"Egunaren arabera euskaldunagoa edo australiarrago naiz"

  • Australian jaiotako euskalduna dela jakin dut. Neska gaztea eta Bermeoko euskara egiten duena. Aurkitu dut haren aztarna. Jo diot telefonoa, zehaztu dugu hitzordua. Australiako euskaldunen berri dakarren liburua aztertu dut elkarrizketa baino lehen: Azúcar amargo. Vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical. Okerreko liburua. Iparraldeko Queensland-era jo zuten euskaldunak dira bertan protagonista. Miren Goikoetxea, aldiz, hegoaldera, Sidneyra jo zuten euskaldun bakanen alaba da.
Miren Goikoetxea
Miren Goikoetxea Australian jaiotako euskaldunaZaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Miren Goikoetxea Gangoiti, australiarra, euskalduna!


Gure gurasoak 1965ean joan ziren Australiara bizitzen. Arrantzalea zen aita, Bermeokoa. Afrikan-eta ibiltzen zen arrantzan. Lau urte ezkonduta, eta amak esan omen zion: “Ez zaitut inoiz bere ikusten!”. Ordurako, amak ahizpa bat zeukan Australian bizitzen eta hark esan zien: “Hemen beharra dago. Gura badozue behar egin, etorri, dirua egiten da”. Garai hartan, bestalde, Australiako Gobernuak bazuen lege bat, kontratu moduko bat, kanpotik zihoazen senar-emazteentzat. Bisatuak eta gainerakoak ematen zizkien eta, ordainetan, bi urte egin behar zuen bikoteak Australian. “Proba egingo dogu!”, esan zuten gure gurasoek.

Horrela izan zen, beraz…


Bai. Lehenengo, fabrikan egin zuen behar gure aitak, Sidneyn. Morris autoa egiten zuten lantegian. Fabrika hartan eta bulegoak-eta garbitzen egin zuen behar aitak. Gure amak, denetako garbiketa lanak: etxeak, bulegoak…

Azúcar amargo liburuak Queensland-era joan ziren euskaldunen historia kontatzen du. Kanabera ebakitzen joan ziren eta nahiko kolonia handia osatu zuten. Sidneyra joan zirenen gainekorik ez dakit.


Australiako Gobernuak jendez bete gura izan zuen herri hura. Jendea behar zuen. Horregatik jarri zuten martxan bisatuen zera hori. Jende gaztea gura izan du, senar-emazteak, behar egiteko gogoa dutenak… Ez abokatu, mediku eta horrelakoak. Hala joan ziren nire gurasoak. Gure amak beti kontatzen du urte bi egon dela negarrez: Bermeoren falta, beraren aitte eta amatxoren falta!

Bermeotarrak Sidneyn.


Askorik ere ez daude. Hiru, lau, bost?, ezagutzen ditut nik, “Txoko” bueltan. Lekeitiar gehiago dagoela pentsatzen dut. Bilbotarrak ere gehiago…

“Txoko”, Gure Txoko-z ari zara, ala? Sidneyko euskal etxeaz…


Bai. Ehun pertsona inguru izango dira bertako sozio. Sidneyn ez daude horrenbeste euskaldun. Gure amak beti esaten zuen erdaldun lagun gehiago eduki dituztela. Lehenengo, gure gurasoak Paddington auzoan egon ziren bizitzen, jende pobrearen alderdian. Emigrante denak hantxe bizi ziren. Esate baterako, gurasoak kale jakin bateko 12. zenbakian egon ziren bizitzen. Bada, 14an sevillarrak bizi ziren, eta 16an gailegoak edo asturiarrak ziren, ez dakit. Hiru familiak bata bestearen atzean. Gurasoek ondoko horiek izan dituzte lagun handienak. Gaur egun, Paddington aberatsen lekua da. Beti pasatzen dena. Lehen, jende umila bizi zena, orain, aberatsena...

Gure Txokora joaten diren euskaldunetakoak zarete?


Bai. 1966koa dela pentsatzen dut Gure Txoko. Txiki-txikitatik joan izan gara bertara. Gabonak pasatzen; Gabon zaharra eta Urte Berria. Domekan-domekan, bertan. Urtean hiru bider edo egiten dute jaia han. Sidneyko Gure Txoko etxe txikitxoa da, solairu bikoa. Badauka frontoia ere eta pilota txapelketak egin izan dira. Baina orain ez, belaunaldi hori hil da, edo zaharrak dira eta ezin dute jokatu. Orain bestelako jendea dabil han. Sidneyra joaten diren euskaldunek, izan aldi baterako, beharrean, edo Australian ikusten, Txokotik buelta egiten dute; denek. Geraleku derrigorra da ia-ia. Pentsatzen dut euskarazko eskolak ere ematen dituztela. Ez dira ikasle asko, baina hamar bat edo bai. Nire neba ere bertara joaten da, astean baten edo. Akordatzen naiz, batean, dantza erakusten hasi ziren, eta nire ama ikasten hasi zen: dantza ikasten, 68 urterekin! Ondo pasatu zuen.

