EHNEko idazkari nagusia izateak markatu ei zuen Maite Aristegi: “EHNE sindikatuan iritzi guztietako baserritarrak gaude, anitza da. Guztion irizpidea ordezkatu behar duzu. Zeregin horretan malgutasuna landu nuen eta asko ikasi” esan digu. Lamaño-Etxeberrin ari gara berbetan. Bere ingurumaria azpiegitura berriek orbainez josia ageri da, eguzkia lainoa urratu nahian ari dela. AHTk zabalduko duen kremailera irudikatu dugu lipar batez: “Ingurua zeharo txikituko du AHTk. Bailara estua da eta hainbat baserrietako lurrak zatituko ditu. Angiozar auzoan txikizioa erabatekoa izango da, imajinaezina. Proiektua txikitzailea dela diogu horregatik”.
Azpiegitura hauek gabe ere, aurrera egiteko nahiko lan bide dauka nekazaritzak. EHNE une ahulean ikusten du gainera: “Europako birmoldaketa politikak era ezkorrean eragin du sindikatuan. Krisian gaude, baserria nola sindikatua, berritu beharrean. Indarrak batu behar ditugu erronkei sendo eusteko. Gipuzkoako Kongresuaren atarian gaude. Sindikatua indartsua ateratzea espero dut Euskal Herri osoan berpiz dadin. Nekazaritza une oso zailak pasatzen ari da, hondoa jotzear gaude baserritarrok”.
Baserritarraren senari jarraikiz, lan eta lan, zuk aurrera beti ere. Herrigintzan ere halaxe.
Saiatzen naiz ingurukoen ikuspegiak aztertzen eta neure pentsaera izaten. Ezagutu ditudan ekimen guztietatik ekarpenak jaso ditut. Gure herrian trintxera asko dago tamalez. Horiek hausten eta bestaldean dagoenaren ikuspegia hartzen saiatu behar dugu.
Zaila nork bere printzipioei eustea hala ere. Zein dira zureak?
Ni independentista naiz. Euskal Herria bere buruaren jabe nahi dut. Horretarako bidea jorratu eta herriari zer nahi duen galdetu behar zaio. Lurraldetasunaren gaia ere tarteko dela. Zaila dela kontzientea naiz, egun batean ezin dela hori ebatzi, denbora behar dela jakitun naiz, baina horretarako aukerak zabalik izan behar dira. Zubiak eraikitzen joan behar dugu. Zubigile lan horretan kokatzen dut nire burua. Pertsona guztien eskubideen defentsak batu behar gaituela pentsatzen dut era berean, pertsonari nahiz herritarroi dagozkigun eskubideak.
18/98 auziaren epaia hizpide: 52 epaituetatik 47 zigortuta daude. Ustekaberik hartu al duzu?
Hain inuzenteak ez gara. Prozesua helburu politiko batekin jarri zen martxan: Euskal Herria askearen alde lan sozio-politikoa egiten duten sektoreak zigortu nahi zituzten ezker abertzalearen eremu zabala deusezteko: jendea beldurtuz, baztertuz eta hautsiz... Makro-sumarioak helburu politikoak zituela jakinda, egoera politikoak ere eragingo zuela kontzienteak ginen. Egia da, zitekeen epai txarrena izan da, inork ez zuen hain txarrik espero. Fiskalak berak eskatua baino zigor handiagoak ezarri zaizkie. 600 urteko zigorrak ikaragarriak dira. Epaiketak aurreikuspen eta muga guztiak gainditu ditu.
Auzitegi Nazionala ageri da berriz ere.
Auzitegi hau zigortzeko baita, ez justizia egiteko. Ezin da epaiketa izan denik esan, zirkutik hurbilago izan da auzitegitik baino. Epaiketari zelofan juridikoa ezarri diote, inork ez du zigortzeko frogarik ikusi. Pertsona hauek zigortzeko itxurakeria antolatu dute.
Garzon epailearen teoria indartu da.
Bere teoria errotu da: dena ETA da, “entorno” delakoan edonor izan daiteke ETAkoa, berak jakin gabe ere. Argudioak hain dira burugabeak eta euskarririk gabekoak... ez dutela nondik heldu. Auzia ilustratzeko erabilitako argudioak hankaz gora bota dituzte defentsako abokatuek. Finean mendekuaren politika erabili dute, ez dago justiziarik errebantxa baizik. Zuzenbide estatuak herritarra defendatzeko behar luke. Irailaren edo martxoaren 11ko auzietan, estatua sarraskiak burutu zituztenen eskubideak defendatzen saiatu da. Kasuon ez da horrelakorik izan, epaituek ez dute babes hori izan.
“Prebarikazioa” hitza ere erabili duzue epaia ezagutzerakoan.
Frogarik gabe zigortu baitute. Abokatuak epaia aztertzen ari dira eta helegiteak jarriko dituzte.
Udalbiltza, AABB, Egunkaria, Batasunaren sumarioak zabalik daude. Nola ikusten duzu geroa?
