Etxebarre Zuberoako herriaAllande Sokarros
Etxebarrera iristeko, Atharratzeko hegoaldeko irteeran kokatua den Trinketeko taberna alboan behera sartu behar da eta Onizegaineko zubi hertsi-hertsiaren gainetik Ühaitzandia ibaitxoaren beste alderat igaro. Frantsesez ‘Café du Trinquet’ emana den Trinketeko tabernari dagokionez, baten batek jakingo du Agosti Xaho, XIX. mendeko ezkertiar, abertzale aurrendari, idazle eta kazetari ospetsuaren jaiotetxea izan zela. Irakurtzeko nahikoa zaila den etxe aitzinaldeko plaka batek gogorarazten du hori. Tamalez baina, bere historiaren sustrai eta ibileretan erabat ukatua izan den –eta oraindik ere halaxe dagoen– Ipar Euskal Herrian, bakan batzuek bakarrik dakite zerbait Agosti Xahoren kontura. Hego Euskal Herrian jende nabarmen gehiagok jakiterik badu pertsonaia historiko guztiz garrantzizko horretaz.
Gogoeta horiek utzita, Etxebarrerako bidean Onizegaine eta Lexantzü herriak pasako ditugu, Atharratzetik sei kilometro baititugu egiteko bide txiki eta xarmagarri batean. Lexantzütik hiru bat kilometrora, bide kurutzune batean eskuin alderat joko dugu –lasai, bide seinaleak daude eta euskaraz ere, hain aspaldi ez bada…–, ezkerrerat hartuz geroz Ligi eta Atherei herrietara edota Larraine eta Santa Grazira joango ginatekeelarik. Bide kurutzune horretatik 300 bat metrora, beste bide sarda batekin egingo dugu topo, errota zahar bat badelarik ezkerreko aldean. Hortxe bertan utziko dugu gure ibilgailua, oinezko ibilbidea abiatzeko. “Etxebarreko üngürüa” –Etxebarreko itzulia, alegia– izena eman zaion ibilbide hori guztia tinda horiz seinalatuta dagoenez, galtzeko arriskurik ez liteke egon behar.
“Etxauak” eta hilarri borobilak
Oinez ibiltzeari ekiteko, eskuineko alderat eta gorantz bide gainean abiatuko gara, Etxebarre herriko etxe multzo nagusira bidean. Hori 300 bat metrotan dago. Ezkerreko alderat joko bagenu, kurutzune horretan bertan dauden bide seinaleek azaltzen diguten bezala “Etxauak” alderat joango ginateke. Zubereraz, eliza inguruko etxe multzo nagusitik –herri izena ematen ahal zaiona– aldenduta dauden etxeak dira etxauak. Izen hori tokatzen zaie etxe multzo bati zein etxe bakarti bati ere. Horko bizilagunei “etxautesak” deitzen zaie, kutsu latinoko atzizkia baliatuz.
Etxebarreko herria zeharkatuko dugu ibilbidean aurrera jarraitzeko. Aurretik –edo ibilbidea amaitu eta gero– ez litzateke hilerriari bisitatxo bat egin gabe geratu behar. Ezen, Etxebarre da hilarri borobil gehien topatzen den Zuberoako herria. Gaur egun 30 bat badaude, batzuk oso zaharrak ere, lapurretatan andana desagertu ondoren. Eliza oso-oso txikiari ere begiratu diezaiokegu, atea ez baita giltzatutakoa.
Lehen ministroaren opor leku
Herriko etxe multzo nagusiko ezker aldean azkenengoa da Jauregoitia zaharra. Ezkaratzeko ateburuari begiratzea ere komeni da, oso arraroa eta bakanetakoa baita. Etxe berritu baten pare-parean da, eta gaur egun ez du egoiliarrik. Jauregoitia eta Zabaleko borda izena duen beste etxe zaharberritu baten artean igarota, bide harriztatuan jarraituko dugu Etxebarreko eliza inguruari agur eginda. Zabaleko borda etxe txiki zaharberritua aipatzean, jakitekoa da horren jabe izan zirela 2007. urtean Frantziako lehen ministro bilakatu den François Fillon jaunaren gurasoak. Albiste nahiko harrigarri horren azalpena da Fillonen amona zuberotarra zela, Barkoxe herrikoa zehazki. François Fillon eta bere senideak urte luzetan oporretara etorri ziren Etxebarrera. Haatik, Etxebarren nahikoa arrakasta gutxi lortu du, 2007. urteko bozetan, Fillon lehen ministro izendatu duen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta haren UMP alderdi eskuindarrak.
Burdin mearen bidea
Etxebarreko eliza ondoko etxe multzotik aldentzen ari garela, argazki polita egiteko aukerarik izango dugu, herriaren atzean Lexantzümendi borobila daukagularik. Geu Etxebarremendiren hego-ekialdeko mazela luzeari jarraitzen dion bide harriztatuan lehenik eta arbel-bidean gero ibiliko gara. Arbelari “lapitza” deitzen zaio Zuberoan, eta herrialdeko hegats gehienak horrekin estalita daude. Arbelbidea dela esan dugu, baina xenda edo bidezidor hertsiei “kinta” izena ematen zaie zubereraz. Gure oinekin zapatzen dugun kinta hau, baina, mando-bide ere izan zen luzaz, bertatik, mando bizkarrez beraz, eramaten zelarik Etxebarreko burdin meazuloetatik irteten zen burdin mea. XIX. mendera arte lurretik kentzen zen burdin mea hori, Larraineko burdinoletara eramaten zuten mando bizkarrez, hizpide dugun ibilbide honen zati handi batean.
