, Nafarroa umezurtz geratu da nolabait. Ez badugu nolabaiteko izaera politiko komuna osatzen komunitateen arteko liskarra gertatzeko arrisku handiagoa dago geroan.

Liburuaren azala iradokigarria da. Euskal Herriko eta Espainiako armarriak Nafarroako kateek lotuta ageri dira.


Espainiako armarria da, baina koroa kenduta (irriak). Nafarroa liskarrerako zioa izan daiteke betiko edo konponbidearen gakoa. Nafarroak bide egin lezake bi nazionalismoen artean, baina horretarako baldintza da gure buruaz ziur sentitzea, egun ez dena.

“Nafarroa abertzaleen huts egiterik handiena da” esana duzu.


Bai. Euskal abertzaleek ez dute Nafarroa ulertu. Erdialdea ozta-ozta ezagutzen dute. Erribera terra inkognita da haiendako. Erribera eta Erdialdea ozta-ozta ezagutzen badituzu, Nafarroa ez duzu ezagutzen. Abertzaleek X-XII. mendeko Nafarroarekin amesteko joera dute. Hori gertatzen da gaurkoa interesatzen ez zaielako. Orduko Nafarroarekin amesteko joera dago oro har.

“Jendea euskaldun edo espainol identifikatzen da, ez da nafar sentitzen” ere esana duzu. Harriduraz hartu dut nik.


Ez dut hori esan. Eta esan banuen, ez nuen ongi esplikatu. Ez dut jendea nafarra sentitzen ez dela esaten, nafar sentimenduak beste zerbait ezkutatzen duela baizik, inportanteagoa dena benetan. Denek nafarrak direla diote, baina batzuendako nafartasun horrek euskal herritartasuna ezkutatzen du eta besteendako espainiartasuna. Arazoa da, nafartasun horiek ez dutela komunitatea sortu.

Zu nafarra izaki, nola azaltzen duzu zure burua?


Oso apal. Nire burua identifikatzeko lehen hitza euskalduna da. Ondoren espainiartasuna, nafartasuna hirugarrenik. Europartasuna ere sartzen dut. Europan edo kanpo gaudenean, gure burua azaltzeko horrelako sentimendua ere izaten dugu. Sentimendu asmatua, gainerako guztiak bezala.

Espainiartasuna nolakoa?


Nire espainiartasunak ez du jite politikorik noski, kulturaren eta historiaren aldetik jasotako sentimendua da.

Aberriak ez dituzu gustuko. Tomas Meaberen “Mi patria empieza en mí y termina en ninguna parte” aipua hizpide izan duzu liburuan.


Meabe sozialista zen, sozialista espainola. Hori ukaezina da. Baina Meabek ez zuen hori Espainiaren batasuna justifikatzeko esan, gaur egun batzuek egiten duten bezala. Aberrien eta nazionalismoen inguruan manipulazio handia dago. Nik aitor dut ezin dela manipulaziorik gabe bizi, onartu behar duzu erabiliko zaituztela.

Adibiderik?


Begiratu Google-n. Nire artikulu batzuk Valentziako eskuin muturreko webgune batean daude. Irakurri gabe, noski. Hori gutxienekoa da [ironiaz]. Nik “lurralde batean hitz egiten den hizkuntza dialektoa edo hizkuntza ote den erabakitzeko inportanteena jendearen borondatea dela” diot. Haiek “valentziera ez da katalana” gehitu dute. Nik ez dut azken hau esan, noski. Beraz, manipulatu naute.

Lauaxetaren “Naparruan ezta aberririk” aipua ere oso adierazgarria da.


Eta aitortu behar dut, neronek Lauaxeta manipulatu dudala. Lauaxeta ez baitzen Nafarroako gatazkaz ari. Aipua Amaiurko poemaren zatia da. Amaiurko gerraz ari da, Nafarroaren independentziaren galeraz ari da. Ez du zerikusi zuzena nik landu dudan gaiarekin, baina aipua egokia iruditu zait. Historiaren irakurketa egitean burutzen dugun manipulazioa begi-bistan uzteko ere egin dut, nolabait.