Kezka izugarriarekin. Epai honek bide bat markatu du. Auzitegi Nazionalak eta inguruko botere politikoek bide beretik jarraituko dutela ematen du. Hori da gure kezka eta lan talde bezala planteatzen zaigun galdera da: zer egin behar dugu orain? Orain arte zigortuen defentsa sostengatzen saiatu gara, babes batzuk lortu ditugu. Ez nahi genituen bezainbat. Ez dagoenak, berak jakinen du zergatik ez dagoen. Lan egiten eta erantzuten segitzea beharrezkoa ikusten ditut.
Auzipetuek lanuztera eta manifestatzera deitu zuten epaia ezagutu aurretik. Nola ikusi duzu erantzuna?
Nik gehiago espero nuen. Hainbeste urtetan lan egin ondoren, egoera hain larri baten ondoren, pauso tinkoagoa emateko kapaz ez izateak pena eman dit. Halako muga estuetan gabiltza, alderdiak eta instituzioak estu dabiltza, eragile bakoitzak dituen mugak dira, aipatu trintxerak hor daude. Malgutasunez eta zabaltasunez jokatzen ikasi behar dugu, beldurrik gabe. Alderdi eta eragile politikoak beldur gehiegiz mugitzen dira. Oso itxita daude.
Zirkuluaren edo zaldiko-maldikoaren egoera errepikatu dela dirudi. Hau ikusita dugu jada.
Zoritxarrez egoerak eta prozesuak errepikatzen ari dira. Ezintasunean geratzen ari garelako herri ekimenek gero eta garrantzitsuagoak izan behar dute, ordea. Alderdien eta eragileen arteko mugak gainditu behar ditugu, zubiak eraiki eta bideak zabaldu. Ideologia edo alderdi batean kokatuak izan arren, bakoitzak aske izan behar du eskua luzatzeko eta beste ekimen batean aritzeko.
Eusko Jaurlaritzatik gehiago espero al zenuten?
Bai. Auziari gogo gehiagoz helduko ziola uste genuen, bigarren mailan aritu da. Gehiago egin behar luke.
Joseba Azkarraga izan da Jaurlaritzaren bozeramale kasuan, ez Miren Azkarate... Zer deritzozu?
Horren adibidea izan daiteke.
Bilboko prentsaurrekoan alderdi eta eragileek egoeraren diagnosi bateratua egiten dutela dirudi, baina egoera sendotzeko errezetarik ez dute.
Prentsaurrekoan eragile politikoei deia egin genien, hau ez dela auzi juridikoa politikoa baizik esan genien. Auziaren helburua politikoa dela, horren lekuko epaia, gordina. Norbanakoen eskubideen une beltzean gaude eta hau politikoki konpondu behar da, beraz politikariek heldu diezaiotela zezenari adarretatik.
Batasunak EAJren eta NaBairen aurkako kritikak egin ditu auzia hizpide.
Zaila zait 18/98 + taldeko kide bezala ezer esatea. Guk erantzuna irmotu behar dela diogu eta diskurtsotik ekintzetara pasa. Diagnositik egoera gaixo hau sendatuko duen errezetara pasa behar dugula. Une honetan daukagun arriskurik handiena apatia dela adierazi diegu alderdiei. Lan taldearen ibilbidean ere azaldu dugu hori, ezin dugu bestaldera begiratu: apatiak eta neutro izateak ez dute balio. Eskubide batzuk badaude eta ez dira errespetatzen. Eskubide horiek asko kosta zaigu lortzea eta bermatzen ez diren bitartean denok gaude hankamotz eta besamotz. Politikariek, diagnosian bat datozenek, beren esku daukate mugitzea. Badakit zailtasunak dituztela baina elkartu behar dute.
Konstituzionalistek epaia demokraziaren justiziaren araberakoa dela diote.
Konstituzioa onartzen duenak badaki Konstituzioaren hainbat artikulu hankaz gora bota dituztela epaiketa honetan. Konstituzioa sutara bota dute. Ez dute berau errespetatu.
Horietako batzuk kritikoak dira
epaiarekin, edo hala diote. Epaia ETA dagoelako gertatzen dela diote halaber. ETA existitzeari egotzi diote epaia.
ETA hor izanda ere, ezin da argudio hori erabili. Ezin da ekintza baten aurka joateko beste zigor bat erabili. Mendeku politika sistema penaletik atera behar da. Une honetan zigor sistema mendekuan oinarrituta dago. Hori izugarrikeria da.
Egoerak lainopean segitzen du, eguzkiaren argia nondik atera zain gabiltza.
Naturaren izotz beltza ezagutu dugu aste hauetan. Ikusten ez den izotz beltza, gure eskubideen eta askatasunaren gainean izotz beltza erori da, eta momentu larria eta gordina da. Enfrentamendua eta konfrontazioa bizi-bizirik daude, indarrean, eta gainera epaiketaren emaitza hau. Latza da. Uneon kosta egiten da argi izpiak ikustea, goxotasun hori edukitzea, baina elkartasun moduko mezu bat helarazi nahi dugu. Zigortuak izan direnei hasteko. Hoztasun horretan elkartu behar dugula goxotasun pixka bat emateko. Laino artean bada ere, herriak babestuta eta elkartuta, politikariek erantzun bat eman behar diote egoerari.