argia.eus
INPRIMATU
Banku eta politikarien irabaziak
Juan Mari Arregi 2007ko abenduaren 19a
Krisi ekonomikoa edo nolabaiteko dezelerazio ekonomikoa dagoela esaten dute. Premia biziko ondasunen prezioek igotzen jarraitzen dute. Euriborra ere etengabe doa gora eta horrek hipotekei eragiten die. Soldatak ordea, mantendu egiten dira eta gehienez ere aurreikusitako inflazioa adina igoko dira datorren urtean. Gero eta gehiago dira hilean 800 euro baino gutxiago irabazten dutenak. Hala ere, badirudi banku eta agintariei ez diela horrek guztiak eragiten. Espainiako Estatuko Bankuak 14.141 milioi euro garbi irabazi ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan –bi bilioi pezeta baino gehiago!–, aurreko urteko garai berean baino %20 gehiago. Lau urtetan, eta urtarrila eta iraila arteko tartea hartuta, Bankuaren etekinak %117 hazi dira. 2004. urtean 6.500 milioi euro irabazi zituen eta aurten berriz, 14.141.

Bankuetako lehendakariak –milioi askoko soldatak dituzten berak– eta euren ikerketa sailak dira hori ikusita ere langileen soldatak eutsi eta neurtzeko eskatzen dutenak. Gainera, gero beraien etekinerako erabiltzen dituzten enpresen lehiakortasuna argudiatzen dute horretarako lotsagabeki. Bestalde, EAEko parlamentarioek oinarrizko errenta ez dute igo nahi lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) baino %1 gehiago –gaur egun LGSaren %88an dago, 502 eurotan, alegia–. Baina euren soldatak, lehendik ere txikiak ez, eta ezkutuan, %5,88 eta %6,24 artean igotzen dituzte. Krisia ordain dezatela besteek: langileek, pentsiodunek, alargunek, txiroek, etorkinek…