Zazpiak Bat kontzeptua nahiago duzu Euskal Herria baino. Liburua Euskal Herriko hiriburuan egina dela idatzi duzu hala ere.


Hori ere nahita egin dut. Denok ditugu gure kontraesanak, argi gera bedi. Ez gara konturatzen zer eskasiak dituen Euskal Herri kanoniko honek. Euskal Herriko mapa [egongelan du paratua, hari begira jarri gara] erakargarria da, maitagarria. Bertan hainbat hizkuntza hitz egiten dira. Areago, Nafarroako zati batzuetan ez da inoiz euskara mintzatu –ez Bizkaian ez Araban ere–. Horri Euskal Herria deitzea ondo iruditzen zait, baina konturatu behar dugu zertaz ari garen. Euskal Herria deitzeagatik hizkuntza bakarra mintzatu behar dela pentsatzeko joera dago eta hori ez zait errealista iruditzen.

Autonomien Estatutuaren atala Jaime Ignacio Del Burgo eta Xabier Arzalluzen aipuen harian ehundu duzu.


Nafarroako eskuinaren barruan bi joera izan ziren trantsizioan. UCDren inguruan bata eta berehalaxe sortu zen UPNren inguruan bestea. Baturik daude orain, orduan ez. Ez dut dudarik, gauzak beste era batean egin izan balira Del Burgoren aldekoak ederki asko egokituko ziratekeen lau probintziek osaturiko autonomia erkidegoan. Aizpun eta besteak ez, jakina. Zer esan –nafarra naizen aldetik– EAJk Nafarroarekiko izan duen utzikeria galantaz?

Nafar gehienak espainiar sentitu arren, kulturaz euskal herritar sentitzen direla diozu.


Bai. Denok izan dugu arbaso karlista edo liberalen bat, foruzalea. Nire aitatxi Tuterakoa zen eta EAJkoa. Nire amak ez zekien hori gerraren ondoren izugarrizko isiltasuna izan zelako. Gure amak bere aita jeltzalea zela jakin du nik esan niolako. Dena den, gehienendako inportanteena Nafarroa dagoen moduan mantentzea da, Espainiaren batasunean alegia.

Egungo historiografian karlistaden foruzaletasuna gutxiesteko joera dagoela diozu.


Gutxiesteko idatzi dut, ez dut ukatu hitza erabili. Afera hau da: lehenbiziko gerra karlista ez zen foruengatik hasi. Egia da liberalak eta karlistak saiatu zirela bakea eta nolabaiteko konponbidea lortzen foruetan oinarrituta. Beraz, esan dezakegu foruek ez zutela eraginik hastapenean izan, baina nolabaiteko eragina izan zutela bukaeran. II. Karlistadan berriz foruzaletasunak eragin garrantzizkoagoa izan zuen. Batzuek esaten dute karlistaldiak foruengatik gertatu zirela erabat, baina ez da egia. Bestetzuek foruek ez zutela inolako eraginik izan karlistadetan eta hori ere ez da egia. Horregatik erabili dut gutxietsi hitza.

Ororen buru, nafarrak ez zaretela hain diferenteak diozu.


Hori da. Baina nafarren egoarendako oso gogorra da hori. Ez gara diferenteak Euskal Herriko, Espainiako eta Europako barnean garelako. Eta bi nafartasunez ari naiz, biak ez dira elkarrekiko hain diferenteak, nafartasuna ez da hain diferente beste sentimendu erregional edo nazionalekiko. Baina hemen sekulako probintziakeria dago, handiena instituzioek bultzatuta. Eta egia esan ez dut hortik ateratzeko modurik ikusten. Liburua hortik ateratzen laguntzeko gogoeta saio xumea da.

Azkenak
Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Eguneraketa berriak daude