Agurtzane Intxaurraga antzezleaDani Blanco
Urria amaituta zegoen, telefonoz bestaldekoak Antzerki produkzioen diru laguntzen –epaimahaian egoteko– eskaera egin zidanean. “Nola? Borreroarena egitea eskatzen ari zarete?”. Ezetz esan nien. Nik ez nuela nire burua lan horretan ikusten. “Norbaitek egin behar zuela eta nor hobeto hainbat eta hainbat urtez diru laguntza horren eske joandako bat baino, profesioa barru-barrutik ezagutzen zuen bat baino...” argudiatu zidaten.
“Baina nik atseden urtea hartu dut”, esan nien. “Horrexegatik behar zaitugu hain zuzen ere, ez duzulako ezer eskatzeko. Hara joanda ez duzulako ezer galtzeko”. Eztabaidan bost minutu aritu ondoren, baiezkoa eman nien. Telefonoz bestaldekoak zorionez arrazoia zuela baieztatu nuen gerora: ez nuen ezer galtzeko, asko nuen ikasteko.
Egun gutxira ailegatu zitzaidan informazioa. Zazpik osatuko genuen epaimahaia, programazioari lotuta zeudenak lau ziren eta hiru, modu batera edo bestera, konpainiei lotutakoak. Pozez hartu nituen besteen izenak, lehen aldiz epaimahai osoa euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko gai baitzen, lehen aldiz zazpitik hiru emakumeak baikinen.
Lan astuna. Aurretik, 35 proiektu potolo goitik behera irakurri beharra neukan. Antzerki konpainien etorkizuna esku artean neukan urte berri honi begira eta banekien erantzukizunez jokatu behar nuela. Edozein eratara, nik banekien ere zein garrantzitsua zen norbere proiektua epaimahaiaren aurrean defendatzeko ematen duten hamabost minutuko tartea. Marraren alde hori nuen nik batez ere ezaguna. Urteak neramatzan taldeko proiektuak defendatzen. Baina Gasteizen bi egun osoz nire lankideen defentsak entzun eta gero jakin nuen nire usteak motzak geratu zirela. Bedeinkatuak hamabost minutu horiek! Hauexek besteak beste han ikasitakoak:
- Erakutsi segurtasuna, sendotasuna hitzetan. Baikor beti.
- Erakutsi proiektuarekiko zure maitemina, otsoen aurrean ere defendatzeko prestutasuna.
- Erakutsi proiektuaren beharra gizarte honek aurrera egite aldera.
- Erakutsi talde lana.
- Erakutsi proiektua bera, hitzekin, sortuko diren irudien kontakizunarekin, han entzungo diren soinu eta doinuekin.
- Erakutsi hemendik aurrerakoak zenbat balio duen, aurrekoak ahazmenean uzteko moduan.
Eta batez ere Erakutsi ez zatozela eskean, proiektu on bat eskaintzera baizik.
Orain etxeko lanen ordua iritsi zait. Proiektu guztiak ikusi nahi nituzke eta han hartutako erabakiak alferrikakoak ez zirela izan erakutsi neure buruari. Eurei zor diet!