argia.eus
INPRIMATU
Heriotza atarian
  • Berriro egokitu zait urtearen amaieran adiskideen eta ezagunen heriotzak pilatzea. Hamar egunetan lau hileta izan ditut. Horrelakoetan eginkizun berezia dagokit: txistuaz lagundu familiaren eta ingurukoen samina. Eskuarki hildakoarekin lotzen den doinu batetik abiatuta, bat-batean sortzen dut eresia.
Jose Ignazio Ansorena 2008ko urtarrilaren 07a
Jose Inazio Ansorena
Jose Inazio AnsorenaJudit Fernandez
Egia da heriotzak ia beti ustekabean harrapatzen gaituela. Hildakoa laurogeita hamazazpi urteko pertsona gaixoa bada ere, maite izan badugu, erraietatik zerbait erauzi digutela iruditzen zaigu.

Ez naiz Karlos V.a enperadorearen antzekoa, nekrofiloa. Famak dioenez, bere hileta bizirik zegoela osparazi eta xehetasun guztiak kontrolatu zituen. Askok ere halako nekrofilia izpiak agertzen dituzte euren heriotzondokoei buruz hitz egitean. “Niri honela egin edo bestela ez egin”, agintzen diete ingurukoei. Niretzat, osabaren esaldi maitea hobea da: “Hil eta gero, salda bero”. Nahi duzuena egin nirekin. Kapritxo bat eskatzekotan, hauxe: mesedez eskela bakarra jarri, alferrikako gasturik ez.

* * *

Ez naiz heriotza zalea, baina maite dut heriotzak bizitzari eta biziari jartzen dien amaierako puntua. Zentzua ematen die biziaren hari eta ildoari. Eta arbuiatu egiten ditut heriotza kontuan hartu nahi ez duten kultura eta pedagogia, egunotan nahikoa zabalduta dagoen mindulinkeria. Grabitaterik ez balego bezala bizitzea inori ez zaio bururatzen. Heriotza hortxe dagoela, zain, kontuan hartzen ez duten bizitza egitasmoak horixe bezain eroak dira.

Heriotzarako prestaketa kolektibo eta kulturalak, lagun dezake pertsona bakoitzak bere eta hurbilekoen heriotzari aurre egiteko tresnak errazago aurki ditzan. Gure garaietako ezaugarria da, sozietate modernoetan, norbanakoari asko, agian gehiegi eskatzea. Libertatearen izenean, indibiduoaren eskubideen izenean, munduratze ekitaldia gogorregi bihurtzen ari gara. Umeei, askotan, ez zaie erlijio praktikarik irakatsi nahi: handitan beraiek erabakiko dute. Erlijiosoa ez den bestelako erritualik ez dagoenez gure artean, heriotza aurrean errito kontsolagarri eta emozio bideratzailerik ikasi eta esperimentatu gabe geratzen dira. Heriotzatik eta gaixotasunetik urruti mantentzen dira: izango dute sufritzen ikusteko aukera. Amona edo aitona hiltzekotan badago edo hiltzen bada, ez zaizkio bilobak azken musua ematera ekarriko, heriotzaren aurpegia soma ez dezaten.

Saiatu gabeko jendea prestatzen ari gara. Bizitzaren partida jokatzera bidaltzen ari gara gure gazte jendea, entrenamendu eta ekipo egokirik gabe.

Ez dut esan nahi besterik gabe mundu tradizionaleko moduak berretsi behar direnik. Aldiz, esku hutsik ezin ibil gaitezke hain garrantzi handiko kontuetan. Molde berriak sortu beharko ditugu. Eta sortzeko zaharrek ibilitakoak aztertu behar, haietan baliagarri den guztia erabili beharko dugu. Asko dago baliagarri. Maiz azalean aurkitzen ez bada ere.

Datu bat. Munduan pertsonak bizi direnetik 80.000 milioi inguru jaio, bizi eta hil dira. Ikasteko aukera izan da noski. Eskarmentua dago. Azkarrak bagara, begiratu egin beharko diogu.

* * *

Gure umetan, jokoan aritzen ginenean, talde irabazlea maiz hasten zen garrasika: “Hemos ganau, la bandera de Bilbau...”. Galtzaileok –ni gehienetan galtzaile– garrasi ozenagoz erantzuten genien: “Hemos perdido, pero nos hemos divertido...”. Heriotzaren aurrean galtzaile seguruak garenez, hori gutxienez ikasi beharko genuke egiten.