Bada, sei urtez garuneko funtzioak aztertzen aritu ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat ospitaletan diharduten profesionalek lan taldea osatu zuten. Nicholas Schiff doktorearen zuzendaritzapean, terapia berria probatu zuten garuneko gaixotasunak dituzten eriak tratatzeko: elektrodoak erabiltzea, hain zuzen ere. Eta sei hilabetez aldizkako deskarga elektrikoak eman zizkioten 38 urteko gaixoari. Garunean eman zizkioten zuzenean, berriro ere haren neurona-sareak aktibatu eta martxan jartzea lortu zuten arte.
Orain arte Parkinson gaitza zutenekin erabili ohi zen teknika hori, arrakastatsu gainera, baina sekula ere ez zitzaien ezarri egoera begetatiboan zeuden gaixoei. Lortutako emaitzarekin pozik daude medikuak. Hala ere, argi utzi dute tratamendu berri hori kasu gehiagotan erabili nahi bada, asko ikertu beharko dela oraindik.
Schiff-ek eta haren taldeak burututako prozesua Nature aldizkari ospetsuak jaso zuen orain dela hilabete batzuk. Tratatutako pertsona berriro ere hitz egiteko eta bere kasa jateko gai izan da, baina oraindik ez ditu berreskuratu traumatismo kranioentzefalikoa izan aurretik zituen gaitasun eta ahalmen guzti-guztiak. Hala ere, familia pozak zoratzen dago lortutako aurrerapausoekin, duela hilabete gutxi erabat ezinezkoa iruditzen zitzaien bizi-kalitatea erdietsi baitu gaixoak, sei urte luzez ia ezertarako gai ez zela egon ondoren.