Dakidanez, aberri eguna ospatzen dute Sidneyko euskaldunek.


Sidneyn “Gernikako arbola” dago, Gernikako arbola ez bada ere. Baina hala esaten diote. Haren azpian egiten da aberri eguna. Olentzero datorrenean ere, hantxe barbakoa, eta umeak korruan…

Gernikako arbola Sidneyn. Horrelakorik egundo entzun gabe nengoen.


Bertako arbola bat da, handia, parke handi batean, Centennial Park-en. Gabonak baino apur bat lehenago egiten da jaia.

Australian jaioa zara. Euskalduntzat daukazu zeure burua, ala australiartzat?


Egunaren arabera. Batean euskaldunagoa, bestean australiarragoa. Pentsatzen dut australiarragoa topatzen dudala nire burua. Urte gehiago pasatu ditut bertan. Nahiz eta aitte-amak euskaldunak izan, Euskal Herria hau eta hori dela esan… bertan jaiokeran, eta bertan bizieran, australiarragoa naizela pentsatzen dut. Nire lagunak ikusi, australiarrak, eta esaten dut: “Ni ez naiz horrelakoa, ni diferentea naiz”. Ez dut topatzen kutxa bat non nire burua sartu. Hain australiarra ere ez naiz.

Identitate arazorik ez duzu…


Ez, nik lo trankil egiten dut! Kar, kar, kar… Badakit aita-amak nongoak diren, badakit aitita-amamak, osaba-izekoak, lehengusu-lehengusinak… nongoak diren. Bermeora sarri-sarri etorri naiz, udak bertan pasatu ditut –hiru edo lau urtetik behin–, fantastikoa topatzen dut, baina Australia diferentea da, hango bizimodua eta.

Euskaraz guk bezalaxe hitz egiten duen australiarra…


Hala gura izan dute gurasoek. Gure etxea “Bermeo Txiki” izan da. Etxean euskaraz egin dadin gura izan dute. Euskara izan da euren berba. Kultura, euskalduna. Aitak beti esan izan du: “Atetik barrura, euskaraz. Atetik kanpora, zuk gura dozuna”. Eta amak ere berdin. Neba eta biok ingelesez hasiz gero, aittak: “E!, etxean euskaraz! Kanpoan, gura dozuena!”. Eta horrelaxe ikasi dut. Nik euskaraz egiten dut, etxekoa. Euskara baino, bermeotarra egiten dut berba nik. Gure aitita –amaren aita– hil zenean, ni txikia nintzenean, amama Australiara etorri zen bizitzen. Gurekin bizi izan zen hil arte, eta harekin ere euskaraz egiten nuen. Gero, amama ere hil zen, Australian, baina atzera Bermeora ekarri zuten, enterratzera.

Australiar jaio eta hazia, gurasoekin ingelesa ez beste hizkuntza batean berba egiten zenuena… Nola hartzen zuten hori zure lagunek?


Total normala da hori han. Australian denak dira beste leku batzuetatik joandakoak. Nire koinata –nebaren andrea–, greziar jatorrikoa da; gurasoak greziarrak. Nire eskolako lagunak, denetakoak: bat libanoarra, beste bat italiarra, beste bat indiarra… Nahaste handia da. Nik berba bat egin dut etxean aita-amekin, baina nire lagunek ez diote horri batere inportantziarik eman, ze eurek ere beste berba bat egin izan dute etxean.

Horixe hizkuntza festa…


Problema berdina daukat nire umeekin oraintxe. Ingelesez egiten dut eurekin. Gizonak, gaztelaniaz. Turkian egon gara bizitzen eta han turkieraz egin izan diete. Guk jakin dugu etxean aita-amekin beti behar izan dugula euskaraz egin. Beti. Hori klaru izan da. Euren lagunekin, izan espainolak edo Hego Amerikakoak, gaztelaniaz. Gurasoekin euskaraz, euren lagunekin gaztelaniaz, eta gure lagunekin eta kalean, ingelesez…

Hizkuntza eta kultura ezberdinak bata bestearen ondoan bizi izan dituzu Sidneyn: ohiturak, jaiak, janariak…


Bai. Lagun indiarraren etxera joaten nintzen eta beti usaintxo hori, jatekoarena. Ez usain txarra, baina arraroa. Hark ere berdin esango zuen, gure etxean usain arraroa zegoela, bakailaoarena edo. Bakoitzaren etxean usain diferentea zegoen, bakoitzaren amak egiten zuen janariarena. Diote, Australian bizi direnen artean, laurdena kanpoan jaiotakoa dela. Emigrazio kontua da han nagusi.

