argia.eus
INPRIMATU
Argi gorriak itzaltzen
  • Amsterdam, 1275eko urriaren 27a. Herbeheretako kostako arrantzale herrixka horretako biztanleek bidesaririk ez ordaintzeko eskubidea lortu zuten eta, horregatik, hori hartzen da hiriaren fundazio datatzat. Berez, 1300ean lortu zituen hiri eskubideak. 1323an Willem III.a kondeak garagardoaren salerosketarako erraztasunak eman zizkien eta, haren oinordeko Willem IV.ak pribilegio gehiago eman ondoren, Amsterdam Liga Hanseatikoarekin harremanetan hasi eta Holandako merkataritza gune nagusia bilakatu zen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko urtarrilaren 03a
Amsterdam
Amsterdan Herbereetako hiria
“Marinelak eta merkatariak non, prostituzioa han” legea betez, jarduera horrek berehala hartu zuen indarra portu inguruetan, Erdi Aroko harresien barruan. Urte horietan, XX. mendean gertatuko zenaren aurrekari, hiriko agintariek kudeatzen zuten gaur Damstraat izena duen kaleko prostituten jarduna.

XVI. mendean holandarren eta Espainiako Felipe II.aren arteko gatazka hasi zen, eta 80 urteko gerraren ostean, independentzia lortu zuten Herbehereek. Orduan iritsi zen loraldi ekonomikoa eta XVII.a Amsterdamen Urrezko Mendea izan zen. Europako merkataritza portu nagusia bihurtu zen eta bertako burtsa izan zen eguneroko jarduera izaten lehena. Ordurako legez kanpokoa izan arren, prostituzioa ere egunetik egunera hazten ari zen. Garai hartan sortu ziren prostituten erakusleiho ezagunak, bezeroak etxeko leihotik edo atetik erakartzeko ohitura zaharra sistematizatzea erabaki zutenean.

1911n prostituzioa legezko bihurtu zen Herbeheretan eta apurka, Amsterdameko auzo zaharrena, bertakoek De Wallen (harresiak) esaten diotena, Auzo Gorri edo Argi Gorrien Distritu bihurtu zen kanpotarrentzat. Aktibitate ekonomiko berrietara egokitzeko malgutasuna erakutsiz, prostituzioak ongi-etorri beroa egin zien bisitari berriei, turistei. Gaur, Amsterdameko auzorik zaharreneko erakusleiho multzoa hiriko gune turistiko bisitatuena da, Van Gogh museoaren eta kanaletan dabiltzan ontzien aurretik.

Hala ere, legalizazioak ia 100 urtetan ez du lortu legez kanpoko jarduerak desagerrarazterik. Alderantziz, Amsterdameko De Wallen auzoa prostituzio eta droga trafiko ilegalaren gune garrantzitsu bihurtu da. Hori dela eta, Amsterdameko Udalak hamar urteko plan bat aurkeztu berri du. Horren arabera, 2018. urtean ez da ia prostituten erakusleihorik izango Auzo Gorrian. Herbeheretako beste hamabi hiritan erakusleihoek bere horretan eutsiko diote, eta Herbeheretan nahiz hortik kanpo ezkutuko prostituzioaren arazoak konpontzeko hamar urteko plana baino gehiago beharko da.