Lurra ez da eguzki-sisteman hodeiez inguratuta dagoen planeta bakarra, Artizarrean eta Martitzen ere hodeiak baitaude. Hori dela eta, urrutiko behatzaile batek bi horietan ere bizia dagoela ondoriozta lezake, baina orain arteko ikerketen arabera ez da hala. Beraz, hodeiez gain beste zerbait beharko litzateke bizia dagoela ziurtatu ahal izateko.
Zerbait hori, IACeko ikerlarien arabera, planetaren errotazio-abiadura da. Lurrean dugun klima, hain zuzen, bi faktore horiek –hodeiak eta errotazio-abiadura– elkartzetik sortzen da. Beraz, planeta batek Lurrarenaren antzeko errotazio-abiadura duela neurtuko bagenu, planeta horretan bizia egon daitekeela susmatzen has gintezke. Hodeiak edukiz gero, jakina.
Garunaren eta hitzaren arteko harremana
Giza garunak bi zati desberdin ditu. Ezkerreko hemisferioan hitzak ekoitzi eta deskodetzen dira; eskuinekoan, berriz, hitz egiten duenaren ahotsa ezagutzen da. Gizakiongan, hainbat animaliarengan bezala, ezkerreko entzumen-kortexa eskuinekoa baino askoz ere garatuago dago, eta bertako neuronek askoz lan astunagoa egiten dute.
Hainbat behaketa sistema erabiliz, ezkerreko eta eskuineko kortexek jarduera elektriko neuronal desberdina dutela ikusi da. Horrela, ezkerreko aldeak azkarrago prozesatzen du entzumenarekin zerikusia duen formazioa eta fonema desberdinak bereizteaz arduratzen da nagusiki. Eskuineko aldea sentikorragoa da ahotsaren gorabehera akustikoenganako eta baita hitzek eduki ditzaketen zenbait aldaketarenganako ere. Hain zuzen, hitz egiten duenaren ahotsa ezagutzeko ezinbestekoak dira ezaugarriok.
Ezkerreko aldean, aldaketa elektriko handiak antzeman dira mingainaren mugimenduak kontrolatzen dituzten guneetan. Ahoa mugitzea ahalbidetzen duten guneetan, aldiz, aldaketa elektrikoak motelagoak dira. Antza denez, hitz egiteko eta entzuteko guneak elkartuz joan dira eboluzioaren eraginez eta elkarketa horretan autismo edo dislexia bezalako arazoen zergatia egon daiteke.