Emigranteak zure gurasoak, emigrantea zure senarra. Katalana duzu.


Han ezagutu nuen. Bost-sei urte zeramatzan Australian beharrean, Espainiako enbaxadak Sidneyn duen merkataritza bulegoan. Gero, Sidneytik Bartzelonara etorri ginen, bertan bizitzeko esperantzan. Urtebete egon ginen han. Ondoren, “ezkondu egingo gara!” esan eta Bermeon ezkondu ginen. Handik hilabetera, Turkian geunden, Istanbulen, senarra hara bidali zuten eta, beharrean.

Sidney, Bartzelona, Istanbul… Gasteiz orain…


Eta gero ez dakigu! Lau hilabete egin ditugu hemen. Probatzen ari gara. Gu ez gara hemengoak, ez gara Gasteizkoak. Ez dakigu gustatuko zaigun, ez zaigun. Umeak pozik dabiltza, Mark eskolan eta Tomas haurtzaindegian, eta hori oso ona da. Gizonaren beharra berria da oraindik, hemen ez daukagu lagunik apenas, eta hor gabiltza. Gutxika-gutxika ohitzen ari gara, leku berriak ikusten, umeekin bertan zer egin litekeen ikasten… Artium-era joan, erakusketak ikusi, bertan margotu… Urtebetean probatu egingo dugu. Gustatzen bazaigu, berton erosiko dugu etxea. Baina gerokorik ez dakigu. Gainera, mugitzea gustatzen zaigu.

Sidney, Bartzelona.


Ez zen hainbesteko kontrasterik izan.

Sidney, Istanbul.


Beste planeta bat da. Jendea jator-jatorra izan da, hori bai. Ezagutu gabeko jendea, eta segidan esaten ziguten: “Etorri gure etxera afari jaten!”, “etorri gure etxera kafe bat hartzen!”. Nik, “Ez zaitut ezagutzen eta, nola joango naiz zure etxera?”. Lagun moduan, Turkian ezagutu dugu jenderik onena. Batzuetan larregi ere bazen. Han txoratuta daude umeekin. Gauzarik inportanteena umeak dira eurentzat. Bazoaz kaletik, zeure umearekin, eta jendea geratu eta: “Aizu, zergatik ez darama txapela zure umeak?”. “Eta zergatik eraman behar du, ba, 22 gradu daude eta!”. “Bai, baina haizea dabil, eta baliteke min egitea belarrian”. Horrela! Larregi kezkatzen dira. Azkenean, kasurik ere ez nien egiten. Aurrera segitu eta kito. Beste batean… nire ume biak zuri-zuriak dira, nire modukoak, eta zain guztiak ikusten zaizkie. Etorri da bat eta: “Zure umeak zirkulazio problema dauka”. Nik: “Mediku zara? Hile bi dauzka umeak eta zuri-zuria da. Zainak ikusten zaizkiola eta, zer gura duzu?”. Larregi sartzen dira besteren bizimoduan!

Turkian, beste hizkuntza bat: turkiera.


Apur bat ikasi nuen. Sei hilabete egon naiz ikasten. Han ezin izan nuen beharrik egin, legeak ez zidan uzten. Baina ingelesez eskolak ematen ibili nintzen, bost urteko umeei [begiak goratu ditu, puzka].

Zer esan nahi du keinu horrek?


Nik turkiera gehiago ikasi dut, umeek ingelesa baino!

Bost urte bizi izanak zarete zuek han.


Bai, bost urte nahiko da Istanbulen. Total polita da. Egun batzuk pasatzen joateko, polita. Gu bakarrik egon gara bertan. Umeak laguntza barik eduki ditugu. Bi amamak umeak jaio zirenean etorri ziren, besterik ez. Eta umeak beti nirekin, beti nirekin… Bada esaera bat: “Herriak hazten du umea”.

“Herriak hazten du umea”.


Esaera da ingelesezkoa: It takes a village to raise a child. Nik uste dut egia dela esaera hori. Nire lagunek ere, Bermeon, beti esaten dute umea trankil uzten dutela kalean, badakitela denek begiratuko dutela umea, ezagutzen zaituztela zu, eta ezagutzen dutela zure umea. Baina ezagutzen ez zaituzten herri batean, umeak beti amarekin. Hala esaten diete gure umeei, amitis dutela, ama-mina, beti daudelako nirekin. Normal! Aita egun osoan lanean, aitaita-amamarik, batere ez. Osaba-izekorik batere ez… Norekin egongo dira ba, amarekin ez bada?

Azkenak
5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan

Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


2025-03-03 | Ahotsa.info
Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskaldunen bersignifikazioaren aurka

Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


Eguneraketa berriak daude