Bi gaztelu dituen herria
Lehen aipatu ditugun etxauetako baserrien gainaldetik garamatza bidezidorrak. Eliza inguruko etxe multzotik aldendu eta laster ere, ezker aldetik begi bistan izango dugun muino borobil bati arreta jarriko diogu. Etxebarren “Montarrei” izen bitxia eman dioten muino hori gaztelua zen, hots, etxebartarren aspaldiko arbasoek kanpotik zetozenen erasoetatik babesteko eratu zuten gotorlekua. Apurtxo bat gorago, hegoaldera eta zuhaitzez inguratuta, bada beste gaztelu bat, handiagoa hau. Gaur egun “Altabeko bordak” izenez ezagutua da gune hori. Ibilbide honetatik bueltan behera egingo dugularik, gainaldean igaroko gatzaizkio.
Anartean, gure bidezidorrak eraman gaitu gaur egun landetxe bilakatua den Ibarrenborda baserrira. Bitxi da baina, etxe hori Etxebarrekoa izanagatik, Altzai eta Arane herrien aldetik soilik dauka bertaratzeko biderik. Hortxe bisean-bisean ikusgai daukagun herria, aldiz, Lakarri da. Ibarrenborda etxea igaro eta berehala, ezker alderat jo behar dugu bide harriztatu batean gora. Horrek Beheitiborda etxe hondatuaren albotik pasaraziko gaitu eta aurrera jarraituz Arretalepoa baserri abandonatura iritsiko gara, ordu erdi batez. Lapitzean eginiko kinta hau oso polita da, mehaka hertsi baten gainetik garamatzala, urritzondoen hegalpean. Mehaka edo sakanaren beste aldean ageri den mendi gotortsu eta oihantsuak Erbexe du izena.
Bizeigaine eta Zalagaine
Sasi eta laparren artean ia desagertzen ari den Arretalepoa etxe gaixotik ehun bat metrora, arretaz ibili beharko dugu, sarda batean ezker alderat eta behera sartu beharko baitugu, “Etxebarreko üngürüa” ibilbideari jarraitzekotan. Eskuin alderat eta gorantz joango bagina Bosmendietara iritsiko ginateke, bi orduz. Bertatik ere Etxebarrerat jaisteko aukerarik izango genuke, baina txangoa lau orduz gutxienez luzatuko litzaiguke. Ezker eta behera harturik, aldiz, Erbexe errekara jaitsiko gara berehalaxe. Erreka hori oso txikia denez, beste alderat erraz pasatuko gara. Hemen kontuz ibili, seinale horiak ez baitira beti ondo ageri zuhaitzetatik eroritako hostoen pean ezkutatuak izanki. Erreka zeharkatu eta berehala, xenda ezker eta gorantz seko abiatzen da. Hori izango da gure ibilbide honen zati neketsuena, Erbexeko pagadiaren gora irtetzea nahiko aldapatsua baita. Une batez, burdin hesi batez inguratua den leize edo osin baten gainetik pasatzen da xenda.
Azken batean, Erbexe eta Bizeigaine mendien arteko lepo batera iritsiko gara, horrek nahikoa egoki emana izan zaion izena “Garategorena” daukalarik. Aski laster, zuhaitzen gerizapetik irtetzean, xenda seinalatuak Bizeigaine mendiaren gailurretik (828 metro) igarotzeko aukera emanen digu. Nekadura apur bat pairatzen badugu, paradarik bada ere pare-parean eta bazkalekuaren beste muturrean ageri den Obiagako bordara zuzen-zuzenean joateko, zeren eta ibilbide seinaleduna bertatik ere pasatzen baita. Obiagako bordatik aurrera lur-bide polit batek lagunduko gaitu Zalagaine mendiaren ekialdeko malda den bizkar luzera. Zalagaine da, bere 1.050 metrorekin, Etxebarreko gailurra.
Ikusmen zoragarriko jaitsiera
Obiagako bordatik datorren lur-bidearen bukaeran, Etxebarre eta Ligi-Athereitik Bosmendietara daraman bide harriztatuarekin egingo dugu topo, baina ez dugu hau baliatuko buelta egitean, bai ordea iraztorra eta otatze artean maldaren behera doan lur-bidea. Hemen kokatzen da ere Zalagaineko igoera, iraila oroko lehen larunbatean egiten den “Gailurretako rallya” auto-lasterketako probetatik bata. Etxebartarrek “zerra” deitzen dioten bizkar luze horretatik, ikusmira zoragarria gozatzeko aukerarik daukagu.
Zerrako lur-bidea Etxebarreko Alkornoa etxaldean bukatzen da eta hemendik behera 300 bat metrotan bide txiki batean ibiliko gara, Oilopipitako gaztainondo basoan, hiru etxe dauden lekura iristean, lur-bide batera berriz sartu arte. Horrek bizpahiru ehun metroren buru, gure txangoaren abiapuntura eramango gaitu, bospasei ordu behartu dizkigun ibilbide guztiz gozagarri bati amaiera emanda.