argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Kale itsuaren aurreko galderak
  • Zer pentsatzen ote dute herritarrek Euskal Herriko etxe ugaritan bizi den sufrimenduaz? Oso desberdin pentsatuko ote dute bloke espainiarzalekoek -PP eta PSOEkoek- eta bloke abertzalekoek gehi Ezker Batukoek? Edo akaso banaketa ez da hori eta ETAren biolentzia onartu eta onartzen ez dutenen artean dago lerroa? Edo banaketa Estatuaren biolentzia zikina -garbia ere ba ei du eta- onartu eta onartzen ez dutenen artekoa ote da?
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko urtarrilaren 03a
Etxerat
Etxerateko hainbat kideAndoni Ganellada/Argazki Press
(Eta banaketa lerroaz ari naizela, beti ere herritar batek beste herritar batzuen sufrimendua ulertzeko ikuspegitik ari naiz). Edo akaso ez ote dago zatiketa lerro bakarrik eta aipatutako gizarte taldeetan banaketa lerro desberdinak daude kasuan kasuko gai eta egoeraren arabera? Edo une batetik aurrera sufrimendua ez ote da ikusi ere egiten? Eta besteen sufrimendua ikusten ez denean zertan bihurtzen da pertsona? Sufrimendu eragilearen konplizea? Munstroa? Harri koskorra? Edo, besterik gabe, arrazionaliza ote daiteke sufrimendua, ulertu, eta lotara lasai joan? Kale itsuko paretaren aurreko galderak dira.

Urte bukaerak gori utzi du gatazka giroa: 18/98 auziko espetxeratzeak, Gorka Lupiañezen tortura salaketa, Natividad Junkoren heriotza, PSEko egoitzaren aurkako atentatua Balmasedan, kale erasoak... Aurreikusitako egoeraren kronika, oraingo soka-tira parametroetan biziki gaiztotu daitekeena gainera. Balmasedakoa moduko atentatu baten ondorioak zeintzuk izango diren kalkulatzea ezin da samurra izan, eta beraz, ez dago argi negoziazio saio berriaren bila ETA noraino iristeko prest dagoen.

PSOE ere erruz astintzeko prest dagoela erakusten ari da, berdin dio horretarako zuzenbide estatuaren estoldetara behin eta berriz jaitsi behar bada; sarri pentsatu izan da beherago ezin dela jaitsi eta urtez urte baietz, jaitsi daitekeela erakutsi dute Estatuaren zerbitzari ugariek. Etakide gehiago atxilotu ahal dute, pertsona gehiago torturatu, kontzientzia presoen kopurua handitu, presoak gehiago estutu, ilegalizazioa astindu... askoz gehiago ahal da. Batez ere Espainiako elite eta herritarren gehiengoak onartzen badu, zeren onarpen maila bat barik ez litzateke posible soto ilunetara hainbestetan jaistea.

2008. urtea bizi dator zentzu askotan. Ilegalizazio doinuak indartsu datoz eta ez dirudi ANV-EAEk edo legez kanpoko ezker abertzaleak Espainiako martxoko hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik izango duenik. Bestetik, herritar asko dago kontsultarena nola bukatuko den ikusteko irrikitan. Eusko Jaurlaritzaren ekimenak oso tarte gutxi du halako biolentzia giro batean. Magiarik ez da hemen eta, erabakimenaren ikuspegitik, galdeketarenak ez du zentzu handirik halako gaiez erabakitzeko gutxieneko bake eta askatasun girorik ez dagoenean. Zapatero/Raxoi-Ibarretxe ekaineko akordiorik ezean, ez da samurra irudikatzea erabakitze bozketarik lehergailu, atxiloketa edota hildakoekin. Zerbait historikoa egiteko aukera du Ibarretxe lehendakariak, baina ez da erraza irudikatzea -EAren bultzada eta guzti- EAJ erronka bide horretan noraino joateko prest dagoen. Zerbait historikoa edo beste bat gehiago.

Martxoaren 9koa hauteskunde eguna izango da Euskal Herri osoan. Hegoaldean Espainiako Legebiltzarra hautatuko da eta Iparraldeak udalak eta Paueko Kontseilu Nagusiko zati bat. Madrilen, PPk edo PSOEk irabazi, biek agertu beharko dute Ibarretxeren galdeketarekiko jarrera argia. PPrena argi bide dago. Zapaterok errepikatuz gero, saio negoziatzaile berri baterako esperantza ez bide da guztiz itxita. Funtsean, erakutsi beharko du oraingo errepresioaren hautua PPri hauteskundeetan irabazteko estrategia zen edo politikak, aurreko legealdian saldu bezala, arazoak konpontzeko tresna gisa ere balio duen.
Nafarroan ere, PSOEk UPN gobernutik kanporatzeko esperantza zapuztu ondoren, herritarrek nola erantzuten duten ikustea interesgarria izango da, bereziki PSNko boto emaileen jarrerari dagokionez. Foru hauteskundeen arrakastaren ondoren, NaBairen erronka ere ez da txantxetakoa.

Eta hauteskunde kontuak ez dira hor bukatzen, urriko galdeketarena eta gero, Ibarretxe lehendakariaren ibilbide-orria betez gero bederen, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berriak deituko lirateke.