I am Legend filma
Egunen joan-etorriak etsigarria behar du izan protagonistarentzat. Ikuslea behintzat hala sentitzen da batzuetan. New York bezalako hiri erraldoia hutsik ikustea nahikoa ez balitz, filmaren erritmo geldoak, elkarrizketarik ezak eta gaueko eszenek etsipen hori are sakonago transmititzen dute. Baina jada esan dugu. Batzuetan lortzen du hori. I Am Legend aspergarri samarra izatera hel daiteke, akziozko eszenek, susto bat edo beste oparitu dezaketen tentsio uneek, Bob Marleyri egindako omenalditxoak –Nevilleren talde kuttunena da– eta New Yorkeko irudi bitxiek ikuslearen arreta berreskuratzea lortzen duten arren.
I am Legend filma Richard Mathesonek 1954an idatzitako izen bereko eleberria du oinarri. Egokitzapen libre samarra da, hala ere. Liburuko istorioa 1970eko Los Angeles (AEB) hirian kokaturik dago. Robert Neville da protagonista, baina beste Robert Neville bat. Nobelako protagonista lur jota dago, eta alkohola du ihesbide. Ez da ez zientzialari ez militar –birusa nola borrokatu bere kabuz ikasten du–, eta egun argiz banpiroak harrapatzen ditu. Filmeko Robert Nevillek, berriz, egunez ez ditu banpiroak ehizatzen. Eta ketchup potetxoak bai, baina alkoholdun edaririk ez du bere etxean.
Filmak, gainera, salbatzaile moduan aurkezten du protagonista. Heroia da. Giza arrazaren biziraupena bermatzeko bere burua sakrifikatzeko gai da. Nobelak, bestalde, ongiaren eta gaizkiaren inguruko zalantza moralak planteatzen ditu. Protagonistak bizirik irautea du xede, ez ‘salbatzaile’ bihurtzea. Horregatik, bukaera ere desberdina da bi kasuetan. Paperezko Neville hura banpiroek akabatu zuten. Pantailako Nevillek amaiera duinagoa –yankeeagoa– du.
Baleko filma, entretenigarria, eta puntu. Sarreragatik 6 eurotik gora ordaindu behar baduzue aurrez ongi pentsatu.